Mikel Zarrabeitia: 'goizetan bizikletan bueltatxua emotea da faltan gehien botaten dodana'
Orain 34 urte jaio zan AbadiƱon. Laster erakutsi eban kirolerako zaletasuna eta oso gazterik krossean hasi zan. Halan da be, aita txirrindu-zalea zan eta zelaiak korrika egin beharrean bizikletaz egitea proposatu eutson, baita Mikelek onartu be. Ziklokrossean, baina, ez eban emon denpora asko eta barriro be aitak bultzatuta, errepidera egin eban salto, eta handik, profesionaletara, orain hamahiru urte. Palmaresean, Espainiako Itzuliko 2. postua eta 2002ko Euskal Bizikletea nabarmenduko geunkez.
Ibilbide profesionala Seguros Anayaren eskutik hasi eban Zarrabeitiak. Gero, Baneston be korridu eban, denporaldi batez. Azken zazpi urteak ONCE taldean emon ditu, igaz txirrindularitzatik erretiretea erabagi eban arte. Bertan bizi izan ditu bere bizitzako momentu onenak eta txarrenak. Azken honeen artean, euki eban auto istripu gogorra dago. Kontu honeen eta zelan ez, pasarte zoriontsuen ganean berba egiteko alkartu gara txirrindulari bizkaitarragaz.
1.- Txirrinduralitza profesionalean hainbeste urte emon ostean, zerk eraginda hartu dozu erretiretako erabagia?
Batez be garriko lesinoak bultzatu eustan bizikletea ixteko erabagia hartzera. ONCE taldea desagertu zan eta beste talde bat sortzekotan egoan arren, ni ez nengoan segiduteko moduan, izan be, garria gero eta txarrago neukan. Azkenean, froga batzuk egin nebazan eta lesinoa garrantzitsua zala ikusita bizikletea ixtea erabagi neban. Neure burua segiduteko indarrakaz ikusten neban baina bizkarrezurreko lesinoa inportantea zan eta ezin neban aurrera segidu. Eskaintza batzuk be baneukazan baina azkenean ez onartzea erabagi neban, izan be, zertarako segidu arazoakaz ibilteko?
2.- Bizikletearen munduagaz, baina, ez dozu loturea galdu eta Euskal Bizikletearen antolatzaileetako bat zara. Zelan ikusten dira gauzak ‘atzetik’?
Lehenengo eta behin zehaztu gura dot ni oraindino ez nagoala Euskal Bizikletearen antolakuntza taldean. Aurtengo edizinoan laguntzino lanetan ibili naz, omenaldia be egin eustien eta. Datorren urtean be eurekaz segiduteko esperantzea daukat, izan be, asko jarraitzaileak izandakoak eta lagunak dira eta ondo konpontzen naz eurekaz. Oraingoz, lagun moduan ibiliko naz eurekaz.
Egia da karrerea oso desbardin ikusten dala alde batean edo bestean bazagoz, baina urte asko emon dodaz mundu honetan eta daborduko bi aldeak be ondo ezagutzen ditut. Halan da be, kotxean zoazela, karrerea desbardin ikusten da.
3.- Txirrindularitza profesionala itxi zenduanetik hona bizimodua goitik behera aldatu jatzu. Gaur egun, zelan bizikleta barik?
Bizimodua aldatu jat, bai. Bizikletea ez dot uikutu bere egiten, baina kirola egiten segiduten dot. Oinez edo ugerrean joaten naz, baina desbardina da. Lehen egun osoa emoten neban neure burua preparetan, entrenau, zaindu, janaria, lo, leku batetik bestera ibili... Orain dana goitik behera aldatu da. Etxean egoten naz umea jagoten, eta egia esan, nire denpora gehiena horretan emoten dot. Horregaitik, gustetan jatazan gauzak egiteko ia denporarik be ez dot eukiten.
4.- Euskal Herrian gero eta gehiago dira bizikleta ganean bizimodua ataratea erabagiten dabenak. Aurten, hain zuzen be, 71 txirrindulari profesional dagoz, eta euretarik 15 Frantziako Tourreko tropelean. Erreza da kirol honegaz arrakastea lortzea eta egoera ona urteetan mantentzea? Zein da sekretua?
