Europako Konstituzinoaren ganeko erreferenduma: eretxia emoteko ordua (barriro)
Kontuak kontu, gure eretxia garrantzitsua izango da. Batek baino gehiagok uste dau erreferenduma arriskutsua izan leitekela. Zoritxarrez, Europako eztabaidetan Estadu barruko kontuak agertzen dira eta orain gitxi ikusi izan dogu Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Baina Euskadin badakigu erreferendumak ez dirala bromatzat hartu behar, erreferendumean ataratakoak urteetako ibilbide politikoa marketan daualako.
IƱaki Atxutegi
Joan dan astean zehar Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak jakinarazo eban: Europako Konstituzinoaren ganeko erreferenduma eukiko dogu. Herritarrok gure eretxia emongo dogu Europako eraikuntzan emon barri dan pausuari buruz (barriro).
Eta ez dakit poztu egin behar nazan ala ez. Askotan esan dot eta uste dot Europa politikoa ezinbestekoa dala. Nire uste apalean, Munduaren oraingo egituraketea zelakoa dan ikusita, mahitaezkoa da Europa aktore politikoa eta ekonomiko indartsua izatea. Baina zelako Europa dabiz eregiten Europako erakundeak?
Europan egiten dan lana oso iluna izaten da, hori ez dago ukatzerik. Jente askok sinistu egin dau Brusela eta Estrasburgo eurokrataz beteta dagozala. Europako funtzionarioek bizitzaren arlo guztiak erreguletako jokerea agertzen ei dabe. Kontu honen arabera, gero ta europarragoak gara, baina gero ta hasarreago gagoz.
Baina kontu txikietan emoten diran erregulazino horreek ez dira islatu kontu handietan. Hurreko Ekialdean, Bosnian, Iraken, Europa ez da bat eginda lan egiteko gauza izan. Haren indarra eta eragina oso txikiak dira. Kanpotik etorri behar izan dabe arazoak konpontzeko (ala okerrago jarteko, zenbait kasutan) Ganera, begibistan dago erabagirik garrantzitsuenak Europako gobernuburuek hartzen dabezala, eta akordio horreek estaduen interesen arabera hartzen dirala. Gauzak holan, ez da harritzekoa askok botaten daben galderea: zertarako Europa hau?
Europa hau adostasunaren bidez eregi da eta adostasuna ez da bape erreza horrenbeste herri eta gobernu desbardinen artean. Bakotxak bere interesak daukaz. Europako ideia politikoaren ganeko atxikimendu gehiago ala gitxiago izateak be zerikusi handia dauka jarreratan. Hau goitik behera aldatu da, hemetik aurrera erabagiak gehiengo sistemearen bidez hartuko dira eta; holan posible izango da azkarrago joatea eta erabagiak errezago hartuko dira. Ondorengo arazoak begibistan dagoz: baten batek galtzailearen konplejua hartuko dau erabagiak haren interesen kontra hartu ezkero.