Eretxia  I. urtea // 5. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 1a - Hamaboskaria

Globalizazinoa, gizateriaren galgarria edo salbatzailea?


Honaino, beraz, globalizazinoaren aldeko eta kontrako zertzelada batzuk. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko deuskun, aurreikuspen guztietan gauza seguru bakarra topau geinkelako, aurreikuspenak besterik ez dirala eta huts egiten dabela. Bien bitartean, ekonomiaren egituraketearen eta teknologia barrien ondorioz, globalizazinoaren prozesua sendotu eta indartzen doa eten barik. Ondorioz, planetearen ertz baten pasetan danak beste ertzari eragiten deutso, onerako zein txarrerako.

Joseba Terreros

Garapen ekonomiko eta teknologikoak benetako askatasunera eroango ete ginduzan eztabaidatukeran, globalizazinoaren kontrako lehenengo jokaerak sortu ziran. Izan be, ekonomia globalaren prozesuak aurrera egiteagaz batera, sartaldeko herrialdeetako bizi-baldintzak ageriko moduan hobetu dira. Dana dala, herrialde garatuek eta Asiako sortaldean garapen bidean dagozan herrialde batzuek eskuratu dabez prozesu honen onurak eta etekinak. Bien bitartean, herrialde pobreak gero eta pobreagoak dira eta ez dau emoten sistema honek miseria gorri horretatik atarateko aukera larregirik emoten deutsenik. Era berean, nazinoarteko erakundeen erabagi-ahalmena handitu eta erabagiteko guneak herritarrakandik gero eta urrunago dagoz. Bidegabekeria horreei aurre egin guran, globalizazinoaren kontrako mobimendua sortu da.

Globalizazinoaren aurkako mobimendua sensibilidade desbardinetako makina bat jokaerak eta ideologiak osotzen dabe; horreen artean, mundu osoko talde ekologistak, sindikatuak, GKEak, anarkistak eta norbanakoak aitatu geinkez. Sarritan kontrajarten diran taldeak dira, baina helburua bakarra da: nazinoez ganeko erakundeen kontra jotea. Honeen eretxiz, erakundeok herrialde aberatsen alde egiten dabe, pobreenen eta munduko dibersidadearen kalterako, eta munduari zein herritarrei eragiten deutseen erabagi garrantzitsuak hartzen dabez, legitimotasun demokratiko barik. Gaia benetan korapilatsua da eta globalizazinoaren aldeko eta aurkako arrazoiak emotea erraza ez dan arren, idazki honetan horreetariko hainbat aitatuko doguz, bakotxak bere ondorioak atara daizan.

Globalizazinoaren aldeko eta kontrako argudioak

Globalizazinoaren aldekoek modu sutsuan baieztatzen dabe muga bako merkataritzea beharginen onurarako tresnea dala, aberastasuna sortuarazoten dauelako. Herrialde bakotxak askatasunez salerosteko aukerea badauka, euren eretxiz, teknologia barrien trukaketea erraztu eta mundu osoko hezkuntzea, osasuna eta ingurumena hobetuko dira. Ganera, adibide modura aitatu ohi dabe azpigaratuta egozan hainbat herrialdek, batez be Asiako sortaldekoek, arian-arian baina urte gitxitan jadetsitako ongizate mailea, beti be produktibidadea, enpleguaren malgutasuna eta merkataritzako agresibidadea buztartzen zituen politika ekonomikoei esker. Halandaze, hasikerako fase batean herrialdeen arteko aldeak handitu eta oztopo zein traba ugari sortu arren, epe ertain eta luzean globalizazinoa guztiz onuragarria izango da, finantza eta diru merkatuen ezegonkortasunari aurre egin eta ondorioz krisialdi latzak ebitetako bitarteko ezin hobea dalako. Azkenik, ezelako muga bako munduaren aldekoek gogora ekarri ohi deuskue globalizazinoa planeta osoko informazino eta kulturara ailegetako lanabesa izan daitekela, kulturok eremu txiki eta murritzekoak badira be.

Glogalizazinoaren aurkako mobimenduek, ostera, merkataritzako hesiak botaten tematzen diran nazinoarteko finantza erakundeak enpresa handien interesen alde dabilzala beharrean pentsetan dabe, beti be ingurumena, giza eskubideak eta beharginen eskubideak kontuan hartu barik. Gauzak holan dirala, herrialde pobreek erakunde honeekaz hartzen dituen zorrek miseria eta menpekotasun ekonomikoa sortuarazoten deutseez. Izan be, herrialde horreetariko asko esportazinorako monolaborantzeari esker bizi dira eta horreen balioa merkatua kontroletan daben enpresa gitxi batzuen prezioen gorabeheretan dago. Prezioak jaistea nahikoa da estadu oso bat pobretzeko. Areago, lehiakorrak izateko, herrialde pobreak eskulan merkearen menpean dagoz; ganera, lan baldintza latzak eta umeen esplotazinoa onartu behar izaten dabez.

Beste alde batetik, nazinoez ganeko erakundeek gero eta indar handiagoa hartzen dabilzanez, gobernuen boterea ahultzen doa eta horrek demokraziaren defizita handitzen dau. Horrezaz ganera, globalizazinoaren jazoera soziologikoa oso kritikatua da herrialde txikien eta honeen kulturearen izakerea galbidean ipintea ekarri leikelako. Halandaze, globalizazinoaren aurkako mobimenduen helbururik garrantzitsuenetariko bat da kapital handiari, enpresa multinazionalei eta, hareen ustez, horreen tresna diran nazinoarteko erakundeei galgea ipintea, alternatiba bakar modura aurkezten dan filosofia politiko eta ekonomiko honek herrialde, herritar eta gobernuak zapaldu ez daizan.

Globalizazinoaren ondorioetariko batzuk kopurutan

Prozesua hain korapilatsua izanda, globalizazinoa zer dan azaltzea zeregin gatx-gatxa da; edozein kasutan, zenbatekoak eta kopuruak oso lagungarriak izaten dira egungo munduaren egituraketea zertan datzan hobeto ulertzeko. Hona hemen, beraz, hotz-hotzean kopuru horreetariko batzuk:

• FAOren esanetan, 1999an 30 miloe persona gosez hil ziran.
• 1990ean 822 miloe persona goseak jota egozan. 1998an, 828 miloe izan ziran. FAOren eretxiz, gure planeteak gaur egungo biztanleria halako bi elikatu leike.
• Azken 50 urteotan munduko ekonomia sei bider ugaritu da. Gaur egun 30 biloe dolarrekoa dala kalkuletan da. Merkataritzeari hesirik gitxien ipinten deutsiezanak bizkorrago hazten dira: urtean batez beste % 6 hazten dira; herrialderik zarratuenak, ostera, ez dira % 2ko hazkundera heltzen.
• Egunetik egunera handitzen doa aberats eta pobreen arteko aldea. Esate baterako, munduko personarik aberatsenek gizateriaren erdiak beste diru dabe. AEBetan personen % 20rik aberatsenak aberastasunaren % 84,6 dabe; estadu batuarren % 13, barriz, pobre ofizialtzat hartzen da. Munduko 225 personarik aberatsenen finantza ondasunak herrialde pobreetako 2.500 miloe personen errentearen parekoak dira.
• 1990etik egunero dolar bategaz bizi diran personen kopurua ez da 1.200 miloeko kopurutik jaitsi. Eta egunean 2.800 miloek, hau da, gizateriaren erdiak, ez dauka dolar bi baino gehiago.
• Munduko ehun erakunde ekonomikorik garrantzitsuenetarik 51 multinazionalak dira eta 49 estaduak.