Jan-edanak  III. urtea // 64. zenbakia

Ardaoen gaixotasunak


Gehienetan, gaixorik dagozan ardao gehienak kortxo txarragaz eta oxigeno edo azufreagaz daukie zerikusia. Honeek izaten dira upategietako puntu arriskutsuenak.

Askotan entzuten dogu ‘oxidau’ berbea. Berba hau ardaoak oxigeno asko hartzen dauanean erabilten da. Deskripzino generikoa da, normalean txarto gorde dogulako (bero larregigaz) edo kortxo eskasa euki daualako; bertatik oxigenoa sartu ostean sortzen diran alterazinoek eragiten dabe gaixotasuna. Bai ardao zurietan, baita baltzetan be, koloreak esango deusku oxidauta dagoan ala ez. Izan be, ardao zuriek normalean baino kolore horiagoa eukiko dabe. Baltzak, barriz, kolorea galdu eta laranja kolorea hartuko dabe. Sudurrean be igarriko dogu, izan be, freskotasuna galtzen dabe, intensidadea galtzen doaz eta gero eta usain gitxiago eukiko dabe. Ardao zurietan, Jerezeko ardaoek daukien usaina agertzen da. Baltzetan, barriz, karamelu eta mahaspasearen aromeak dinosku ardaoa oxidauta dagoala.

Azetikoa be oxidazioagaitik izan daiteke. Azido honek ozpina ekarriko deusku gogora, eta ardaoa oxigenoagaz kontaktuan ipinten dogunean sortu daiteke.

Beste gaixotasun bat azufre dioxidoak eragindako hatsa izan daiteke. Azufre dioxidoa enologian gauza askotarako erabilten da, baina neurrian ez badogu erabilten, mistoak bizten doguzanean sortutako usain larria ekarriko deusku gogora. Usain hau igarten dogunean, desagertarazoteko ardaoa dekantetea izan daiteke konponbidea, holan aroma horreek lurrundu eta desagertu egingo diralako.

Sufhidrikoa be gaixotasun normala izaten da ardaogintzan. Gaixotasun honek arrautz ustelaren hatsa ekarriko deusku gogora. Intensidadea bajua bada, dekantazinoagaz joan daiteke, baina hats asko badago, askotan ezin izango dogu ezer egin.

Azkenik kortxo usaina edo Tricloroanisola (T.C.A.) daukagu. Usain hau kortxoak emoten dau. Kortxoa edo barrikeak kloroagaz garbitzen hasi ziranean sortu zan usain hau eta upategi umelaren usaina dauka. Honek fruta lurrunak maskaratzen ditu eta zenbat eta denpora gehiago euki botilea zabalduta, orduan eta usain gehiago igarriko dogu. Gaixotasun honen kontra, baina, ezin izango dogu ezer egin.

Mikel Garaizabal,
enologoa eta sommelierra

Gaur egun, gero eta ardao hobeak egiten dira nire ustez. Ardao botilea edegi eta berau gaixorik egotea oso gatxa izaten da. Motibo askogaitik ez doguz ikusten merkatuan ardao gaixoak: batetik, upategien garbitasunagaitik, izan be, gero eta garbiago egoten dira eta instituzioek kontrol zorrotzak egiten dabez, eta beste alde batetik, makinaria aldagatxa (lurrunik ez dabenak botaten) erabilten dabelako. Azkenik, enologoek be kalidadearen bidea hartu dabela esan beharra dago.

Gauzak asko aldatu diran arren, ardaoa, personen moduan, jaio, bizi eta hil egiten da. Honen kontra egiteko aurrerakuntza handiak egon dira azken aldian, baina oraindino ez dabe ezer asmau. Horregaitik, gaur, ardaoak eukiten dabezan gaixotasunen barri emongo deutsuet.