Ho Chi Minh, lehengo Saigon (I)
Edertasuna eta kaosa buztarturik Vietnango uri garrantzitsuenean
Batzuetan, ez beti, bakegune ederra izaten da ostatua eta nerbioak baretzeko leku aproposa; aire beroa botaten dauan bentiladorearen azpian jarri, izerdia sikatu eta suerte apur bategaz dutxea hartzeko modua egoten da, ur hotzagaz jakina. Jakina, badagoz hotelak aire egokituagaz eta dutxa beroagaz baina poltsikoa ondo horniduta eroan behar da. Hori bai, hotelik onenean be ez dozue ebitauko kaletik datorren zaratea, zoratzeko modukoa.
Kalea alde batetik bestera pasetako abenturea
Laos eta Camboyan benetako bildurra pasau ostean, abentura arriskutsuena Saigoneko etorbide bat alde batetik bestera pasetea izan zan; gauza erreza emoten dau baina ezelako orden barik, hara eta hona, ehundaka ibilgailuren erasoak benetakoak dira; aukera bi baino ez dagoz: alde bietara begiratu barik arin pasetea edo, geldiro-geldiro, abalantxearen erdian geldialditxuak egin eta hara eta hona begiratuz, Jaungoikoaren laguntzinoagaz aurrera egitea. Lehenengo aukerea suizidatzat hartuko neuke eta ez da bape gomendagarria; bigarrena, barriz, onena dala pentsetan dot baina sekulako pazientzia behar da, izan be, bozina hotsak, irainak eta ibilgailuen erasoak sufriduko dozuez. Dana dala, pare bat edo hiru kaletan alde batetik bestera pasetako makinatxu bat sufridu ostean, joko legez be hartzen da: ia nork pasetan dauan kalea arinago...
Kalean, arrisku larregi barik zelan ibili ikasten dogunerako beste arazo handi bat sortuko da, izan be, mendebaldekoa izanik, 'milaka' lagun hurreratuko jatzuez kotxea, motorra edo bestelako ibilgailuak eskaintzera; hasieran modu atseginean baina gure ezezkoen aurrean, tonua eta hasarrea berotzen joaten dira. Ekinak dira benetan eta pazientzia galtzea ez da bape gatxa, pausu bat emotea be kosta egiten da 'ehundaka' eskaintza entzun barik, jakina, turistearen poltsikoa hutsitu guran dabiz. Garraiobide beharrizanik ez badago, normalena eskaintza horreek guztiak baztertzea da baina gidarien hasarrea sekulakoa izaten da; lehenengo eta behin, tonua igoten dabe euren eskaintzea entzun ez dozulakoan edo, eta jaramonik egiten ez deutsezunean, irainak erabilten dabez (eskerrak ez doguzana aitzen).
Monumentu uriaren enkantuak
Kontuak kontu, 'merke, 'erosi', 'motorra behar dozu?' eta antzekoen zaparradeagaz ohitu eta momentu txar horreek kenduta, urian leku ederrak dagoz, kasu askotan ahaztuezinekoak; uriko lehen distritoko edozein terrazatan kafea hartzea eta bizitzearen eta bizimoduaren abiadea ikustea momentu eder horreetako bat da. Motor batean lau lagun, karga handiakaz, aldean animaliak edo bestelakoak daroezan emakumeak, kalean bertan merkataritza-transakzinoak egiten zein trafiko ezbeharrak zelan konpontzen dabezan ikustea esperientzia zoragarria da, kantsau-kantsau eginda dagoan turisten gozamenerako eszenak izaten dira.
Eszena edo ahaztuezineko momentu horreekaz jarraituz, goizeko lehen orduetan umeak eskolara bidean ikustea be esperientzia polita da, txikienen uniformeak, neskato nagusienen 'Ao Dais' Vietnameko jantzi tipikoak eta mutikoen traje eta korbatak oso deigarriak dira. Goizeko lehen orduotan, eskola umeen katarsia sortzen da eta milaka ume bizikletan hara eta hona ibilten dira euren jantzi garbiakaz; euren mobimentuak eta pedalak eragiteko modua eleganteak dira eta ohiko ibilbidea ikuskizun ederra da turistentzako. Garbitasunaren eta zeozelako ordenaren oasia da txarrikeriaren eta kaosaren erdian.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Lehengo Saigon, gaur egun Ho Chi Minh edo 'Hegoaldeko Uria' legez da ezaguna eta alde ederrak eta ez hain ederrak daukaz; parkeak, arkitektura koloniala eta pagoda lasaiak zoragarriak dira baina urian kaosa, seguridade faltea eta bildurra eragiteko moduko trafikoa be gogoan hartzekoak dira. Armonia eta indarkeria herrialdeko uririk garrantzitsuenean.
Ho Chi Minhen bidaiariak hartzen dauan lehenenego sentsazinoa sosegurik eza izaten da. Gure kasuan, trenean, gau osoa negarrez pasau eban ume bategaz gogaituta, 12 orduko bidaia egin ostean heldu ginan eta sekulako deskantsua hartu eben gure belarriek. Dana dala, euli mandoen antzera, ehundaka taxista hurreratu jakuzan euren zerbitzuak eskaintzen eta lasaitasuna arin amaitu zan. Holako erasoen aurrean, onena hanka egitea izaten da eta leku trankilagoetara jotea; oinarrizkoa da taxiak taximetroa eukitea, gero sorpresarik ez badozue gura behintzat. Hori bai, taxistek gurago izaten dabe prezio bat bezeroagaz negozietea eta benetan negoziante argi eta bizkorrak dira. Azkenean, negozio ona egin genduala pentsaurik, han joan ginan gure ostaturantz kotxe, motor, bizkleta, cyclo eta oinezkoen itsasoan zehar. Kaosa sekulakoa zan; Hanoiko kasua be ezagutzen genduan legez, bardin antzekoa izango zala pentsau arren, zur eta lur geratu ginan: ibilbide osoan inork be ez ebazan errespetetan semaforoak eta ganerako seinaleak...