Txutxu-mutxuan  III. urtea // 65. zenbakia

Dan-dana Louis Vuitton baten truke


Kontsumo gizartea

Gaztetxuen prostituzinoa Japonian ganerako herrialde industrializatuetan dagoanaren antzekoa da: kontsumo gizartearen ondorioa da eta ez pobreziarena. Matsuda-ren moduko adituek uste dabe arazoaren iturburua Japoniako gizartearen muturreko kontsumismoan dagoala, 80 eta 90eko hamarkadetan lortutako oparotasun handiaren emoitza legez.

Edozelan be, gaur egungo finantza krisialdia gorabehera, arazoaren urtenbidea ez dago hur. “Beharbada, Japoniako kulturan pederastiarako jokera handiagoa dago” aitatu dau Matsuda-k. “Arazo hau 13 eta 14 urteko nesken esparrura zabaltzen hasi ete dan bildur naz”.

Sakelako telefonoa tresna ezin hobea

Internet-en gero eta ugariagoak dira neskatila honeen ganeko web guneak. Telefono kabinetan be iragarkiak alkarren ganean pilatzen dira, sakelako telefonoaren zenbaki bat, bihotz bat eta letra giltzarri bat eta guzti: ingeleseko “hot” berbearen H letra ezaguna. Zalantzak argitzeko aholkularitza zerbitzuak be eskatzen dira: “17 urte daukadaz eta laguntza hartu-emonak euki gura dodaz mediku bategaz. Zer gomendatzen deustazu?” irakurri daiteke mezu horreetariko baten.

Moda-modako Prada eta Louis Vuitton-en lokalen barruan, uniformea jantzitako neskatilek hurrengo gutizia aztertu eta esku-dirutan pagetan dabe 40.000 yen inguruko produkturen bat (285 euro).

Inkesten datuak

Asiako Fondoak 1997an institutuko 600 ikasleri egindako inkesta baten arabera, 15etik 18 urtera bitarteko neska gaztetxuen % 5ek onartu eben gizonezkoakaz zitau zirala diru truke eta horreetariko % 2,3k sexu hartu-emonak euki ebezan. Gaur egungo datu zehatzik ez badago be, aditu guztiek dinoe jokera horrek gora egin dauala.

1999an 20tik 60 urtera bitarteko 1.400 gizoni egindako beste inkesta batek jakinarazo eban horreetariko % 12,5ek gitxienez behin erosi ebezala prostituta baten zerbitzuak eta % 0,3k edade txikiko bategaz hartu-emonak eukiteko pagau eben. Gizonezkoen % 18,7k gazteen prostituzinoaren kontra ez eukiela “ezer edo ezer gitxi” adierazo eben.

Begiluzea

Japoniako maila erdiko gaztetxu batzuk prostituitzen hasi dira markako arropea erosi ahal izateko. Kafe bat onartzen hasi eta ohean amaitzen dabe. Japoniako gizonezkoen ia % 20k onartzen dabe jokabide hori.

Ikasleak atzerriko prostitutak batzen diran auzo gorrietatik asago egon ohi dira. Dana dala, Japonian ez dira hain bitxiak laguntza hartu-emonak, hau da, edade txikiko neskatilakaz diru truke izaten diran sexu hartu-emonak. Ohiko prostituzinotik bereizten dauan ibilbidea guztiz bestelakoa da: neskatilak gizonakaz alkartzen dira kafe bana hartzeko. Gonbidatuak izaten dira. Beste egun baten, zinera joan eta eskutik oratzen deutsie alkarri. Sarritan ez dabe fase hau gainditzen, baina beste batzuek aurrera egiten dabe. Orduan, musuak onartu eta azkenean pagautako sexu hartu-emonak eukiten amaituko dabe.

Tokioko beste alde baten, Akihabara-ko auzo elektronikoan, egunez ikastetxeko uniformea jantzitako lau neskatilek kaletik zehar dabilzan gizonezkoei emoten deutseez “jai pribatu” baterako gonbidapenak. Gazte-gazteak dira eta etxura kastu eta garbikoak.

Eskuz egindako papelean ikuskizun handi baten estreinaldia iragarten dabe, striptease baterako proposamen fina eginez: “Azkenean uniformea eta guzti erantziko dogu. Ez galdu aukerea!”. Prezioa ez da lar karua, 2.000 yen inguru (15 euro), baina 50 ikusle bertaratzen badira Japoniako gazteen guraririk nagusienetariko bat eskuratu ahal izango dabe: Lousi Vuitton-en zorro bat.

“Markako poltsa baten truke, neska honeek gizonezko ezezagun bategaz sexu hartu-emonak eukiteko gauza dira” aitatu dau Mizuho Matsuda-k, Asiako Fondoko umeen prostituzinoaren kontrako kanpainako arduradunak. “Jakin badakie bide errez-erreza dana guraria asetzeko”.

Ikasle gazteek mueta eta itxura guztietako gizonezkoei banantzen deutseez gonbidapenak. Handik hur, beste neskatila batek bere irudiak saltzen dauz; horreetariko batzuetan bikinia jantzita dauka eta beste batzuetan uniformea.