Kepa Lizarraga: 'kirolarien mugea euren buruetan dago'
Kepa Lizarraga, medikua, kirol-medikuntzan aditua
Goi mailako kirolarien artean oso garrantzitsua izan da beti medikuaren kontrola, baina urte batzuetatik hona, medikuaren lana nahitaezkoa bilakatu da, dirua tarteko, emoitzak, tituluak, lehiaketak ia-ia derrigor irabazi behar dituen kirolarien artean. Presinoa sekulakoa da, eta jakina, psikologoaren beharra be ez da ahaztu behar. Kepa Lizarraga medikuak ondokoak kontau deuskuz.
1. Medikuntzan espezialidade asko dagoz, baina zuk zeuk kirol-medikuntzearena aukeratu zenduan. Zergaitik?
Ni neu medikua baino lehenago kirolaria izan nintzan. Espezialidade askotan ibilitakoa naz, ia danetan erdipurdi eta kilin-kolan, baina goitibera jaitsieretan destakau neban, eta holan, ba, derrigorra zan kirol-medikuntzea aukeratzea; ganera, Ganguren Mendi Taldean botikinaren ardurea neurea zan eta, dinotsudan legez, kirol-medikua izateko erabagia ia-ia berez etorri jatan.
2. Kirol medikuntzearen arloan, zelako aldaketak ikusi dozuz azkeneko urteotan, teknika, baliabide eta prestigioari jagokenez?
Aldaketa piloa eta handiak izan dira. Nire eskarmentuari jagokonez, 1983tik hona, pentsaizu aldaketak zelakoak izan diran; berbarako, sasoi horretan, medikuntza tradizionalean erabilten ziran tresna eta tramankuluak baino ez geunkazan eskura, eta gaur egun, ostera, kirol-medikuntzarako berenberegi asmautako materiala dago: gu hasi ginanean, pulsometroak laborategietan baino ez ziran erabilten eta gaur, barriz, edozeinek dauka berea; horrezaz ganera, orain urte batzuk pentsauezinak baziran be, gaur bideo grabazino digitalak egiteko modua dogu, keinu baten abiadurea neurtzeko ultrasoinuetako pistolak...; prestigioaren arloan, gorabehera handiak izan dira: 80. hamarkadearen hasikeran indarra hartzen joan zan, batez be, Bartzelonako Joko Olinpikoetara arte, eta ganera, enplegu asko sortuko zirala be pentsau zan sasoi haretan; horrenbesterako ez zan izan eta, esandako moduan, 92tik aurrera giroa asko baretu zan, eta orain urte batzuk kirol-medikuntzeak bere momenturik txarrenak bizi izan ditu: eskandaluak, doping kontrolak, iruzurrak...
3. Azaldu eiguzu kirol-mediku baten lana zelakoa dan
Egitekoak asko dira. Kirol-medikuntzearen barruan medikuntza tradizionalean beste espezialidade dagoz; kirol-medikuak sarritan etxeko medikuaren beharra egiten dau, eta askotan espezialisten eretxia jaso behar izaten dau; kirol-medikuok kirolaren kontzeptu orokorra darabilgu, eta maila apalean alde psikologikoa be landu geinke, traumatologiagaz edo biomekanikeagaz batera. Gero, jakina, kirol-medikuen artean, goi errendimentuan zein oinarriko kirolaren mailan behar egiten daben medikuak dagoz, eta laborategian zein kanpoan behar egiten dabenak; ni neu garagarrilean zehar Pirineoetako zeharkaldia egingo daben mendizaleen mediku lanetan ibiliko naz.
4. Kasu batzuetan urtero pare bat errebisino edo araketa egitea nahikoa izan daiteke, baina elite mailako kirolarien artean, sarri-sarri egingo dabez bisitak medikura...
Holan da. Elite mailako kirolariei araketa sakonak egiten deutseguz, eta denporaldian zehar, kasu batzuetan, hilero birritan; kirolaria bere mugatik gertu dagoanean, marka personaletan segundoak, zentimetroak edo metroak jatea ez da gauza erraza izaten eta araketak nahitaezkoak izaten dira; dana dala, kirol jarduereari barik, personeari egiten deutsagu jaramon gehiago: alkarregaz entrenau arren, bakotxak bere ezaugarriak eta gaitasuna izango ditualako. Lehiaketa jarduera apaleko lagunen kasuan, nahikoa izan daiteke araketa bakarra urtean, eta kasu horreetan osasuna izango da garrantzitsuena.
5. Arraunlariak, korrikalariak, txirrindulariak, mendizaleak...kirol espezialidade guztietako lagunak aztertu dozuz. Zeintzuk izaten dira medikuagana bisita gehien egiten dabenak?
Medikuagana bisita gehien egiten dabenak zeintzuk diran esatea ez da hain erraza, baina gitxien egiten dabenak, duda barik, mendizaleak dira, alde batetik, normalean norgehiagokarik ez dabelako izaten eta, bestetik, mendizaleen jarduera fisikoa ez dalako hain gogorra izaten. Zorionez, mendizaleak mundu anarkoagoan bizi dira eta askatasun handiagoagaz jokatzen dabe, publizidadea eta helburu zehatzak tartean ez dagozanean behintzat. Arraunlarien, korrikalarien eta txirrindularien kasuan, denporaldian zehar lehiaketa ugari izaten dabez, eta normala dan legez, bisita gehiago egiten dabe.
6. Medikuaren lanak, portzentaje edo ehunekotan, zelako eragina izan leikie kirolariaren jardueran?
Itaun gatxa benetan. Gitxi gorabehera zeozer esatea be oso arriskutsua da. Lehen be esan dot kirol-medikuok personea hartzen dogula kontuan; arrazoi jakinik barik, kirolari batzuek ezelako laguntzino barik sekulako emoitzak lortu dabez eta, batzuetan, teorian behintzat, okerreko gauzak eginez ganera; beste kirolari batzuek, ostera, eten bako aholku edo laguntzinoak behar izaten dabez aurrera egiteko; gogoan daukat kasu bat: txirrindularitzan eta ezinduen mailan, kirolari bat sarritan jausten zan triziklotik eta laborategian ez genduan horretarako arrazoirik ikusten; kontua da ze entrenamentu saio batera beragaz joatea erabagi genduala, eta atoan konturatu ginan, koordinazino arazoak izanda, zentzunezkoena kanbioak ohiko lekuan barik eskuak eroiazan lekuan behar zituala; izan be, pinoia aldatzeko eskua eskulekutik kentzen ebanean jausten zan gehienetan. Tontakeria emoten dau, baina hortik aurrera askozaz erosoago ibili zan kirolaria, eta jakina, ez zan lehengo moduan hain sarri jausten; kasu horretan, ba, kirol-medikuaren lanak ehunekotan berba eginda, eragin handia izan eban kirolariaren jardueran.
7. Kiroletan errekor barriak sarri ezartzen dira eta gaur egun antxina pentsauezinak ziran markak doguz indarrean. Non dago kirolarien mugea?
Beti esaten da mugatik oso gertu gagozala, baina benetako mugea kasuan kasuko ezagutzek dakarre, mugea geure buruetan dago-eta; atletismoan, abiaduran esaterako, gaur egungo markak ezinezkoak ziran orain urte batzuk, eta laster 100 metro egiteko 9 segundu baino gehiago behar dituan kirolaria txarra izan daiteke. Zergaitik? Personearen prestazinoetan, entrenetako moduetan, aldaketak izan diralako, koordinazinoan eta keinuaren analisian azterketak egin diralako eta materialean be gauzak asko hobetu diralako: pisua, aerodinamikea, zapatilak...; halan da be, urte batzuk barru beharbada barre egingo dogu gaurko materialak ikusita; bestalde, ez dogu genetikearen gaia aitatu, baina gaur egungo klonazinoak eta esperimentuak ikusita bildurra be sentiduten dogu.
