Bidaide  III. urtea // 64. zenbakia

Egipto (II)


- Altxor handiena: Gizako piramideak.

Bai, holan da. Sarritan ikusi doguz argazkietan edo dokumentaletan baina aurrez aurre ikustea esperientzia ederra da. Gaur egun ia-ia gastauta dagozan arren, antxina granito eta marmolagaz apainduta egozan. Ezagunenak Keops, Kefren eta Mikerinos dira baina Sakarakoak be ikusgarriak dira. Ikuskizun aparta dira.

- Kairo, barriz, hain estresantea da?

Batzuentzat bai, niri, ostera, asko gutasu jatan. Kairo Egiptoko arimea da, bizi-bizia; azokak, sinagogak, eleizak, mezkitak, museoak edonon dagoz. Museoen artean bat azpimarrauko neuke, Museo Nazionala hain zuzen be; bertan arte egipziarraren 200.000 pieza baino gehiago dagoz eta, jakina, baita momiak be. Batzuei ez jakez gustetan eta enpagua be emoten deutse baina niri asko gustau jatazan, izan be, orain 3000 urte bizi ziran faraoiakaz aurrez aurre egotea lakoa da. Trafikoaren arauak apur bat berezitxuak dira baina, oro har, uri segurua da.

- 'Bidaide' atalean, herritarrak ezagutu gura izaten doguz. Zelakoa da egipziarra?

Tour edo zirkuitoetan ez da aukera larregi izaten jenteagaz hartu-emonetan hasteko eta gatxa izaten da hor sakontzea. Normalean turisteari begira dagozan lagunak baino ez dozuz ezagutzen. Zorionez, jente jatorragaz tratau dogu baina kontuan hartu behar da, turismoa dala euren diru iturri nagusiena eta, jakina, badakie ondo turistakaz ondo konpondu behar dirala. Turismoari esker bizi dira eta menpekotasun arriskutsua igarri neban ze pentsau behar dozu turismoak gorabehera handiak izaten dituala; nahikoa izaten da edozein desoreka politiko edo ekonomiko turismoaren indarra hankaz gora joateko.

- Turismoaren masifikazinoak zelan eragiten dau?

Nahikoa gogaikarria izaten da. Filmeetan beti ikusten doguz piramideak eta tenpluak hutsik baina munduko bazter guztietatik hurreratutako jentez gainezka egoten dira. Piramideen kanpoaldeetan normala izaten da 20-30 autobus inguru ikustea, atara kontuak!

Holan ibili beharra pena bat da baina danok daukagu Egiptoko edertasunakaz gozetako eskubidea. Kontua da ze bidaiari independienteak be ez dirala masifikazino horretatik libretan; turistak hor dagoz eta ez dago ezer egiterik; zeozelan, horixe da gurearen zuztarretan dagoan kultureagaz gozetako sufridu behar dogun kargea. Halan da be, ahaztuezineko esperientzia izan da.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Ana Aldama / Teresa Virto

Egiptora bueltan barriro, 'Bidaide' atalean ohikoa ez dan ikuspegia eskainiko deutsuegu oraingo honetan. Herrialdeari bizia emoten deutson Nilo ibaian zehar dabilen itsasontzi batetik ezagutuko dogu. Hiru pisutan, 50 logela inguru dituan lujo handiko hotel-itsasontzia da. Dana dala, txartela ez da karuegia, sasoirik karuenean, persona bakotxeko 600 euro pagauta, zortzi egunetan Egipto iparraldetik hegoaldera arteko bidea egin daiteke Nilon zehar, Abu Simbeletik Kairora bitartean, bidean herrialdeko monumenturik ederrenak ikusteko geldialdiak eginaz. Ganera, prezioan sartuta dagoz autobusez eta hegazkinez egin beharreko ibilbide batzuk. Euskaldun asko ibilten ei dira era horretako esperientzietan eta Jesus A. Etxebarriak egindako bidaiaren ganeko pasadizuak kontauko deutsueguz.

- Herrialde bat zortzi egunetan bisitetea estresantea be izango zan...

