Euskaldunok munduan  III. urtea // 65. zenbakia

Argentina: uretako pizti zoragarriak


Mueta danetako pinguinoak ikusi doguz: txitak aitagaz edo amagaz, gazteak lumak aldatzen, zaharrak lumak aldatzen, gazteak gazteen koadriletan...; barregarria da pinguinoek daukien ibilkerea: harro-harro pasetan dira zure aurretik, kulunkaka. Uretara sartzeko itxundu eta laprast egiten dabe, eta uretan dabilzala olatuakaz batera joaten dira atzera eta aurrera. Gatxena uretatik urtetea egiten jake, olaturik txikerrenak be lurrera botaten dauz eta. Danetarik egiten ikusi doguz: azala txukuntzen, jaten, txitei jaten emoten, lotan, eguzkitan, etxunda, ibilten, uger egiten, uretara sartzen eta uretatik urtetan. Zoragarria da horrenbeste animalia euren bizimodua egiten ikustea, diran modukoak ikustea. Pingüino hilak be ikusi doguz. Dinoskuenez, normala ei da, izan be, pinguinoen bizilekua dan legez zaindariek ez dabe bertako ezer ukutzen.

Pinguinoen kolonia sano handia da, beharbada handiegia, baina pinguinoak beste leku baten bila be joan izan dira. Batzuk Valdes peninsulara joaten dira, kostaldetik hur arrantzaleak ibilten dira antxoen eta bestelako arrainen bila eta jateko gitxiago daukielako. Horregaitik urrunago joan behar dira jatekoaren bila, eta horrek beharbada be eragina dauka hildako pinguinoetan.

Valdes peninsulea sano garrantzitsua da munduko alderdi honetako animalia migratzaileentzat. Baleak, pinguinoak, itsas lehoiak eta itsas elefanteak hona etorten dira urtero ernaltzen, eta azala edo lumak aldatzen.

Itsas lehoiak be ikusi doguz, eta benetan ikusgarriak dira. Kolonia bat daukie hondartzan eta guk goitik ikusi doguz. Taldeak ar nagusi bat dauka, eta hainbat eme; ehun eme be euki leikez, eta danak estaltzen saiatzen da, ez da erreza izaten, baina ganerako arrak taldearen bazterrean ibilten dira emeak gainkatu guran. Itzelezko zaratea ataraten dabe, izan be, danak arrantzaka dabilz lotu barik. Surfa egitea be gustetan jake, eta olatuak hartzen dabez hondartzaraino. Beste batzuk, ostera, uragaz olgetan dabilz. Itsas elefanteak be ikusi doguz. Itzelak dira, handiak, erraldoiak. Azala aldatzen dabilzanez ez dabe ezer jaten, eta ia mobidu barik egoten dira hondartzan. Animaliak baino, arrokak emoten dabe; izan be, arrek zazpi tona inguru daukiez.

Hau izan da pizti basatiak euren erara ikusi dodazan lehenengo aldia. Eta berezia izan da. Lehenagotik zirkuetan eta zooetan ikusi izan dodaz, baina ez dauka zer ikusirik. Han ez dagoz euren bizilekuan, euren bizimodua egiten, eta gehienetan nahiko negargarria izaten da zelan dagozan han. Animalia basatiak euren bizilekuan ikustea bizitza ikustea da, dan modukoa, eta animaliez bestelako ikuspegia emoten deutsu. Gorputzean sentsazino berezia ixten deutsue. Niretzako esperientzia berezia izan da, eta orain hurrago sentitzen dodaz. Desbardinak gara, baina beharbada ez guk pentsetan dogun beste.

Iratxe Ormatza

Uruguai eta Buenos Aires atzean itxi eta Patagonian sartu gara. Pozik sartu be, Beherako bidean, Valdes peninsulan eta inguruan itsasoko animaliak ikusteko aukerea izan dogu eta. Hegoaldeko ur hotzetatik hona etorten dira urtero-urtero. Baleak be egoten dira, baina ez gu etorri garan sasoian. Itsasoan sartu gara txalupaz, izurdeak ikusteko, eta bidean fokak be ikusi doguz. Zorionekoak izan gara, fokak denpora luzea, % 90 baino gehiago, urpean emoten dabe-eta. Izurdeak be ondoan euki doguz, barkuek eta txalupek sortzen dabezan olatuek kili-kiliak egiten deutsiez eta. Hemengo izurdeak bereziak dira, baltzak eta zuriak, panden antzekoak, horregaitik esaten deutsie Panda izurdeak, benetako izena Tonino izurdea izan arren. Bidaia polita izan da, itsasoa bare-bare egon da eta ezin urdinago, zeruaren moduan, izan be, hodei bat bera be ez da egon.

Handik Tombo puntara joan gara. Kontinentean dagoan pinguino koloniarik handiena dago bertan: milioi bat pingüino baino gehiago. Lur eremu handia daukie eurentzat eta hona etorten dira urtero kumeak egiteko eta azala aldatzeko. Lehengo arrak etorten dira, aurreko urteko habiak txukuntzeko; hasi barriak, ostera, habia egiten etorten dira (arbola baten babesean normalean). Gero emeak etorten dira, bikotekideagaz batzeko eta txitak egiteko.