8. Kirolariak eurak nahikoa metodikoak, arraroak eta askotan superstiziosoak izaten dira eta bakotxak bere trukoak edo ohiturak eukiten dabez, baina seguruenik alde fisikorako baino gehiago alde psikologikorako balioko dabe horreek. Zuzen gabilz?
Bai horixe. Ez dot ezagutzen kirolaririk amuleto, kutunik edo ohitura berezirik ez daukanik, eta gauza bera elite mailako kirolarien artean be. Pelotari batzuek sakea egin aurretik pausu bi egiten dabez, beste batzuk, ostera, eskua gorputzeko leku jakin batera eroaten dabe sakea egin baino lehenago, eta arnasa sakon hartzen daben pelotariak be badagoz; txirrindularien kasuan, bizikletearen koadroan medaila bat daroan bat be ezagutzen dot, eta horretarako ez dago arrazoi berezirik. Nik uste dot danok erabilten doguzala era horretako kontuak, batez be mugatik gertu gagozanean eta indar barik geratzen garanean, kanpoko laguntzinoa behar izaten dogulako.
9. Alde fisikoa lantzeko ariketa egitea derrigorra da, baina edozer jatea be ez da gomendagarria izango, ezta?
Jatekoak berebiziko garrantzia dauka; pentsaizu makinen kasuan legez, errendimentuaren gaiari jagokonez, erregaia edo jatekoa hil ala bizikoak dirala. Elikadura arloan egiten doguzan hutsak lehiaketetan igarten dira gero, ezelako zalantza barik. Askotan, kirolariei jatekoaren ganeko galderak egiten deutseguzanean, elikagai garbiak jaten dituela erantzuten deuskue, baina, jakina, zehatz aztertu behar izaten da elikadurearen gaia, kirolari bakotxak garbi jatearen kontzeptu desbardina dauka-eta. Herri kirolari batek, test gisako galdeketan, alkoholdun edaririk ez ebala edaten esan euskun, baina halako batean harrapau genduan tabernan txikiteoan, eta orduan onartu euskun, ba, tira, apurren bat edaten ebala, eta errepaso zehatza egiten hasi ginanean, larregi edaten ebala ikusi genduan.
10. Kirolari prototipo edo eredutzat hartzen dogu persona argala, altua eta gihartsua, baina kilo gehiegigaz be ikusten doguz futbol jokalari eta txirrindulari profesional batzuk. Kontrola eta entrenamentuak ez dira bardinak guztientzat?
Kirolaren estereotipoagaz jokatzea ez da zuzena. Iraupeneko kirolak eta burrukalariak ezin doguz maila berean jarri; ganera, kirol espezialidade baten barruan be, berbarako saskibaloian, pibotak alboko jokalariak baino pisu gehiagokoak izaten dira: pibotak bere posizinoa jagon behar dau eta arerioen aldetik jasoko dituan bultzakadak hobeto hartuko ditu gizentxuago egonda; albotik jokatzen dauenak, ostera, pisu gitxiago beharko dau korrikan errazago egiteko; ba, txirrindularitzan be bardin: eskalatzaileak eta esprinterrak gorpuzkera desbardinekoak dira.
11. Ezelako araketarik egin barik, morroi bat aurrez aurre ikusita, badago jakiterik kirolaria dan ala ez? Genetikeak badauka eraginik kirolean?
