Ortophonk, dantzarako prest
Ortophonk-ek Azkarateko “Garate” estudioan grabau dau lan barria. Hiru abesti barri eta beste 3 remix grabau dabez, eta “momentu honetan oso pozik gagoz egindako lanagaz. Taldean beste kide bat sartzeagaz be oso pozik gagoz, Venezuelako Leonel Ruiz musikaria tekladujole moduan hasi da taldean eta”.
Lan barri honetan gasteiztarrek euren soinuan izandako eboluzinoa igarri daiteke. Berbarako, “tres” izeneko gitarra kubatarra erabili dabe, doinuari ukutu latinoa emoteko asmoz.
Taldeak Euskal Herritik kanpo be joten dau, “Madrilen, Bartzelonan, Andaluzian, Kanariar Irletan edota Burdeosen bertan be egon gara joten. Gustauko jakun gehiagotan joatea kanpora, baina zazpi musikariz osoturiko talde bat mobiduteak kostu ekonomiko handiak daukaz. Egon garan leku danatan publikoari asko gustau jako gure musikea”.
Holan ba, Ortophonk-en kantuetan 70. hamarkadako musikearen eragina igarten da, jatorri afroamerikarreko doinuak estilo desbardinakaz itzel buztartuta. Jantzarako aukera ederra eskaintzen dauan talde fina eta elegantea dogu Ortophonk. Laster hasiko dira aurkezpen kontzertuakaz.
Gotzon Uribe
Ortophonk taldea orain urte batzuk Gasteizen sortu zan jantzarako erritmoak jentaurrean erakusteko. Soul, funk, doinu latinoak, jazz-a eta house doinuak buztartzen ditu bere abestietan, dantzarako dei egiten daben abestiak. Euskal Herriko hainbat talde eta artistagaz batera ibilitako musikariek osotzen dabe Ortophonk taldea.
Egunotan albiste ditugu, hain zuzen be, euren bigarren lana plazaratu dabelako, “3+3” titulupean. Beren lehen lanagaz arrakastea euki baeben, oraingoan disko hau eurek autoproduzidu dabe, ezelako konplejurik barik “benetan talde independientea gara; ez holan erabagi dogulako, baina oraindino disketxe barik, manager barik eta promotore barik segiduten dogu. Baina era berean jentea jantzan egiten animetako gogoagaz segiduten dogu, ondo pasetako gogoagaz eta baita disketxeren bat guri zuzentzeko gogoagaz be. Kontzertu gehiago emotea gurako geunke, eta ez daukagu traba komertzialik gure kantak sortu eta kantetako orduan”.