Profesionaletan hainbeste txirrindulari egoteak ez dauka sekreturik. Kontua da hemen eta inguruetan talde ugari dagozala, Euskaltel eta Baque berbarako, eta horrek profesionaletara igoteko gauzak errazten deutsiez txirrindulari gazteei. Lehen, Espainiako taldeak bakarrik egozan eta aukerak gitxiago ziran.
Euskal Herriko txirrindularien maileak be eragina dauka profesionalen kopuruan, baita bertoko zaletasunak eta komunikabideen parte hartzeak be. Halan da be, jente asko igoten da profesionaletara eta behetik oso gogor joten etorten diran arren, lesinoren bat euki ezkero edo zortea ez badaukazu alde, taldeek gurago izaten dabe txirrindulari merkeak kontratau profesionalak baino, azken honeei gehiago pagau behar jake eta. Horregaitik, askok arazoak eukiten dabez gorengo maileari eusteko.
5.- Tourra hasibarri dago eta lasterketa gogorrena dala gauza jakina da. Ze ikuspuntu daukazue txirrindulariek karrerearen ganean?
Txirrindulari danek gura izaten dabe Frantziako Tourrera forma onean heldu eta bertan lan ona egitea. Izan be, Tourrean zeozer garrantzitsua egin ezkero, mundu osoan ikusten zaitue eta etapea garrantzitsua bada, oraindino gehiago. Tourrean lana ondo egiten dauan txirrindulariari atzetik etorriko jakoz taldeak kontratua eskaintzen. Beste karrera txikietan zeozer egin ezkero, ez dau hainbesteko oihartzunik eukiten.
Jentea ondo preparauta joaten da Tourrera, beharra ondo egiteko gogoagaz. Baina kontuz ibili behar da karrera honetan, izan be, istripu ugari egoten dira, batez be txirrindulariek daukien dana emon gura izaten dabelako kontratu on baten trukean.
6.- Izen asko aitatzen dira, Amstrong-en seigarrena, Mayo, Ulrich... Gauzak zelan datozen ikusita, zeintzuk dira zure faboritoak?
Tourra oso karrera polita da eta aurten Amstong-ek bere seigarrena irabazi leike. Euskaldunoi Euskaltelekoak geratzen jakuz, batez be Iban Mayo, eta nik lehenengo hiruren artean sailkatzeko moduan ikusten dot igorretarra. Hasikeran uste neban oraindino aurten oso goiz zala Mayok arrakastea lortzeko, baina oso gogor ikusi dot eta Amstrong arriskuan ipiniko daula uste dot.
Beste hainbat txirrindulari be gogor dagoz, Vinocurov eta Hamilton berbarako. Honeek danek Tour oso polita egingo dabe eta uste dot aurtengo txirrindulari danen mailea antzekoa dala eta honek lasterketeari emozinoa emongo deutso. Podiuma aurreratzea gatxa da, baina beste urteetan zelan ibili dan ikusita, Amstrong joko neuke irabazletzat. Hamilton eta Mayo oso gogor dagoz, Ullrich-egaz batera. Halan da be, lesinoak, erorketak eta zortea be kontuan hartu beharreko faktoreak dira.
7.- Doping-a puntako gaia da txirrindularitzan, eta askotan eskandalu ugari sortu ditu. Zer eretxi dozu zuk medikamentuak hartzeko dagoan jokereari?
Aregi itxi gura dot txirrindularitzea oso kontrolauta dagoala eta bakotxak bere taldeko medikua be badaukala. Batzutan bitaminak hartzea derrigorrezkoa da, eta normalean profesional danak ibilten dira zehaztutako limiteen barruan. Horregaitik, kontu honen ganean berba larregi egiten dala uste dot, txirrindularitzearen kalterako.
8.- Txirrindularien Nazinoarteko Ligea martxan ipinteko asmoa dago. Karrera batzuk liga horretatik kanpo geratuko dirala uste da, tartean Euskal Bizikletea. Zer eretxi dozu zuk horretaz?
Txarrerako dala uste dot, izan be, patrozinadore txikiek bertoko lasterketetako publizidaderako dirua ipinten dabe eta gonbidapenik ez badaukie taldearen aurrekontuek behera egingo dabe, azkenean taldea bera desagertu arte. Horrek profesional gitxiago egotea ekarriko dau, talde txikien kalterako beti be.