Morroi baten alde morfologikoa ikustea erraza da eta kirol espezialidade zehatz baterako balio leikela eta beste batzuetarako ez dauela balioko esan geinke, baina, lehenengo begirada horretan bakarrik oinarrituz, huts egiteko aukerak be asko izango dira; izan be, alde psikologikoa, erresistentzia, elastikotasuna eta beste ezaugarri batzuen ganean ez dogu informazinorik izango. Bestalde, genetikearena be aitatu dozu eta argi dago genetikeak eragin nabarmena daukana. Herrietan izaten dira holako kasu batzuk, berbarako, inoiz kirolaria izan ez dan personea, baina postura bat tartean dagoanean, sekulako trebezia edo indar erakustaldia egiten dauena; ba hori genetika kontua baino ez da.
12. Minutuko 40 taupada baino gitxiago izaten dabez goi mailako kirolariek. Geldialdian 60-70 taupada edo pulsazino dabezan lagunek arduratzeko arrazoiak izan leikiez?
Ez, argi eta garbi. Geldialdian 60-70 taupada normaltzat joten dogu kirolariak ez diranen artean, baina baita iraupenekoak ez diran kirolarien artean be; dana dala, hoba 60 taupaden inguruan ibiltea. Urteetan kirola egin dabenek eta oinarri genetiko ona dabenek 40 eta 30 taupada izatea be ez da arraroa, baina bai harrigarria; persona batzuen bihotzean taupada bat entzun eta bigarrena entzuteko segundo bi be pasetan dira, ia-ia kafea hartzen joateko astia dogu taupaden artean eta!. Edozelan be, muturrak ez dira inoiz onak izaten, eta osasuntsua eta arriskutsua dan mailearen artean ibiliko ginateke.
13. Kirol-medikua eta guk dakigula, kirolaria, txirrindularia eta mendizalea be bazara. Zeure burua ondo baino hobeto jagongo dozu zuk, jakina
'Esaten dabena egin eta ez, ostera, egiten dabena' dino esaera batek. Ni neu kirolari ohia naz, kirolari izandakoen taldekoa, eta lizentzia batzuk be hartzen dodaz lantzean behin, baina egia da osasunerako kaltegarriak diran gauzak eta jarrerak ondo ezagutzen dodazala, eta behar danean mugak ipinten dodazala; baina ardao ona aurrean jarri ezkero ezin uko egin edateari, basokadatxu bat baino ez bada be.
14. Persona sanoa izateko derrigor egin behar da kirola?
Nik baietz esango neuke. Dana dala, 'kirol' berbearen kontzeptua zabal erabiliko dogu; kirola barik ariketa fisikoa egitea da nire gomendioa. Guri hobeto jatorkun kirola edo ariketa mueta egokia topetea da kontua. Ez dogu ahaztu behar gizakiak mobimentua behar dauela, gizakia mobiduteko pentsauta dagoala, eta, bitxia bada be, teknologia barriek mobimentua galarazoten deuskue: edonora joateko kotxea, pisuak igoteko igogailua, bedarra ebagiteko makinea, motozerrea...; horreekaz guztiakaz, gorputza atrofietan goaz geldiro-geldiro, baina kontraesana be badago, ze zenbat eta ariketa gitxiago egin, orduan eta zaharrago hilten gara. Nire ustez, norberaren buruagaz ondo egoteko gorputza eta burua jagon behar dira, eta burua jagotea be oso garrantzitsua da, ze azken urteotan bakotxa bere munduan sartzen da, eta gurata edo gura barik, baztertuta bizi dan gero eta jente gehiago dago; ariketa fisikoa kanpoan egin ezkero, beste lagun batzuekaz kontaktuan egongo gara, eta alde horretatik be, positiboa izango litzateke.
15. Formula magikorik ez dago, baina sano edo osasuntsu biziteko hiru aholku emon beharko bazeunkez, zeintzuk izango litzatekez?
Alde batetik, norberak berari hobeto jatorkon kirola edo ariketea aukeratzea; bestetik, kirola presino barik egitea eta, ahal dala, lortu ezinezko helburuak baztertzea; azken buruan, kirol-medikua nazanez, dudak sortzen diranean teknikoei laguntzinoa eskatzea, arriskuak hartu barik.
Koldo Isusi Zuazo