The Mother
May (Anne Reid) uriaren kanpoaldean bizi dan andre heldu bat da. Seme-alabak ikusteko Londresera egindako bisitan gizona hilko jako; zahartzaroari iges egitearren, seme-alaben bizimodu zurrunbilotsuan sartu da gura barik be. May-ren bildurrik handiena gizartearentzako ikusezina dan eta heriotzeari itxarotea beste zereginik ez daukien edadeko andre bihurtzea da. Dan-dana aldatuko da Darren-egaz (Daniel Craig) maitemintzen danean; gizon hau askoz gazteagoa izateaz ganera, alabearen maitalea da eta semearen etxea konpontzen dabil.
Hoztasuna, sarritan, izan ohi da istorio bati oratzeko modu bakarra, batez be materiala lar gordina danean; horixe da pelikula honetan erabili dan girotze lana: hirugarren edadean guztiz deseroso sentiduten dan andre baten eta igeltsero bohemio eta gazte baten arteko maitasun istorio nahasgarri eta hotza. Bihotz apurtuen eremu honetan, maitasuna eta sexua dago. Pelikulako maitale biak euren bizitzako hutsuneak eta frustrazinoak estaltzen ahaleginduko dira urtenbide bako bide estu eta labankor baten sartuz.
Ganera, amaren eta seme-alaben arteko hartu-emon gatazkatsu eta korapilatsuak be agertuko dira, erruduntasun konplexuan oinarrituriko lotura kontrajarriak.
Filmak grinari eta pasioari agur esan behar deutson andre heldu bat aurkezten deusku, zahartzarora heltzeko preparauta ez dagoan persona baten kontraesanak. Seguru antzean, adimena eta edadea sekula ez datozelako bat. Amodio-tabuen zaleentzako egokia.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Roger Michell.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 112 minutu.
- Antzezleak: Anne Reid (May), Daniel Craig (Darren), Cathryn Bradshaw (Paula), Steven Mackintosh (Bobby), Anna Wilson-Jones (Helen), Oliver Ford Davies (Bruce), Peter Vaughan (Toots), Rosie Michell (Rosie), Danira Govich (umezaina), Carlo Kureishi (Jack), Sachin Kureishi (Jack).
- Gidoia: Hanif Kureishi.