Bizkaiko txirrindularitzearen kontaketa laburra
Garaipen historia luzea
Hasikerako urte honeetan txirrindularirik ezagunena Vicente Blanco izan zan. Metaleko enpresa baten egiten eban behar gizon honek eta bertan izandako ezbeharren baten eraginez erretirau zan. Beharra itxi eta orduan hasi zan txirrindularitzan Blanco. Baina bitxiena zera da, lanean egoala burdin batek hanka biak zulatu eutsozala eta horregaitik erretirau zala. Gauzak holan, gizona herrenka ebilen eta horregaitik Vicente Blancoren ezizen edo goitizena “El Cojo” izan zan, hau da, “Herrena”. Baina halan da be, sasoiko txirrindularirik onenetarikoa izan zan Blanco eta Frantzia aldean be ibili zan bilbotarra.
Urteak aurrera joan ahala eta Bilboko Txirrindulari Alkarteak egindako lanari esker batez be, txirrindularitzarako zaletasuna gero eta handiagoa egin zan eta txirrindulari gehiago agertu ziran; berbarako, 1930eko hamarkadea hasi barria zala, Francisco Cepeda aitatu behar dogu Bizkaiko txirrindularitzan. Hain etorkizun ona eukan bizikleta zale hau bost urte geroago hil zan, Frantziako Tourrean parte hartzen egoala. Kontua da ze, mendian behera joiala, jausi eta bertan geratu zala bizkaitarra. Batzuen ustez, errua beste txinrrindulari batena izan zan, baina hori ez zan inoiz argitu. Cepedaren sasoikoa da Federico Ezkerra txirrindulari handia be. Hainbat lasteketa irabazi ebazan Ezkerrak bere bizitzan, horreen artean Niza-Canneseko etapea 1936an, Espainiako Txapelketea 1940an edota Hiru Herrialdeetako Lasterketa, azken hau birritan ganera, 1931an eta 1940an.
Ezkerra bere onenean zala agertu zan errepideetan belaunaldi barri bat; esanguratsuena Dalmacio Langarika dogu beharbada. Honek be irabazi ebazan lasterketa batzuk, horren artean, Espainiako Itzulian lortutakoa da garrantzitsuena, baina batez be txirrindulari taldeko zuzendari moduan egin zan ospetsu, Bahamontesek Tourra lortu ebanean 1959an.
Bilbon ez eze, txirrindularitzeak Bizkaiko beste inguru batzuetan be izan eban indarra eta horren erakusle hurrengo urteetan Club Ciclista San Salvador del Valle, (1957an jaiotakoa) S.C. Munguia, S. C Duranguesa, S. C. Amorebieta, Santutxu, Balmasedana eta beste hainbat alkarteren sorrerea izango litzateke.
1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara arte, euskal eta bizkaiko txirrindularitzeak izen ia bakarra dauka: Jesus Loroño, “Larrabetzuko lehoia”. Benetan bere sasoiko irabazlea izan zan, eta Bahamontes espainiarragaz batera, izar handiak izan ziran. Askorentzako bera izan da gure lurralde honek emon dauan txirrindularirik onena. Bere garaipenen artean, 1953an etapea eta Mendiko sailkapena Frantziako Tourrean, 1957ko Espainiako Itzulia edo urte berean irabazitako Kataluiniako Itzulia.
Amaitzeko, Patxi Gabikagogeaskoa “Gabika”ren aitamena egin behar dogu. Beharbada bere izakereagaitik ez zan horrenbeste hurreratu zaleakana eta ahaztuta geratu zan kostaldeko txirrindularia, nahiz eta bere garaipenak itzelak izan: Espainiako Itzulia, 1966an irabazitakoa, Udabarriko Saria edo Tourrean eta Italiako Giroan egindako lasterketa politak.
Hau guztia batzuentzako nahiko ezaguna bazan be, hemetik aurrera etorriko ziranak askoz be ezagunagoak dira. Julian Gorospe eta Marino Lejarreta edo alderantziz, Marino Lejarreta eta Julian Gorospe, eta azkenik, Euskal Herriak emon dauan txirrindularirik nagusiena, Miguel Indurain naparra.
Ikusi beharko aurten garaipen historia luze hau handitu eta laranjaz margozteko aukerea dogun.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Zubeldia edo Mayo; Iban edo Haimar. Egunotan kinielak dira nagusi. Tourra hasita dago eta danon ahotan ez dago besterik bizikleta kontua baino. Indurain genduan euskaldunok txapeldun ikaragarria, eta orain haren erreleboa nork hartuko ete dauan da galderea. Hurrengo lerroetan ba, eta Tourraren atxakia hartuta, bizkaitarrak errobera bien gainean egindakoaren barri emoten ahaleginduko gara.
Bizkaian bizikletearen inguruan zeozer esaterik badago, hori Sociedad Ciclista Bilbaina edo Bilboko Txirrindulari Alkarteari esker da. Mendeurrena bete dauan alkarte honek lehenengo unetik ekin eutson txirrindularitzea bultzatzeari, horretarako lehenik eta behin lasterketak antolatzeko ardurea hartuz.
Txindularitzarako zaletasuna gero eta handiagoa zala eta, Athletic Futbol Club edo Alkarteak be txirrindulari taldea sortzea erabagi eban 1924an. Taldea sortzeaz gan, lasterketen antolatzailea be izan zan futbol taldea gainera. Holan, Gran Premio Vizcaya deitutako lasterketea antolatu eben bilboko futbolariek jaio eta euren bizitzako lehenengo hiru urteetan, hau da, 1925etik 1927ra. Halan eta guztiz be, lehenengo urteetatik lehia haundia egoan txirrindularitzearen eta futbolaren artean zale gehiago nork lortuko. Dana dala, lehiaketa “sanoa” zala esan geinke ze Trapagaraneko Txirrindulari Alkartearen jaiotzan laguntzeko asmoz, Bilboko futbol taldeak doban jokatu ebazan partiduak. Txirrindularitzeak be zale asko lortu ebazan eta kirol honetarako zaletasunak oraindino gaur egun be jarraitzen dau.