San Juan suaren inguruan
Salto egin eta Gorbeia mendiaren inguruan, Arratiako bailaran dagoan Arantzazura joango gara. San Juan eguna baino pare bat egun lehenago, loreak batu eta erramua egin ostean, meza nagusira eroaten ziran bedeinkatzeko. Kontetan dan legez, Anbotoko Andreak aharia ostu eutson artzain bateri. Artzaina, loreak hartu eta lagun bategaz batera, Anbotoko Damea bizi zan leize zuloraino joan zan. Orduan, ahariagaz egoan Anboto Damea, eta amuletoa ikusi ebanean, arrapaladan urten eban.
Arraiotzen, barriz, San Juan ohitureak ekaitzetatik babesteko balio eban. Holan, San Juan bezperan elorri zuriaren adarrak ebagiten ziran eta San Juan lore, intxaur hosto eta garo-erramua egiten zan. Erramu hau San Juan eguneko mezan bedeinkatzen zan eta kamaran ixten eben sikatzen. Ekaitza egoanean, erramuko loreen eskukada bat hartu eta surtara botaten zan. Gero, kandela bat bizten zan ekaitza baretu arte. Antzeko egoeran, Aiako herrian honako konjurua botaten eben bertoko Semeola baserrikoak: “Izarraitzen karga, Ernion deskarga, Altzolan gorde, en demas Semeola”.
Ekaitzetatik babesteko asmoz, Elduaienen, San Juan goizean lizarra edo gorosti adarrak hartu eta etxearen atearen alde bietan ipinten ziran. Sikatzen ziranean, kendu egiten ebezan. Holan, etxea ekaitzetatik babestuta geratzen ei zan urte osorako.
Barriro be Bizkaian, Zornotzan berbarako, herniak osatzeko balio eban santuaren bedeinkazinoak. Horretarako, San Juan ermitearen inguruan egoan harestira eroan behar eben gaixoduna bere anaia bik. Orduan, bertoko arbola bateri erdian zuloa egin eta anaia batek besteari zulotik umea emoten eutson. Gero, azken honek zugatxaren kanpoko aldetik emoten eutson bueltan. Hori hiru bider egin behar zan, eta arboleak bizirik segiduten baeban, umea osatu egiten zan; bestela, arbolea hil ezkero, gaixoa ez zan osatuko.
Salto egin eta Donostian kontetan ebena aitatuko dogu oraingoan, Pio Barojak berak idatzi baten batzen dauan kontakizun bat. Antza, San Juan gauaz uregaz betetako baso batean arrautza bat ipini ezkero, bela-ontzia ikusten ei da.
Beasainetik hur dagoan Amezketan, Euskadiko beste hainbat lekutan legez, San Juan bezperan sua biztu eta herritarrak haren ganetik salto egiten ahalegintzen ziran, “Biba San Juan Sua Biba” arrantza eginez. Labaienen, barriz, ohiturea bardina izanda be, gazteek “Sarna fuera, gaixtuk kanpora, onak barrenera” esaten eben. Iparraldean dagoan Saran, bide gurutze batean biztuten eben San Juan sua. Bertakoek, sua biztuta egoala, haren inguruan errosarioa errezetan eben. Euren ustez, holan eguzkiari urteten eta urte osoko ibilbidea egiten laguntzen eutsien.
Gipuzkoan oraindino, Tolosa aldean, Berastegin, San Juan jaia iragarteko, bezperatik hasten ziran kanpaiak joten. Ordutik hasita, herriko gazteak soloetan txoriak bildurtzeko egoten diran mozorroak hartu eta San Juan surtara botaten ebezen gauean.
Oiartzunen, San Juan gauan, lastoa erreteko ohiturea euken, herriko sineskerearen arabera holan ebitetan ziralako soloetako urte osoko gaixo eta gatxak. Ohitura hau Zornotzan eta Larrabetzun be baegoan.
Azkenik, esan daigun Aurizberrin bedeinkatutako erramuagaz kurutzea egiten ebela. Kandelario egunean, kurutzeari hiru argizari gota bota eta soloan ipinten eben.
Horrexek ba, gure herrian San Juan egunagaz lotuta dagozan ohituretariko batzuk.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
San Juan eguna, edo gaua, hobeto esanda, jazoera magikoa dogu gure artean. Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena, solstizioa hain zuzen be, beti izan da euskaldunentzako egun berezia. Ospakizunak, gehienetan suagaz lotuta, ia gure inguruko herri guztietan egiten dira. Ganera, jakintsu askok azterketa ugari egin dabez ospakizun honeen ganean: Barandiaran, Caro Baroja.....; gehienetan ospakizunak neguaren eta udearen arteko saltoan izaten dira, hau da, negu hotza, triste eta iluna ahaztu eta udeari merezi dauan harrerea egiteko. Bizi barri bateri aurre egiteko aukera moduan interpretetan da urteko sasoi hau.
San Juanak edo Donienak jatorkuzala eta, hurrengo lerroetan jai honen ganean dagozan hainbat istorio eta kontakizunen artean, Euskal Herriko herri desbardinetako ohiturak aukeratu doguz. Holan ba, San Juanak atxakitzat hartuta, gure herrietatik osteratxuoa egingo dogu.
Bidaia Gipuzkoako Anoetan hasiko dogu. Hemen San Juan hirugarrenean arratsaldeko laurak aldera oilasko jokoa ospatzeko ohiturea egoan. Oilaskoakaz amaitu eta gero, mutilek aurreskua egiten eben jantzan.