Bihotz Bakartien Kluba: “Ikasten segiduteko amua uretara bota dogu, eta ia zerk urtetan dauan”
Esan dozun legez, Eskolea ez da zapatuetara mugatzen: internet be erabilten dozue. Ze aukera emon deutsue eta zer geratzen jatzue oraindino egiteko esparru horretan?
Internet sano garrantzitsua da gure proiektua sozializetako. Gurea ez da eskola elitistea edo batzuentzat bakarrik eginikoa. Jente lar batu ezkero izakerea galduko leuke, gure eskolearen oinarria danon parte-hartzea dalako. Eta badakizu: gero eta jente gehiago egonda, lotsa gehiago, eta giroa sortzea gatx. Horregaitik ipinten dogu dana interneten, eskolara etorteko aukerarik ez daukanak jakin dagian zertan gabilzan. Gu gogotsu gabilz, gero eta jente gehiago batzen literaturearen auzo-lanean. Hortik proiektu barriek urtengo dabe, derrigor.
Hurrengo urterako eskolea preparetan hasi zarie?
Datorren urteko eskolarako gaiak danon artean pentsau ditugu eta orain datak eta gai-emoileak nortzuk izango diran aztertzen gabilz. Eskola bat Arantzazun emoteko asmoa daukagu eta Joxe Azurmendigaz gabilz hartu-emonetan. Eskolaz kanpoko ekintzak be egingo ditugu, aurten Bilbon egin genduan Ibilbide Arestiarraren antzera. Egin ahala bururatzen jakuzan ostantzeko harrikadak be egingo ditugu. Matrikulazinoa irailean zabalduko dogu, eta aurten ibili diranek eukiko dabe lehentasuna. Kontuan hartu behar da ez dogula titulurik emoten, hain gitxi krediturik.
Ze lotura dauka Linterna Gorria aldizkariak Literatura Eskolakaz?
LINTERNA GORRIA Literatura Eskolearen emoitzea da. Igazko abenduan Mikel Elorzak literatura aldizkarien gaineko berbaldi zoragarria emon euskun, eta haren pentzura taldeari literatura aldizkaria egitea proposatu geuntsan, baita taldeak onartu be. Holan hasi ginan interneten, hileko 17etan Linterna argitaratzen. Bagilera bitartean 6 ale atara doguz, eta kurtsoaren amaiereagaz batera papelezko Linterna Gorria argitaratzea otu jakun. Bertan, 39 autoreren testuak batu ditugu, batzuk internetetik aukeratuta eta beste asko beren beregi edizino honetarako idatzita. Literaturea da bere gordinean, engainu barik, katamalo barik. Linterna Gorria talde-lana izan da, emoitza kolektiboa.
Ze beste proiektu dauka ezkutauta BBK-k?
Eskoleagaz eta Linternagaz jarraituko dogu, hilean behin literatureagaz hitzordua eukiko dogu Larrabetzun, udagoienean gure testuakaz eginiko errezitaldi barria aurkeztuko dogu, umeak eta gazteak literaturara hurreratzeko ekimenak pentsetan gabilz... eta batek daki beste zer otuko jakun.
Julen Gabiria
Bihotz Bakartien Klubak antolatutako Literatura Eskolak ikasturtea amaitu dau. Bederatzi saio, makina bat hizlari eta indarra hartu dauan proiektua. Literaturea ulertzeko haize barriak Larrabetzutik datoz. Eurakaz egon gara berbetan, Eskolea izan danaren eta izango danaren gainean.
Ze helburugaz sortu zenduen Literatura Eskolea?
Bihotz Bakartien Klubaren proiektua estrategikoa da. Guri erakutsi euskuen literatureak ez gaitu asetu: unibersidadean ikasle izan ginan, buruz asko ikasi eta dana atoan ahaztu jakun, eta mendebaldeko kulturearen gerizpeko autoreak baino ez euskuezan irakurriarazo; best-sellerismoa gorroto dogu Hollywood beste, literatura merkantilistea eta Nobel Saridun orojakileakaz kokoteraino gagoz. Erreferentzia barriak gura genduzan, euskal literaturaz gehiago jakin eta munduagaz euki doguzan eta daukaguzan hartu-emonen gainean pentsau; azken baten, leiduten ikasi gura dogu. Eskolara etorritakoak nondik eta nortzuk izan diran ikusita, baegoan beharra, antza, holako ekimen bat egiteko. Helburua Eskolea bera egitea izan zan eta da.
Hasikerako helburu horreek kontuan eukita, esan leiteke zuen asmoak bete dirala?
Gu Bihotz Bakartien Kluba gara, eta bihotz eta bakarti garan aldetik, inpulsoka egiten ditugu gauzak, bihotzagaz berba egin ostean. Baina tira, guk ez genduan inondik be espero horrenbesteko harrerea eukiko ebanik, ezta hurrik be! Hasikeran asmoak ez ziranak be bete egin jakuz: talde izakerea eukitea, mobimentu literarioa izan leitekeanaren zuzterra sortzea, idazleak eta irakurleak maila berean ipintea, bihar-etzirako proiektuen haziak ereitea, literaturea liburuetatik pertsonakana hurreratzea... lartxu akaso.
Zelako balorazinoa egiten dozue Eskolearen gainean, oro har?
Bederatzi eskola egun euki ditugu, danak maila altu-altukoak. Iñigo Aranbarriren lana aitatu beharrekoa da: bera izan da gure artezlea, berak ekarri ditu konbidautako hizlariak eta berak emoniko eskolak unibersidadean emoteko modukoak izan dira. Iñigok berak esaten dauan legez, “hau dok gure unibersidadea”, eta holan da. Hogeita hamasei lagunek emon eben izena urrian eta bataz bestekoa 28 lagunekoa izan da. Jentea sano gustura etorten izan da, eskolea hartu-emonetan oinarritu dogulako: lehenengo gaien esposizinoa, eta ostean berbaldi zabala, gura dauenak gura beste esatekoa. Asko ikasi dogu alkarrengandik, literaturearen auzo-lanean ibili gara, inork derrigortu barik. Hori igarri egiten da. Gaietan be asmau dogula esan behar. Euskal literaturea literatura unibersalean kokatu dogu, moropilak egin doguz Aresti eta Maiakovskiren artean, edo Rodolfo Walsh eta Lauaxetaren artean. Gainera, askorentzat ezezagunak ziran idazle, literatur sasoi eta mobimentuen barri be jaso dogu. Literaturea ulertzeko erreferentzia partida bat batu dogu, ikasten segiduteko amua uretara bota dogu eta ia zerk urteten dauan. Eskola bakotxean emon eta hartu dogunaren barri interneten dago ikusgai, www.bbk-literatura.org helbidean.