Harry Potter and the prisoner of Azkaban
Aurreko film bietan legez, honako hau be bihurrikeriaz eta egoera bitxi eta xelebrez betetako pelikulea dogu. Edozelan be, personaien edadeak gora egin dauan neurrian, istorioa garatzeko ñabardurak derrigorrean aldatu behar izan dira. Gauzak holan, irakasleen esanak hain modu zintzoan beteten ez daben eta ikasgaiak kolokan ipinteko gauza diran personaiak ikusiko doguz. Ganera, gaztetxuen munduan ohikoak diran gorabeherak igarriko dira, berbarako bakardadearen eta maitasun faltearen inguruan sorturiko itaunak.
Bestalde, istorio hau suspenseko filmen eremuan sartu da, abenturen lurraldea bazter itxiz. Alde horretatik, kontakizuna girotzeko osogaiak ilun, baltz eta makurragoak dira. Tensino dramatikoak be indarra hartu eta misterio, mendeku eta adiskidantzen esparrua zabaldu da.
Horrenbestez, hirugarren pelikula hau mehatxu eta arrisku behe-laino trinko batez estaldu da. Dan-dana serioagoa eta garrantzitsuagoa da, beharbada umeak daborduko gazteak izateko bidean dagozalako eta xalotasuna halabeharrez eta gureztala galdu behar dabelako. Aurreko film biak zuen gustokoak izan baziran, honako hau osoago eta erakargarriagoa begitanduko jatzue, helduagoa.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Alfonso Cuarón.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 136 minutu.
- Antzezleak: Daniel Radcliffe (Harry Potter), Emma Watson (Hermione Granger), Rupert Grint (Ron Weasley), Robbie Coltrane (Hagrid), Gary Oldman (Sirius Black), Michael Gambon (Albus Dumbledore), Richard Griffiths (Vernon), Fiona Shaw (Petunia), Alan Rickman (Severus Snape), Maggie Smith (Minerva McGonagall), Timothy Spall (Peter Pettigrew), David Thewlis (Remus J. Lupin), Tom Felton (Draco Malfoy), Julie Christie (Madame Rosmerta), Emma Thompson (Sybil Trelawney).
- Gidoia: Steve Kloves; J. K. Rowling-en nobelan oinarrituta.