Garia eta artoa berbaz
Holan ebilzan seguru, gari-artook. Egia artez esateko, biak be ondo jatorkuz baserrirako, gaur mizkatuta sarritan jan gura ezik egoten gara baina!. 'Mizkeria lan gaizto' dinosku esakereak, eta begiratu gaur zer ekarri dauen munduak, artorik jan gura be ez eta ogia dandarrez hortik zehar edozein lekutan! Non ete dagoz behearen ganeko ogi zatiak hartu, aitearen egin, mun emon eta jaten genduzan hareek egunak! Hau bai dala izatekoa, mundurik erdia ogia be jan gura ezik eta beste erdia ha iruntsiko leukeala. Nora ailegau behar dogun munduko endredu honetan!
Manu Etxebarria,
Euskal Filologian doktorea, idazlea eta irakaslea
Behinola, garia eta artoa nahinon ereiten ziranean, jakina, gariak ez ei eukan gauza onik bere burutxu hori altzau beharraren altzau beharraz, eta badinotso artoari garagarrileko egun sargoritsu baten:
- Hi, hemen labrantza guztitik neu nok bedarrik onena ze, begiratu eik, neuri eskerrak jan egiten jok jan honek jente honek. Horretarako begitu eik zer egiten daben: lehenengo, soloko bedarrak udelandu, gero era dan tresnaz lurra arakatu, zokil-mokilak haustu eta dana prest-prest itzi ereintzarako. Gero, hazitarako itxitako galgarauak hartu, bota urez betetako zin batera, galgarau tximelak apartau, beratu orduan ura kendu, kareagaz nahastau eta solora. Behin solora ezkero, ereiten hasi orduko, azatzak iminten jeustezak nondik erein jakiteko, eta ba hantxe izten najoek harik eta erne arteraino.
Erne orduan, mokil-hausteko ezin leikek atxurrik sartu, eta horregaitino txilindroaz egiten jeustiezak atzeraurrera batzuk ahal dala itaurreko barik zein ernaroa alperrik galdu zapal-zapal eginda. Gero, ba, han najagok solo gehienetan ogitarako, baina beste solo batzuetan galberderako be bai, ganaduak berdean jateko-eta.
Maiatz ingururazkero burua egiten jatak, eta bagilean, segun goizetikoa edo belukoa, helduaz najoak. Heldu orduan ebagi egiten najoek udako bero-beroan, batzuetan igitaiaz eta beste batzuetan kodaineaz. Gero zoruan, galondoan, zabal-zabal egin eta, solo arloa ebagi ondorik, sartu uretan aurreko urtean jotako galtzupolla batzuk beratuteko eta horreekaz egiten joezak estukinak, eta eskutak egiten hasi eskuz joteko badok, eta makina-trilladoreagaz izan ezkero, karga handiagoak, besartea betekoak.
Behin eskutak egin orduan, mutxurioak egiten hasten jatazak, buruak gorantz dirala, eta handik lasterrera edo igoal hurrengo egunean, metatu egiten najoek.
San Inazio aurretik ahal dala, holako egun bero baten, izerdi lamatan paretako moduko egun sargoritsuan, zabaldu barriro gari-metok eta gari-joten hasten jatazak eskutok garanduteko. Horretarako, hartzen joezak harri-losak eta azpian tronko, mokor edo beste harri bat aurberan imini eta gero gari-joteari eragon, batzuk karreetan eta beste batzuk joten. Gariok jo orduan, lehenago artzaz airean, geroago galbaeaz edo eskuzko makinaz eta orain trilladoreagaz be garbitu egiten najoek. Gero zer? Ba, banandu galgaraua, anegaka zakuetara, galtzua edo ahotza kamara edo tejamanara, galhautsa kortara, ganaduei azpiak egiteko, eta galondoan lurra betean deslai lotu diran galburuak oiloentzako.
Eta orain jatok onena, horreekaz anega gariokaz, urterako ogia egiten jeustiek. Hartu zorroka eta errotara eroan. Han eio eta eralgi. Urun eralgibikoaz ogiak egin eta birzahidunagaz tremesa, gaur ogi integrala deritxona. Eta ogiak, ez bat, askozaz gehiago. Azpian zabaldu gari-uruna, bota gatzura eta lebadurea, igurdi ondo, zatiak egin eta ondo jagiten itzi, jagi bi badira hobeto. Gero horregaz ogi nagusiak egin asterako, edo pamitxak, edo pazkoetan morrokotak zein mokotsak, edo momenturako talo jagiak. Hau guzti hau laban, asteroko labasuan. Zer deritxok?
Artoak ezin eban agoantau gehiago, eta berak be bere burua gitxiagotzat ez eukanez, badinotso:
- Hi, hik hau eta hori eta bestea dinostak, baina ni nagoan lekuan be ez jagok goserik gero! Eta ezpabere begiratu eik ia labasuen hire aurretik nor doan laba barrura. Ba neu, eta ganera neuk tenpletan deuat hiri labea eta ondo gozo jaten najoek urdai erreagaz eta gauetan artozopan, eta. . . Eta ez hori bakarrik, hire galtzua zein ahotza latzak dozak biak be, eta galhautsa zertan esanik be ez, baina nire garbea eta kanila ganeko jaki gozoa ganaduentzat. Ganera, artaburuak heldu, zuritu eta hareekaz kapaxakaz a zelako lastamarrak egiten dabezan gero lo egiteko, eta besterik ezean erretzaileentzat zigarrogintzarako be bai, zer pentsetan dok ba?
Nik neuk be ganeko artaburua jeukeat, eta nire buru ederrekoa jaten hasi baino lehenago labigerra egiten jeustiek, eta gero errotara eroan urun ona atarateko. Errotaria be zuhur egoten zoan, eta nire labigerreko arto-urunetik hire gari-urunetik baino pitantza handiagoa gordeten joan beretzat eio alde. Gero ganeko arto, opil, talo eta morokil gozoak egiten joezan nigaz, aditu dok?
Eta ganera oilo eta txarrientzat be banok jakia, eta gero a zelako arrautza eta txarriki gozoak jaten joezan. Bueno, berba baten esanda, hi heu beste edo hi baino gehiago nok, eta kittu!
Eta, ba, pasau euskuezan diskutiok, ezbaiok eta trebituok, eta artoa ixildu jakonean, badinotso gariak:
-Hi, entzun eidak, txikia eta merroa nazela zein ez nazela, baina maiatzean buru izaten nok eta niretzat neuretzat galtzua edo ahotza baino buru ona eukitea dok beharragoa, eta hori banok, eta hire lasto lerden eta kankailoak ez jeustak ikararik egiten. Horraitino, esan be egitea hori ganorabakokeria hori!