Bertsotan  III. urtea // 65. zenbakia

Gatikako Bernarda


Jarraian ikus daitekezan bertsoek ez dabe azalpenik behar; hartu eta dzanga barrura!

GATIKAKO BERNARDA

1
Munduko gauzak zelan
igaroten diren
esateko asmue
hartu dot lehenbailehen;
behar eztiren gauzak
agertutearren
Pedro Iturburuko
berbaz dago hemen.

2
Ezkontzeko asmue
hartute egon naz
Don Pedro abadean
arrebatxuegaz;
eurek etorri ziran
errekaduegaz
buztertuko baginan
biok alkarregaz.

3
Beti neukan esaten
neba abadea:
«zure begira dago
Bernarda gurea,
berak gure dabena
da labradorea,
gustetan jaku zeure
propiedadea.»

4
Baina ezteuste itxi
gure izan bakean
eurekana begire
imini artean;
tranpea egoteko
abade-etzean,
eztakit ba gaur nogaz
fieu leitikean.

5
Euren gura izan da
zaratak atara,
ia inor helduten
bada zaratara;
nik adituten neban
puntu horretara,
uste badeude bere
tontoak ezkara.

6
Etxat inoz ahaztuko,
abade maitea,
San Juan eguneko
baserri-ikustea;
han konformatu ginan
bata ta bestea,
eginik gelditu zan
gure ezkontzea.

7
Abadea heldu zan
ganaduekana,
honek behar zirela
egin erdibana;
honetan zurtu ziran
aita eta ama,
ikusi eudelako
larregie zana.

8
Ederto portau ziran
aita eta ama,
gauza egokie zan
hemen egin zana;
honeek agindu euden
behietan onena,
bost behien artean bat
eurek nahi dabena.

9
Hau da aitak ta amak
agindu eudena,
guretzat izateko
behietan onena;
ikusirik gehiago
emoten etzana,
abadeak agindu
eban bigarrena.

10
Tratue holan dago
eginte ilbindu,
trespunte ona orain
egingo bagendu;
orratzari firue
ezkeio zuzendu,
Bernardari ein jakoz
begiek ilundu.

11
Pauso asko ezin lei
horreri fiaute,
satorran jenioak
dagoz ikisite;
hemen ibili dire
musturke-musturke,
atzerantz egin deude
baztarrak nastaute.

12
Agur ba Bernardita,
ama eta neba,
bakotxa beranagaz
geldituten gara;
askok adituegaz
zeuri zaratara,
ni kontentu naz behintzat,
zeu halan bazara!

13
Orain enoa eiten
zarata gehiago,
egiek esanagaz
deskantzuen nago;
barrue hutzitu dot
lehenago-lehenago,
etorri Pedrogana
guzurrik badago.

Bertso honeek Iñaki Gaminderen URDULIZ INGERU BERBAK ETA BIZIMODU izeneko liburutik atarata dagoz, baina hemen ez dagoz danak, eta baten bat egokituta dago, bertso-sortea kantagarriago egiteko.

Xabier Paia

Uda partean, zer egongo da freskagarriagorik ez bada bertso-sorta gustagarriren bat? Hain zuzen be, inprimidu eta hondartzara eroan dagizuen, edota aire girotuaren parean pantailatik leidu dagizuen, GATIKAKO BERNARDAren bertso-sortea dakartzuegu, beste behin be, Joseba Santxo sarriegitako laguntzailearen eskutik.

Pentsetan dot badakizuela Joseba nor dan, baina ezezkorik egon ezkero hortik, sartu bilaketa laukian bere izena eta bertan topauko dozuez bere ekarpenak, BERTSOTAN atalean.