Bertsotzaindia III
Bertsoen zuzentasuna gaur egun
Bertsotan, ahal dala, gauzak behin esan behar dira, ondo ala txarto. Ondo esaten danean, ez da arazorik egoten, baina txarto esaten danean, askotan bertsolariak berak be aurpegian adierazoten dau bere akatsa. Emon daigun inork botatako bertsoaren lehen zatiak holan dakarrela:
Bizkaie behingoz noiz barrituko
pasetan jaku astea,
komeni baita maite doguna
sarriago ikustea,
Hona arte, bertsolariak EGA gainditzeko moduko bertsoa bota dau, eta jente ez hain euskaldun barriak be, mikrofono atzekoa euskaldun petoa dala pentsauko dau. Ostera, pentsau daigun orain bertsoa holan amaitzen dala:
senarrak pozik irakurten dau,
berdin dabil emaztea,
pantaila aurrean dagoz amama
eta biloba gaztea...
poz emoten dau halakoetan
bizkaitarra izatea(k)
Kasu honetan, zuzentasunak errima aldatzea eskatzen deusku; beste aukera bat zuzentasuna alde batera ixtea izaten da, eta hain zuzen be, hori izaten da bertsolarien gehiengoak egiten dauana. Azken batean, bertsolariak ez dau kantetan bere zuzentasunaren apologia egiteko, bere ideiak gura legez transmitiduteko baino. Zintzilik lotzen jakuz “gerade, kantatutzen, dadukat” eta holako berbak, bertsolariek silaba beharra daukienean silabak asmau edo luzatzen dabezala frogatzen daben laginak.
Xabier Paia
Artikulu honek amaierea emongo deutso hiru zatiko zuzentasunaren ganeko atalari, baina amaitzen hasi baino lehen, zer edo zer argitu gura neuke, hasikeran egin behar nebana: bertsotzaindia berbea ez dot neuk asmau. Ez dakit Karlos Aizpuruak berak egin eban, baina esan neike berak erabili ebala lehenengoz, neuk dakidala.
Orain hiru urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa sasoian, Karlosek txapelketearen ganeko artikuluak idazten ebazan, eta horreetako bat txapelketa haretako bertsolarien zuzentasunari buruz egin eban. Bere artikuluan, Karlosek bertsolari batzuek euskerea oker erabilteko eukeen zaletasuna salatzen eban. Adibide zehatzakaz osotzen eban bere salaketea, baina mueta askotako akatsak azaltzen ziran letra etzanean idatzita.
Neuk ez dot kategoriaren araberako banaketarik egingo, baina badagoz bertsolaritzak ekarritako akats edo jazarpen linguistikoak, eta horreetako nabarmenena azpimarratu gurako neuke: