Bertsolaritzearen curriculuma
Lau ardatzetan oinarritutako curriculuma
Bertsolaritzearen curriculuma idazteko Jon Sarasuak “Bat-bateko bertsolaritza” liburuan arlo honen didaktikeari buruz idatzitako gogoeta hartu dabe oinarri legez, eta lau ardatzetan banatu dabez curriculumaren edukiak: hizkuntzea, musikea, trebetasun sozial eta personalak eta kultur ondarea. Lau ardatzek ikasketa prozesuan bertsolaritzearen irakaskuntzak arlo horreetan egin leikezan ekarpenak jasoten dauz, eta apustua garbia da: euskal kulturearen ondare honek heziketa prozesuan askotariko gaitasunak ekarri leikiozala lehen hezkuntzan ari dan ikasleari. Curriculumaren iturri honeek zehazterakoan kontuan hartu dira arlo biren curriculum ofizialak, hizkuntzarena eta musikarena. Beste biek sormen lan handiagoa eskatu dabe, ez dago-eta euren ganeko lanketa seriorik gure oinarrizko curriculumean. Trebetasun sozial eta personalen arloak ekarpen garrantzitsua izan leiteke, beregan hartzen dauzalako ikasle batek jaso beharko leukezan edukin askoren irakaskuntzea, emozinoen garapena, kinesia, entzumena, garrantzitsuak danak, baina ohiko heziketak albora itxita daukazanak sarriegi. Kultur arloaren edukinak zehazteko, iturri desbardinak hartu dira kontuan, eta horreetako bat izan da gorago aitatu dogun “Euskal Curriculuma – Kultur Ibilbidea” lanaren iturburu izan zan Ikastolen Konfederazinoaren txostena, “Ikastolen curriculumaren euskal dimentsioa” izenekoa. Arlo honetako helburuak zehazterakoan ondoko galdereari erantzuna emoten saiatu dira bertsolaritzearen curriculumean: zer kultur ondare jaso behar dau bertsolaritzea ikasten dauan ikasle batek lehen hezkuntza amaitzen dauanerako?
Curriculumaren iturriak azaldu ostean, arlo bakotxaren kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak definidu dira eta ebaluazino erispideak zehaztu. Behin behineko curriculuma da idatzita dagoana, baina Bertsozale Elkarteko irakasleek HUHEZIn jaso daben formazino planak etorkizunerako baliabide pedagogiko interesgarria ekarri dau, eta irakasleei eguneroko lanean baliagarria izango jaken prestakuntzea emon deutse. Udagoienean adostuko da behin betiko curriculuma eta 2005ean zehar curriculumari egokitutako sekuentzia didaktikoak sortuko dira. Gauzak ondo badoaz 05/06 ikasturtean erabiliko da material barria.
Hasikerara bueltatuta, zuek ez dakit, baina nik ikusi gura neukez gure seme-alabak Euskal Curriculumean oinarritutako heziketea jasoten, personearen garapena eta kultur transmisinoa bermatuko dauzan heziketea, barruan hartuko dauazana, besteak beste, zientziak, hizkuntzeak, eta giza-baloreak, eta leku duina emongo deutsona bertsolaritzeari, askotariko gaitasunak garatzeko balio dauan euskal kulturearen ondare biziari.
Iñaki Aurrekoetxea
Joan dan astean barri pozgarria hartu dogu euskal kulturearen baloreetan oinarritutako heziketea emon gura dogunok. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoak “Euskal Curriculuma - Kultur Ibilbidea” lana aurkeztu dau, azken urteotan egindako gogoeten emoitzea eta hainbat alorretako adituen ekarpenez osotutakoa. Pausu bat baino ez da, Euskal Curriculuma eregiteko bidean emondako pausua.
Gaur egun Frantziako curriculumean euskal kulturearen zantzurik be ez da agertzen, eta Espainiakoan be antzera pasetan da. Kontua da ze, EAEko eta Nafarroako curriculumetan zatirik gehiena Espainiakoaren kopia hutsa dala, eta erdia baino leku dezente txikiagoa hartzen dabela edukin propioek. Egia da euskal curriculuma lantzen dala: hizkuntzea, dantzea, euskal musikea, pelotea, bertsolaritzea... baina ezelako ardatzik ez daukien saio solteak baino ez dira. Irakasle lanetan dabilenak badaki eskolak euskaraz emonda ez dana ziurtatzen kultur transmisinoa. Inoz herri hau holakgo helburuetara begira jarriko bada, Euskal Curriculuma sortu beharko da lehenengo eta bat.
Bertsolaritzearen irakaskuntzea
Bien bitartean hezkuntza sistema honek ixten dauzan zirrikituetatik gabiz gure aleak iminten. Bai Ikastolen Konfederazinoa eta bai Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, bertsolaritzak hezkuntza arautuari egin leikion ekarpenaz aspaldi ohartuta, ari dira bere proiektuak garatzen Euskal Herriko hainbat eta hainbat eskoletan. Aitatu bi erakundeen arteko lankidetzeak lana eraginkorragoa egingo leuken arren, arrakastatsua da bertsolaritzak irakaskuntzan egin dauan bidea.
Bertsozale Elkarteari jagokonez, bere irakasleen etenbako prestakuntzeagaz arduratuta, bi urteko Formazino plana hitzartu eban Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultateagaz (HUHEZI). Formazino plan honen helburu nagusia zera izan da, hizkuntzearen didaktikarako ezagupenetan oinarrituta, bertsolaritzea irakasteko didaktika espezifikoa sortzea. Horretarako, bi ikasturtetan banatutako ikasketa programea osotu dabe Bertsozale Elkarteko hamalau irakasleek. Tartean izan dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lau irakasleak be: Josu Landeta, Unai Ormaetxea, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue. Ikastaroa on-line modalidadean egin da, saio presentzialak tartekatuta. Igazko ikasturtean bi modulu bete ebezan, “Hizkuntzen didaktikarako marko epistemologikoa eta didaktikoa” eta “Bertsolaritza lantzeko sekuentzia didaktikoa”. Aurten azken modulu biak bete dabez, “Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa” eta “Bertsolaritzaren curriculuma”. Azken moduluagaz batera, formazino planaren azken proiektua egin dabe, bertsolaritzearen behin behineko curriculuma. Udagoienerako itxi dabe curriculumari zuzenketak eta ekarpenak egiteko beharra. Dakiguna zera da, curriculum horrek bertsolaritzearen didaktika modu osotuagoan erakusteko aukerea emongo dauala.