Txutxu-mutxuan  III. urtea // 64. zenbakia

Herrialde pobreen menpetasuna


Diru-laguntzen burrukea

Horrezaz ganera, herrialde garatuek oraindino be muga-zergak ezartzen dabez nekazaritzako produktuen kontra. Hori bai, pobreei traba guztiak kendu eta ateak zabal-zabalik itxi deutsiez munduko merkataritzeari.

Herrialde garatuek ezarritako muga-zergak edo euren nekazaritzeari emondako diru-laguntzak galga ikaragarria ipini deutsie kanpoko produktuei. Gauzak holan, herrialde pobreetako produktuak ezin dira lehiatu herrialde garatuetako nekazarien produktuakaz.

Ikusi danez, merkataritza librea orain arte ez da garapenerako urtenbidea izan. Herrialde aberatsak, seguru antzean, horrexegaitik gara hain aberatsak, beste batzuk oso merke produziduten dabelako guk erruz kontsumiduten doguna.

Begiluzea

Kafe atsegingarri eta ketsu bat beti izaten da gozagarria urteko edozein sasoitan. Baina inoiz pentsau dozue geure poltsikotik zenbat diru pagetan dogun kafe hori probetako? Zenbat diru jasoten dauan kafea erein eta jaso eban personeak? Eta zenbat batzen dauan produktu hori prozesau eta saltzen dauan enpresa buruak?

Adibide modura, pentsau daigun egunean-egunean edaten dogun kafea lehengai honen menpeko ekonomia daukan Hondurasetik datorrela.

Ertamerikako herrialde honetan 115 mila produktore dagoz; horreetarik % 85ek familiarteko lursail txikerretan egiten dabe behar eta produzidutako libra bakotxeko 40 zentabo jasoten dabez.

Lehenengo munduko herrialdeei merke-merke saltzen jaken kafe hori oso prezio handietan ipinten da salgai. Gurean, kafe batek 1,10 euro balio dau edozein tabernatan eta Frantzian edo Alemanian euro 2 inguru.

Paradoxea zera da: Europako konsumitzaile batek kafe katilukada bakotxeko pagetan dauana Honduras, Brasil edo Haitiko produktore xume baten 6tik 12 ordura arteko beharraren baliokidea dala, baina azken honek sekula ez dauz irabaziak gehitzen. Irabaziak beste batzuen esku lotzen dira.

UNCTADen batzarra

Hori berori izan zan Nazio Batuek Merkataritza eta Garapenerako azken Batzarrean (UNCTAD) jorraturiko gaietariko bat.

Merkataritza libreko itunen bitartez eta merkatuak guztiz zabaldu ostean, herrialde pobreek ez dabe lortu pobreziatik urtetea, ez eta behar barik dagozanen kopurua murriztea be. Ganera, batzar horretan naziorik pobreenetako buruzagiek argi eta garbi itxi eben garapen bidean dagozan nazinoek gero eta merkeago saldu eta gero eta karuago erosi behar dabela.

Eta ez hori bakarrik. Euren salgaien prezioak (gehienetan lehengaiak) gero eta beherago dagoz, baina, bien bitartean, nazinoarteko enpresa handiek prozesauriko ondasunen azkenengo salneurrien irabazirik gehienak eskuratzen dabez.

UNCTADen txosten baten arioan, lehengai eta elikagaien prezioen gorabeherek –hidrokarburoak, mineralak, kafea, kakaoa, algodoia eta bestelakoak- garapen bidean dagozan herrialdeen ekonomiei itzelezko kaltea egin deutsee, pobreen eta behar barik dagozanen kopuruak handituz.

Adibide bat aitatzearren, UNCTADek arduratzeko moduko datu bat plazaratu eban. Egindako kalkuluen arabera, kafea produziduten daben herrialdeek 19.000 milioi dolar gitxiago jaso ebezan 1999tik 2002ra bitartean, 1998an egozan prezioen aldean. Gaur egun daukiezan diru sarrerak 90eko hamarkadako erdialdean eukiezanen heren bat besterik ez dira.

Honaino ailegauta, pentsau daigun zelan biderkatzen dan eragin hori, kontuan hartzen badogu 39 herrialderen ekonomiak oinarrizko produktu bakar baten menpe dagozana. Merke saldu eta karu erosikeran, nazino horren garapen ekonomikoa guztiz kolokan dago.

Merkataritza libreko itunak 1995ean sortu ziran, guztioi irabazi handiak ekarriko euskuzala aldarrikatuz; besteak beste oinarrizko produktuen prezioen gorabeherak amaitu eta barruko konsumoa handituko zala aitatu zan.

Aurreikuspenak ez ziran bete eta betiko moduan jokalari handiek jarraitzen dabe merkatuko prezioak ezartzen.