9.- Zer da txirrindularitza profesionaletik faltan gehien botaten dozuna? Eta, zer zan zure lanbidetik gitxien gustetan jatzuna?
Goizetan bizikletan bueltatxua emotea da faltan gehien botaten dodana, Mayogaz, Etxebarriagaz... Entrenetan pasetan genduzan momentu onak gogoratzen dodaz sarritan. Ganera, urte askotan batetik bestera ibili naz, eta orain batzutan etxea ganera jausten jat.
Faltan botaten ez dodana karrera batzutan bizi izandako arrisku momentuak dira, eta denpora txarragaz errepidera urten beharra be bai.
10.- Kirolari danek euki dabez euren ibilbide profesionalean lesinoren bat. Txirrinduaren ganean ibili ezkero, erorketak ia ezinbesteko kontua dira. Zenbat erorketa larri euki dozuz eta ze lesio ekarri deutsuez?
Txirrindulariok hiru edo lau erorketa izaten doguz urtean, eta hamahiru urte profesionaletan egin ostean, atara kontuak zenbat bider jausi nazan. Tourrean, behin, bide erdian egoan motor baten kontra jo eta jausi egin nintzan. Beste baten, Jaenen, eskua bizikletearen erroberean sartu eta erradioek atzamarra ebagi eustien.
Lesinorik txarrena lunboziatikea izan da. Nire karrera profesionala markau dau eta urte batzuk maila onean egin dodazan arren, osatu barik nago oraindino be. Auto-istripua be euki neban eta garriak txarrerantz jo ebala ikusita, operetea erabagi neban.
11.- Aurtengo Euskal Bizikletan zeu izan zara omendua. Ganera, igaz, zure herrian, AbadiƱon, omenaldi beroa egin eutsuen. Zer sentitzen dozu hainbeste jente zu goraipatzen ikusteak?
Eskertzekoa da holako zaletasuna eukitea eta jenteak beti tratau deust ondo. Gehiago emongo neutsiela uste izan dabe beti baina dagoena dago, eta ni pozik nago nire ibilbideagaz. Lesino asko euki dodaz, baina zorioneko momentu asko be igaro dodaz.
12.- Zein izan da zure bizitza profesionaleko momenturik zoriontsuena? Eta tristeena?
Ibilbide profesionalean, nire garaipenik handiena Espainiako Itzulian egindako bigarren postua izan da. Baina beste momentu on asko be bizi izan dodaz, berbarako, hainbeste denpora lesionauta egon ostean txirrindularitzea itxi behar nebala uste nebanean barriro be bizikletan ibilten hasteak poz handia emon eustan. Euskal Bizikleteak be leku berezia dauka momentu onenen artean.
Momenturik txarrenetarikoak, lesinoaz gan, orain lau urteko hareek dira, atzamarra behar ez neban lekuan sartu nebanean.
Irabazi dodazan lasterketa danak gogoratzen dodaz. Jubeniletan irabazi neban lehenengoa, Gernikan hain zuzen be. Profesionaletan, barriz, Errioxako Itzulian. Ilusino asko egin eustan, baita konfidantza asko emon be.
Azkenengo etapea Ordizian irabazi neban, baina irabaziko nebala argi ikusi arren, arduratuta nengoan, izan be, helmugea neuk bakarrik pasau neban arren, lasterketan jausi egin nintzan eta eskua apurtuta neukala pentsetan neban.
13.- Zer egiten dau Mikel Zarrabeitiak astegun goiz baten?
Umea zaintzen emoten dot ia egun osoa, paseoa emon, parkera joan... Jan ostean, andreagaz egoten naz. Arratsaldetan askotan konpromisoak eukiten dodaz, eta ugerrean eta basoan oinez be asko ibilten naz. Lehengo bizimoduagaz konparauta oso trankila da orain egiten dodana.
13.- Zer eskatzen deutsazu bihar-etziari?
Osasuna, semea ondo haztea, eta zelan ez, zoriontasuna.
Testua: Saioa Torre Gereketa
Argazkiak: Koldo Isusi Zuazo