Bai. Erlojuaren kontrako lasterketea da eta turisteak denporearen eta espazioaren kontzeptuak galtzen ditu. Egia da gauza asko ikusten dirala baina sakontzea ezinezkoa izaten da; hau ikusteko ordubete, ha ikusteko ordu erdi eta jatordua egiteko hamar minutu; azkenean, Egiptoren trailerra ikusi dozula emoten dau.

- Polita da deskribapen hori...Egiptoko trailerra. Dana dala, film interesgarriaren aurrerapena izango da, ezta?

Jakina. Egipto zoragarria da, betiko amesa izan da niretzako; txikitatik Egiptoko kultureagaz, tenpluakaz, piramideakaz eta jeroglifikoakaz maiteminduta egon naz eta orain nire begiakaz ikusi ahal izan dot Egiptoko gizartearen edertasuna.

- Zergaitik dira bereziak era honetako bidaiak?

Goitik behera ezagutzen dozu herrialdea. Ibilbideari Abu Simbelen ekin geuntson, Ramsés II eta Nefertari tenplu ezagunak dagozan lekuan. Hortik, autobusez iparralderantz egiten da, Asuanerantz hain zuzen eta hor itsasontzia hartu eta Nilon zehar Luxorrera heltzen zara. Azkenik, hezgakinean salto baten heltzen zara Kairora.

- Egipton, tenplu ugari dago. Zertarako ziran?

Tenpluak Egiptoko kulturearen zentru ziran zeozelan esateko. Jainkoen gurtzarako leku ez eze, kultureari dedikautako lekuak ziran. Faraoiek euren boterea eta indarra erakusteko eregiten ebezan baina jainkoen ohorez be egiten ebezan ze euren sinismenaren arabera, Jainkoen indarra jasoteko nahitaezko baldintza zan.

- Zelakoak dira tenpluak?

Egiturea bardin antzekoa da danatan. Harresiz inguratutakoak izaten dira eta aurrez aurre patioa daukan ate batetik eukiten dabe sarbidea. Barren-barrenean tenplua eta bestelako gela batzuk egoten dira. Ikusgarriena tanpluaren eta gela batzuen neurria da, kasu batzuetan, San Mames futbol zelaiaren neurrikoak dira eta.

- Guztia grabatu eta jeroglifikoakaz ondo horniduta egongo da, ezta?

Bai. Hormak grabatu eta pintura zoragarrikaz ondo horniduta dagoz eta gela bakotxak bere jeroglifiko zehatzak daukaz. Tenpluan jainkoei dedikautakoak izaten dira eta ganerako gelatan bestelako gaiei buruzkoak, sasoiko bizimoduaren ganekoak, medikuen metodoak...; jeroglifikoak liburuen antzekoak dira baina harrietan idatzitakoak.

- Luxor eta Karnak be ezin doguz ahaztu...

Zelan ahaztuko doguz ba! Tenplu bi horreek Tebasen dagoz, antxina uriburu izandako Tebasen. Alboetan esfingeak dituan etorbide zabaletik heltzen da eta Karnaken kasuan, ahari buruak dabezan esfingeak dagoz; azkenean, zutabe ederrak dituan patio bat dago. Hortxe dago kakarraldo sagratua. Benetan bitxia da ze egipziarrek ibaiaren ekialdea bizientzako eraikuntzetarako aukeratu eben eta mendebaldea, barriz, hildakoentzat; 'erregen harana' izenagaz ezagutzen da leku hori.

Luxor eta Karnakeko tenpluak harearen azpian, hamar metroko sakoneran egozan eta horreri eskerrak barri-barri egon ziran britainiarrak sartu arte. Orduantxe hasi ziran lapurretak. Tenplua azpian egoala jakin barik, mezkitea gainean eregi eben eta, geroago, harea kendu ostean, goi-goian geratu da lurretik hamar metrora. 'Erregeen haranean' faraoien momiak gordetan ebezan eta gaur egun badago modua leku horreetara heltzeko baina leku estu eta aldatz handikoak dira eta klaustrofobia daukienentzat ez da bape gomendagarria.