Elikadurea haurdunaldian eta edoskitzean
Edoskitzea edo bularra emoteko sasoia
Bolada honetan nutrizino beharrizanak askozaz be handiagoak dira, hau da, emakumearentzat astunagoa da esnea sortzea ume bat erditzea baino.
Energia
Laktantzia garaian 500 kilokaloria gehiago behar doguz. Emakume batentzat ia ezinezkoa da egunean 500 kilokaloria gehiago jatea eta horregaitik erabilten doguz haurdunaldian gure gorputzean sortu diran koipe erreserbak. Arrazoi honegaitik esaten da titia emotea argaltzeko bide bat dala, izan be, esnea sortzeko energia nahikoa euki ahal izateko gure gorputzeko koipea erreten dogu.
Proteinea
Proteina beharrizanak be haurdunaldian baino handiagoak dira: 2 gramo proteina gorputzeko kilogramo bakotxeko. Kasu honetan be proteina nahikoa lortzen dogu gure elikadura ‘normaletik’, gure jateko modua fundamentuzkoa bada behintzat.
Mineralak
Kaltzio eta fosforoagaz kontuz ibiltea komeni da eta haurdunaldian moduan egunero 4 razino esneki hartu.
Ura
Bularra emoteko sasoian ur beharrizana handiagoa izango da eta 3 litro ur behar dira gitxienez; beraz, badakizue, zuen umeari esnea emoten bazabize ur ugari edan.
Normalean modu orekatuan jateko ohiturarik ez badaukagu, haurdunaldia eta edoskitzea momentu onak izan daitekez horreri ekiteko: gure buruagaitik ahaleginak egiteko indarrik ez badaukagu, gure umeagaitik egiteko eukiko dogu seguruenik. Dana dala, ez ahaztu tartetxo honetako informazinoa orokorra dala eta emakume bakotxak bere espezialistearen kontsejuak segidu behar dauazala.
Larraitz Artetxe Arrien,
Dietetika eta Elikaduran Diplomatua,
Nutrizino Hezitzailea
Elikadurea oso garrantzitsua da haurdunaldian, bai amaren eta fetoaren egoera ona aseguretako, bai erditzea ona izateko eta baita laktantzian arazoak ebitetako be.
Haurdunaldia
Haurdunaldian emakumeak pisua irabazten dau, 9 eta 12 kilo artean danetara: 1,5 kilo inguru lehenengo hiru hilabeteetan, 3,5 kilo hurrengo hiruretan eta azkenengo hiru hilabeteetan beste 4-5 kiloak. Haurdun geratu baino lehenago emakumea lodi badago pisu aldaketea txikiagoa izan beharko litzateke. Beste alde batetik, pisurik hartu gura ez badogu, kontuz ibiltea komeniko da eta ez pasau ordu asko jan barik, oso garrantzitsua dalako fetoari beti glukosea sarri ailegetea; horregaitik, haurdunaldian sarritan jan behar da. Sarritan jatea eta geratu barik piketan ibiltea, baina, ez dira gauza bera: egun osoan jan beharreko kopurua eta elikagai muetak bardinak izan behar dira, baina otordu gehiagotan banatuta.
Honeek dira mantenugaien beharrizanak haurdunaldian:
Energia
Lehenengo hiru hilabeteetan ez dira energia beharrizanak handiagotzen, baina bai bitamina batzurenak. Laugarren hilabetetik aurrera energia edo kaloria beharrizanak handiagotu egiten dira, egunero 300 kilokaloria gehiago behar doguz eta honek esan gura dau gehiago jan behar dogula. Danetarik gehiago jaten badogu, karbohidrato, koipe, proteina, mineral, bitamina eta zuntz gehiago jango dogu bide batez, eta modu horretara beharrizan danak beteko doguz.
Proteinak
Haurdunaldian ehun barriak sortzen dira: umearenak eta plazentearenak. Arrazoi honegaitik proteina beharrizanak handiagotu egiten dira, gorputzeko kilogramoko 0,8 gramo proteinako beharrizanetik 1,5 gramoko beharrizanera pasetan gara. Dana dala, ez dago proteina suplementuak hartu beharrik (kasu berezietan izan ezik): kasu gehienetan gure jateko modua proteinatan oso aberatsa da eta sobran beteten doguz beharrizanok.
Bitamina eta mineralak
Bitaminen artean, Azido Folikoa da garrantzitsuenetariko bat; haurdunaldian azido folikoaren beharrizanak bikoiztu egiten dira eta oso gatxa da elikagaien bitartez beharrizanok ondo eta seguru betetea. Horregaitik suplementau egiten da. Suplementazino hau batzuetan haurdun geratu aurretik egiten da eta beste batzutan lehenengo hilabeteetatik hasita.
Bestalde, azken hilabeteetan bitamina eta mineral danen suplementuak hartzea ondo jatorko emakumeari.
Kaltzioaren kasuan ez da suplementorik hartzen normalean, beharrizanak esnekiakaz beteten diralako. Haurdunaldian 1000 mg kaltzio hartu behar dira eta horretarako litro bat esne edo 4 razino esneki hartu behar dira: berbarako, basu bete esne, yogur bi eta gaztai zati bi.
Zuntzea
Haurdunaldian zuntz ugari jan behar dogu, batez be idorreriari aurre egiteko. Zuntzaz gan, ariketa fisiko zehatzak be badagoz idorreria kontroletako, eta ganera, bide batez, hanketako zirkulazinoa hobetzen lagunduko dogu.