Barriketan  I. urtea // 6. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 15a - Hamaboskaria

Aupa Maurizia eta aupa Camaron

'Por Camaron' (Universal), Jose Mongeren omenezko diskoa

Orain egun batzuk, garagarrilaren 2an, Jose Monge, Camaronen heriotzearen 10. urteurrenean argitaratu eben historiako kantaorerik onenaren omenezko diskoa; Kepa Junkera bilbotarrak be kolaborau dau disko horretan; zerrendea, barriz, benetan luzea da: Estopa, Niña Pastori, Rosario, Remedios Amaya, Jose 'El Frances', La Susi, Raimundo Amador, Diego Carrasco, Marina Heredia, Jose Lara eta Conchi Heredia. Koktel beroa eta berezia beraz; ganera, diskorako beren beregi Camaronen seme-alabak, Gema, Rocio eta Luis Monge, alkartu dira 'Camaron' izeneko abestia kantetako eta hareekaz Raimundo Amador gitarrajole handiak be hartu dau parte. Aitatutako diskoagaz batera, liburu bi be atara dabez: 'Camaron. Antología' eta 'Camaron, biografía de un mito'.

Esan dogun lez, aurtongo garagarrilean 2an hamar urte bete dira Jose Monge, Camaron Exporako bideo klip bat grabetan egoala, birikietako minbiziak jota hil zana. Cadizeko San Fernandon jaio zan 1950ean eta 1992an hil, oso gazterik. Jesus Mongek 'Camaron' ezizena hartu eban kitanoa izan arren errubioa zalako. Txiki-txikitatik ekin eutson kantuari, batez be Venta Vargasen, baina baita jai pribatuetan be, eta 16 urte zituala egin eban lehenengo agerraldia profesionaletan Miguel de los Reyes eta Dolores Vargasegaz batera. Denporaldi osoa egin eban Madrilgo Torres Bermejas izeneko oholtzan eta ondoren, lehenengo diskoa grabau eban Paco de Lucia gitarrajoleagaz; hortik aurrera, ez zan geldi egon Camaron, eta sarri jaso zituan Andaluziako jaialdi garrantzitsuenetara joateko deiak; flamenkoaren barruan, ospe eta izen handia lortu zituan oso denpora laburrean eta diskoak grabetan eta Espainian kantaldiak emoten joan jakozan egunak eta urteak. Gazte zein beteranoen artean, kantaorerik maiteena izan da eta ibilbide laburra egin arren, kantaore gazteentzat eredu argia izan da, eta maisuaren maila bardintzea gatxa izaten bada be, askok eta askok Camaron imitetako ahaleginak egiten dabez gaur egun be. Atara kontuak, flamenkoaren munduan, 'cante Camaronero' aitatzen da, ze gizon honek eredu sendoa ezarri eban, batez be fandango, tango, tiento, rumba, buleria eta tarantoetan.

Espainiako mugetatik kanpo be asko ibilitakoa dogu Camaron, eta gogoangarriak dira esaterako Ameriketan eta Frantzian, Parisen emondako kantaldiak. Jose Monge Cruz jaunak irabazitako sarien atalean bi azpimarratu behar doguz: alde batetik, Jerez de la Fronterako Flamenkologia Katedrako Cantearen Sari Nazionala eta, bestetik, Mairena del Alcorreko Lehiaketako lehenengo saria.

Flamenkoa gustau ez arren be, asko dira Camaronen magiagaz, barrikuntza estilistikoagaz, distorsino erritmikoakaz eta kantetako moduagaz gozau dabenak; horreen artean dogu Kepa Junkera trikitilaria eta, esandako moduan, oraintsu salgai jarri daben 'Por Camaron', Jose Monge Cruzen omenezko diskoan parte hartu dau.


Camaronen omenezko diskoan parte hartzeko aukerea zelan sortu jakon eta Camaronen ganeko eretxia eskatu deutsaguz Kepa Junkerari eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:

'Orain denpora asko ez dala Ricardo Pachon, Camaronen disko gehienak produzidu dituan lagunaren deia jaso neban, eta Camaronen omenezko diskoan kolaboretako eskatu eustanean, harridurea eta poza izan ziran lehenengo sentsazinoak.

Egun batzuk geroago, Madrilen jarri genduan hitzordua Arte Ederretako Zirkuluan kontzertu bat emon behar nebala aprobetxauta. Pachon bera kontzertuan egon zan eta ondoren, bilera bat egin genduan kolaborazinoaren kontu guztiak zehazteko eta maketa bat emon eustan niretzat aukeratutako kantuagaz (Marina Herediak kantetan dauen 'Amor de conuco' kantua). Zehatz emozionauta nengoan.

Ez dakit zenbat bider entzun neban kantea, baina bizkor etorri jatazan burura gero oso ondo funtzionau eben trikia eta panderoa sartzeko ideia batzuk. Handik lasterrera, Madrilgo estudio baten grabazinoa egiteko eguna heldu zan eta danak oso gustora geratu ginan; trikia, panderoa, ahotsak, kitarrak eta perkusinoak buztartzea sano behar ederra izan zan eta gura barik be oinak berez mobiduten ziran soinuari jarraituz. Bide batez, grabazino prozesuko edozein momentu aprobetxetan neban Camaronen ganeko kontuak itauntzeko eta maisu handiaren lagunen ahoetatik ahalik eta informazino gehien lortzeko. Kantea grabau ostean, mahai baten inguruan jesarri eta gauza askoren ganean egin genduan berba: Camaron, flamenkoa, Espainiako hegoaldea, Euskal Herria...; holako mahai inguruetan asko disfrutetan dot eta lagun askogaz musikea konpartiduteko dodan aukera ezin hobeari esker zoriontsu bizi nazala pentsetan dot.

Mitoaren kontuaren harian, Camaronek eredua ezarri eta flamenkoa erabarritu eban, flamenkoa oholtzetatik atara eta jente asko erakarri eban mundu horretara, egunetik egunera, maisu handiaren karismea eta ospea handiagotzen joiazan bitartean. Kontau eustenez, kitanoek Jaungoikotzat euken Camaron; izan be, ijitoak euren seme-alabakaz hurreratu eta ukutzeko eskatzen eutsien.

Nik neuk diskoen eta telebistako programa batzuen bitartez ezagutu neban Camaron eta benetan harritu ninduan maisu handiak transmitiduten eban indarra eta barrutik kanporatzen zan energia guztia; Camaronen ahots urratua pasinoa zan eta, ganera, Paco de Luciagaz batera kantetan eban, nire idolo nagusiagaz; musika hori ez jatan bape arraroa egiten beste flamenko era batzuekaz konparauta, askozaz hurragokoa egiten jatan. Asko disfrutetan neban sustrai sakonak eta nortasun handia dituan musika horregaz.

Urte batzuk geroago, hara, maila apalean baino ez bada be, Camaronen eta flamenkoaren familian parte hartzen ikusten dot nire burua eta besterik ez bada, iparraldea eta hegoaldea hurreratzeko balio izatea gura neuke; nire ustez, musikan ez dago mugarik, lotura sendoak dagoz, askotan alkartzen eta beste batzuetan urruntzen diran loturak, baina duda barik, aberasgarriak dira eta gero eta interes handiagoa sentiduten dot gauza eta persona gehiago ezagutzeko.

Aupa Maurizia eta Aupa Camaron...'

Koldo Isusi Zuazo