Barbara Hendricks estadubatuarra izango da Getxoko XXVIII. Jazzaldiaren izar nagusia
Bagilaren 30etik garagarrilaren 4ra
Taldeen Lehiaketa txapelketeari jagokionean, aurten be gazteak eta "Hirugarren Milurtekoa" ataleko artistak izango dira protagonista, jaialdiak musikari gazteen alde egiten dauan apustuaren erakusgarri. Algortan, Getxo Antzokiko Plazan eta arratsaldeko 19:30etan hasita izango dira kontzertu honeek guztiak eta sarrerea dobanekoa izango da (Carles Margarit Group, bagilaren 30ean; Jon Urrutia Quartet, garagarrilaren 1ean; John Pinone, garagarrilaren 2an; Solid! eta Dolc Tab Jazz Project, garagarrilaren 3an).
Guztira, 15 emonaldi izango dira, jam session-ak ahaztu barik; jam session horreek Algortako Piper`s Irish Pub-ean egingo dira, Biotz Alai Plazako kontzertuak amaitu ostean eta gazteentzat zuzenduriko ekitaldiak dirala autortu dabe antolatzaileek.
Bizkaie!
Getxo Jazz izango da aurten be Euskal Herriko jazz jaialdien lehen geltokia eta Bizkaiko udalerriak lan gogorra egin dau mundu osoko kultura musikala batzen dauan jaialdi handi hau preparetako. Bagilaren 30etik garagarrilaren 4ra bitartean izango da Jazzaldia Getxon, eta Barbara Hendricks abeslari estadubatuarra izango da protagonista nagusietako bat, antolatzaileek jakinarazo dabenez.
Jazz musikearen jarraitzaileentzat lehen aukerea izango da Getxokoa baina geroago Gasteizen eta Donostian be jazzagaz gozetako modua egongo da.
Getxoko Jazzaldiak 240.000 euroko aurrekontua dauka eta Talde Lehiaketako irabazleak 3.000 euro eta garaikurra eroango ditu: ganera, CD bat grabetako aukerea eukiko dau.
Kontzertuak
Kontzertuei jagokenean, Getxoko Jazzaldiari hasikerea emoteko arduraduna Bill Bruford britainiar bateria-jolea izango da. Hurrengo egunean, garagarrilaren 1ean, hain zuzen be, Brussels Jazz Orchestraren txandea izango da.
Garagarrilaren 2an, ostera, Chano DomÃnguez andaluziarrak eskainiko dau kontzertua, jazza eta flamenkoa buztartzen dituan musikariak. Jazzaldiaren laugarren eguneko protagonistea iparramerikako McCoy Tyner konpositore eta piano-jolea izango da.
Getxo Jazz 2004 Jaialdiari amaierea emateko, Barbara Hendricks estadubatuarra izango da gure artean, nazinoarteko ahots lirikorik onenetakoa adituen esanetan. Azken kontzertu horretan, Barbara Hendricks-ek Magnus Lindgren Quartet izango dau lagun, Getxo Jazzaldiko Taldeen Lehiaketako irabazlea 2000. urtean.
Kontzertu nagusi horreek Algortako Biotz Alai plazan izango dira gaueko 21:30etan hasita. Sarreren prezioa 12 eta 65 euro bitartekoa izango da; ganera, gazte eta nagusiek prezio berezia izango dabela jakinarazo dabe antolatzaileek.