Euskal Herritik aparte (Xabier Amuriza)
Euskal Herritik aparte
1
Euskal Herritik aparte
mila legoa bitarte
esku ta hanka loturik preso
Zamoran naukate.
Pentsaturik zenbat urte
behar dogun hemen bete
pazientzia hartu beharko
libre itxi arte.
2
Nahiz ta kriminal ez izan
kaiola txorien gisan
bost gizon handik kolpera preso
sartu ginduezan.
Baina zegaitik izan zan
nahi neuke poliki esan
inozentzian bizi diranak
itxartu daitezan.
3
Maiatzeko egun batez
hogetamar hain suertez
gose greba bat hasi genduan
geure borondatez.
Goitik laguntzarik bapez
guztia zan geure kaltez
obispo ta apaiz kolko handiak
lasai bizi beitez.
4
Pentsatutako moduan
Bilboko Obispaduan
sotanu baten gela zahartxo bat
atondu genduan.
Poliziak inguruan
jarri jakuzan behinguan
gure sabelak etzun goserik
sentitzen orduan.
5
Paper bat geunkan egina
laburra baina gordina
bertan azaltzen genduan Euskal
Herriko samina.
Zer sermoi ta zer dotrina!
Bazan zerbaiten premina
barriro ere egingo geunke
kanpoan bagina.
6
Hiru egun ta erdira
lotu ta komisarira
ardi gaxoen antzera goaz
geure hiltegira.
Jotzen hasiko balira
bizkarrik ez erretira
lehenago ere emondakoak
danak hartu dira.
7
Geroztik astebetera
tribunal faltso batera
azaldu ginan gure krimenen
kontu emotera.
Mila arrazoi atera
ebezan gure kaltera
karga ederra debalde jaso
genduan kolpera.
8
Tribunaleko nausia
trumoi artetik jausia
gizona ala piztia zer zan
dudan gagoz ia.
Eztula ta aharrausia
haren zientzi guzia
esku honetan dago, mutilak
gure justizia.
9
Ezker eta eskubira
ha zan ezpata dizdira
pentsa zeiteken sartu ginala
subeen habira.
Ikaraz nengon begira
bost juezen aurpegira
akerrak ere haien ondoan
pizti finak dira.
10
Juizio zelebre hatan
poz bat neban neure baitan
halako pizti saila debalde
ikustea bertan.
Baian gauza baten faltan
geratu nintzan penatan
buztanik euken begiratzea
ahaztu egin jatan.
11
Aitortu nahi dot hortako
abogaduak ainako
saio bikainik San Pedrok ere
ez eban botako.
Baina guztia zetako
alperrik hitz baterako
berbetan jardun nahiz zaunka egin
bardin zan harako.
12
España bat, handia ta
librea zelan ez kanta
Gibraltar izan ezean hemen
ez da ezer falta.
Askatasunez aparta
handian barriz galanta
holako España bat izan behar
besterik ez da-ta.
13
Agur eginik Burgosi
nahizta ez asko merezi
bueltan gentozen Criado jauna
gendula nagusi.
Bakotxak zazpi polizi
euren pistola ta guzi
bideak libre ziran igesi
nahi bagendun hasi.
14
Heldu ginan Zamorara
inpernu zulo hontara
Jainkorik bada dagon lekutik
gaizala anpara.
Urte batzuren bolada
gu hemen izango gara
bien bitarte Euskal Herria
askatzen ez bada.
15
Pilatos eta Herodes
izan dira gure juez
Ana ta Kaifas ere gustora
geratu daitekez.
Hala ere gure partez
lasai gagoz eta bakez
askatasuna kendu dauskue
baina umorerik ez.
16
Horra amaitu baino lehen
bost gizonok nortzuk ginen
bat da Gabika hurren Kaltzada
Naberan ondoren.
Amuriza da laugarren
nor falta ete da hemen
guztion buru Nikola jarri
behar neban goren.
Xabier Amuriza
'Preso dagoenak askatasunari ez deutso pisurik ikusten. Bai, ostera, behar dau katigutza zegaz bete, zenbat hutsago, hainbat astunago baita, eta nik, bertsolaritzaz egitea pentsatua neukan lanez ganera, benetako bertsolari izatea pentsetako be banebala denporea sobran bururatzen hasi jatan, bide batez espetxealdia eroateko ames polit bat izan eitekeelarik.'
Xabier Amurizaren berbak dira. 'Enaz Banaz' liburu autobiografikoan topau leitekez, 1968an hasitako espetxealdia gogoratzen dauen atalean. Han bertsoak izan zituan barrenak nasaitu eta burua beharrean ipinteko tresna. Ordukoa da bertsotan atalera dakargun 'Euskal Herritik aparte' sortea.
Xabier Amuriza Bizkaiko Etxanon jaio zan 1941eko Maiatzaren 3an eta gaur egun Berrizko Andikoa auzoan bizi da. 1965ean abade egin zan eta 1968an hasita zazpi urte egin zituan preso hiru espetxealditan. Euskal Herriko Bertsolarien txapeldun birritan izandakoa (1980 eta 1982), sortzaile oparoa dogu eta hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, 'Menditik mundura', 'Oromendiarrieta', 'Herri eta irri', 'Hitzaren Kirol Nazionala', 'Bizkaiko Bertsogintza I eta II' eta aitatutako 'Enaz Banaz'. Plazaratutako diskoen artean 'Anje Duhalde Amurizaren kantari', 'Bizkaiko Kopla Zaharrak' eta 'Xalbador, bat-bateko mirakulua'. Aitatzekoa da diskootan bertsogintzearen doinutegiari egindako ekarpen zabala.
Bertso-jartzaile bikaina da Xabier
Bai kantidadean bai kalidadean, Euskal Herriko bertso-jartzailerik oparoena dalakoan nago. Haren aleak bere diskoetan ez eze, euskal kantutegian eta musikagintzan barrena topau leitekez. Orriotara dakarguzan bertsoak 68ko espetxealdian idatzitakoak dira. Bilboko Gotzaindegiko gose greba baten ostean atxilotu, Burgosko auzitegi militarrean 'ez dakit ze mailatako subersinoa' egotzita kondenau eta Basauriko kartzelan sartu zituen '5 abade gorriak'. Bertan idazten hasi eta Zamorako kartzelan burutu eban sorta hau, euren ekintza eta ondorioen barri emonaz osotutako kronika errimatua. 'Askatasuna kendu deuskue baina umorerik ez'. Bizkaieraz idatzia, 'Menditik mundura' bere lehenengo liburuan be topauko dogu partitura eta guzti.
Autortu dot Amurizaren lanaz daukadan eretxia, eta ez dot amaitu gura bertsozaleari haren lana ezagutu daian gomendau barik. Beste bertsolari batzuen antologiak deskubriduteaz zeozer dakianari be topau deutsaguz bertso antologikoak. Hitzaren kirol nazional moduan definidu eban berak bertsolaritzea eta berau goi-mailako kirolaria da.
Iñaki Aurrekoetxea