Euskerea berbagai  III. urtea // 65. zenbakia

Euskal curriculuma eregiteko bidean


EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoak eskolako curriculumaren % 45ari berezko ezaugarriak erantsi ahal deutsiezala kontuan hartzen badogu, aspaldi egin beharreko lan sorta baten hasiera izan behar eban Garagorrik zuzendutako Euskal curriculuma. Kultur ibilbidea. Adituen ekarpena izeneko lanak, baina ez da holan pasau, eta aurtengo San Juan bezperan kaleratu da. Hiru atal nagusitan antolatutako hamar gai-moltsotan, hirurogeita hiru adituk, euskalduntasunaren begiez, jakintza-arlo desbardinetako berrogeita hamar gai jorratu dabez. Halan, lan mardula, garrantzi handiko mugarria ezarri da, duda barik.

Baina, lana hasi baino ez da egin, ze orain bakarka landutako gaiak osotasun batean aztertu eta gitxienekoak zehazteari ekin behar jako eta. Horren altzora, materialak ekoiztu eta argitaratu behar izango dira, irakasleak preparau eta hainbat kontu gehiago. Ganerako gizarte eremuetan be (komunikabideak, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, kultur ekoizpenak, e.a.) hausnarketea bultzatu eta noranzko berean zein ekarpen egin leikien prozesuak bultzatu beharko dira, Horrenbestez, protagonismo antzuak alboratuz, egitasmoa osorik garatu ahal izateko lankidetza giroa nagusitzeko eta aliantza estrategikoak gorpuzteko sasoia da oraingoa.

Erramun Osa

Hizkuntzak, bestelakorik adierazo arren, ez dira ideiak, nahiak eta esperientziak personen artean trukatzeko bitarteko soilak. Esandakoez ganera, hizkuntzak eurei loturiko kulturen erakusle eta adierazpen sinboliko be badira, halan da ze, hizkuntzak kultura horreen zati dira eta eurei, neurri handi edo txiki baten, komunikazinorako oinarri emoten deutse. Ez dago, orduan, kultur edukibako euskerarik, ez dago, azken baten, berbetak eta eurei loturiko kulturak bereizterik. Testuinguru horretan, Oteizak euskalduna izatea mundua ikusteko era bat dala idatzi eban eta euskalduna izatearen nortasun berezia oinarri kulturaletik ulertu behar dala, ze, haren eretxiz, estetikea da bereizten gaituana, eta horretan bi zutabe aitatu ebazan, neolito sasoiko harrespil hutsa eta hizkuntzea, euskerea.

Hain zuzen, Neolitiko Aroan eratutako hileta oroigarri diran jentilbaratzeak, apaltasunez, dotorezia eta handinahikeria barik unibersora beso zabalik zutarriz eratu ebezan berberak erabili ditu, besteak beste, Xabier Garagorrik, erromatarren sasoiko zirkulua edo koadrigek egin beharreko bueltea –hasikeran, curriculum berbeak esangura horixe eukan– irudikatzerakoan. Izan be, curriculum berbeak, gerora, ikasketen edukin edo programeari deitu ohi jako eta zuzendari izan dan lanak Ikastolek –1996an– egindako Batzarrean agertutako ardura bati erantzuteko gitxieneko oinarria ahalbidetu gura eban. Zeintzuk dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzea amaitzean, hamasei urteko gazteak euskal kultureari buruz –gitxienez–ezagutu behar dituan jazoerak eta kontzeptuak, egiten jakin behar dituan prozedurak eta bereganatu behar dituan balioak eta jarrerak? Eta horreen oinarri komuna beharko leukeena, euskal kultureari jagokonez, zer daukagu eta zer euki gura dogu –batez be– danok batera, gaur eta hemen bizi garan askotariko euskaldunok?

Izan be, kultur adierazpideari erreparetan badeutsagu, eskoletan, euskerea, historia, zientzia, musikea, eta bestelako jakintza arloetarako erabilten doguzan materialetara jo baino ez dogu, geure kultureak zelako presentzia urria euki dauan edo dauanean zein sistematizau barik dagoan ikusteko. Aztertu daiguzan, milaka erdaldun euskalduntzen diharduen euskaltegi sarearen curriculum proposamena eta testu mueta desbardinak garatzeko heldulekuak, baina, euskal kultureari buruz ezer gitxi dagoala ohartuko gara. Halan, zein da euskalduntzen ari garan belaunaldiaren kultur erreferentzia, ezpada, erderaz sortutakoa eta sortzen dana. Holako baldintzetan, geure hizkuntzea erabat indarbarritzea, garatzea eta iraunarazotea lortuko ete dogu? Geure hizkuntzeagazko atxikimendua jadetsiko ete dogu?