Jan-edanak  III. urtea // 65. zenbakia

Udan ze ardao?


Ensaladak eta ardaoa buztartzerakoan arazo txiki bat eukiten dogu beti. Ensaladea preparetako erabilten dogun saltsea ozpin-orioa izaten da. Saltsa honek ozpina daroa, eta kontuan hartu behar dogu ozpinak azido azetiko asko daukala. Hau oso fuertea da eta ardaoa ozpinduta dagoala be pentsau geinke. Holan ba, hobe izaten da ensaladei ozpin gozoagoak (Jerezekoak edo Modenakoak) edo limoi ura botatea.

Udako plater honeekaz buztartzeko badagoz “ardao todoterrenoak”. Ardao honeek Cavak eta ardao gorriak dira. Probau duzue inoiz udan terraza batean jaten zagozela garraztasun puntu bat daukan Cava bat? Probau eta ikusiko dozue.

Amaitzeko, ez egizue ahaztu ardaoaren tenperaturea oso garrantzitsua dala. Ez da bardin ardaoa aire egokitua daukan jatetxe baten edo hondartzako txiringito baten eskatzea. Baztertu egizue askotan entzuten dan “giroko tenperaturea” esakerea. Tenperaturea nongoa?, kalekoa? Upeldegikoa? Jatetxekoa?

Udan, beroagaz, gorputzak edari freskoak eskatzen deuskuz eta tenperatura egokia mantentzeko tresnak erabili behar izaten doguz: izotz-ontziak edo kubiterak. Hau edurrakaz eta uragaz beteten badogu, izozkailuan baino arinago hoztuko dau ardaoa eta esperientziagaitik esan neike ardao botila bat izozkailuan sartzeak bere arriskua daukala, bertan ahaztuta ixten badogu batez be.

Ardaoa hotz mantentzeko tela berezi bat asmau barri dabe. Tela edo boltsa honek barruan ura dauka, eta izozgailuan sartuta, ura izoztu egiten da. Gero, botilea tela honegaz inguratzen da, eta holan ardaoa luzaroagoan mantenduko dogu fresko.

Mikel Garaizabal,
enologoa eta somelierra

Uda sasoia hasteagaz batera beroa be heldu da. Mahaian jarten diran elikagaiak aldatu egiten dira udan, eta janaria legez, baita ardaoak be, beroa dala eta gure gorputzak ardao fresko eta arinagoak eskatzen deuskuz eta.

Tenperatureak agintzen dau udan. Bolada honetan normalak izaten dira ensaladak, pikoteoak, barazki freskoak, sopa hotzak edo paelladak. Elikagai honeek arinak dira eta digestinoa errezten dabe, baina arazoa janaria eta ardaoa buztartzerakoan dator.

Argi itxi gura dot buztarketea egiterakoan garrantzitsuena bakotxaren gustu personala dala. Egoera atmosferikoak eragina eukiko dau ardao muetea aukeratzekoan. Berbarako, tenperaturea altua bada eta hondartzan bagagoz, gorputzak ardao zuria edo gorria eskatuko deusku, ardao mueta honek garratzak eta freskoak diralako. Baina mendian bagagoz eta tenperaturea bajua bada, gorputzak ardao baltza (zahartuta edo gaztea) eskatzen deusku normalean.

Beste aukera bat oporretan gagozan lekuko ardaoa edatea izan leiteke. Cadizera, berbarako, euskaldun asko joaten da oporraldia pasetan. Bertan, munduko ardaorik misteriotsuenak topau geinkez. Nik bertako ‘manzanilla’ edo ‘finoa’ edateko kontsejua emoten deutsuet. Ardao mueta honeek edateko ohiturarik euki ez arren, hondartzatik bueltan eta bazkaldu baino lehenago manzanilla fresko bat Arazenako pernil-tapa bategaz edo Andaluziako gazpacho bategaz hartzea sekulako manjarra da.