Wilbur begår selvmord (Wilburrek bere burua hil dura dau)
"Ona izaten da beste bategaz alkartzea, bakarrik sentiduten bazara”. Berba honeen bitartez, Alice-k Wilbur-i gomendatzen deutso andragaia topetan hasi daiten, Lomen Scherfig-en filma daborduko oso aurreratuta dagoanean. Zuzendari daniarrak komediako ukutu dibertigarri eta burutsuak sartzen dauz benetako drama personal eta familiar honetan, ikuslea mehatxatzen dauan tragedia giroa oxigenau eta arinduz.
Komedia eta drama honetan maitasunaren eta heriotzearen ganean eta familiaren eta bakardadearen ganean egiten da berba. Kontakizunak baikortasunari oratu gura deutso, baina ez dau lortzen maitasuna behar daben personaiak hazurmamitzeko erabili dan sakoneko ezaugarri triste eta goibel horretatik jaregitea.
Beraz, existentziaren ganeko ikuspuntuak azalduko jakuz, bizitzearen zentzuna topau gura dabenak. Egia esan, personaia guztiek bizimodu gorabeheratsua daukie; guzti-guztiak maitasun bila dabilz, baina Harbour izango da baikortasun eta segurtasunari helduko deutson bakarra, iluntasunari urtenbide argitsua emongo deutson kontrapuntua, hatan be.
Bikoiztasun horretan dago filmaren handitasuna; izan be, pantaila aurrean ikusiko dozuena sano tristea izanagaitik be, irriñoetarako aukerea be azalduko da; absurdoan trentina topau ahal izango dozue, bizitzea bera be, sarritan holakoa izaten dalako, nahiko absurdoa.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Lone Scherfig.
- Herrialdeak: Danimarka, Erresuma Batua, Suedia eta Frantzia.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Jamie Sives (Wilbur), Adrian Rawlins (Harbour), Shirley Henderson (Alice), Lisa McKinlay (Mary), Mads Mikkelsen (Horst), Julia Davis (Moira), Susan Vidler (Sophie), Robert McIntosh (Taylor), Lorraine McIntosh (Ruby), Gordon Browm (Wayne).
- Gidoia: Lone Scherfig eta Anders Thomas Jensen.