Kartzela politikan, sozialistakaz aldaketarik ez
Esan leiteke, bestaldetik presoen sakabanaketeak ez daukala prensa onik euskal gizartean. Euskadirena gizarte txikia da eta gehienok ezagutzen dogu alkar. Gauzak holan, gutako askok argi ikusi dogu ez dauala ezer konpontzen. Konpondu barik, egoerea petraldu egiten dau sakabanaketeak. Baten batek "keinuak" espero ebazan sozialisten aldetik. Baina Zapaterok Irakeko auzian erakutsi eban ausardia Euskadiko mugan geratu da.
IƱaki Atxutegi
Oraintsu etorri da Euskadira Mercedes Gallizo, Madrileko Gobernuaren kartzeletako arduraduna. Hamaikatxu bisita, bileraren bat edo beste, baina gauza barririk ez. Sozialistek popularren kartzela politika bardinagaz segiduko dabela esan dau argi ta garbi.
Gogoratu daigun sakabanaketa politikea sozialistek asmau ta aplikau ebela. Uste izan eben orduko agintariek ETA erakundearen barruan asko zirala estrategiagaz bat etorri ez ziran presoak eta bildurrak jota edo ez ebela behar bezain argi esaten. Horrexegaitik beharrezkoa zan preso jakin batzuk erakundearen kontroletik urruntzea, era horretara, ETAren estrategia be ahulduko ebelakoan. Jokabide honek ez dauka zerikusirik legeak dinoagaz, jakina, baina Espainiako estaduan arrazoi politikoak arrazoi juridikoa aspaldian jan eban.
Akordau gaitezan zelan preso batzuek erakundea itxi egin ebela. Horreetako batzuk atentadurik odoltsuenen kontra be agertu ziran. ETAren kontrako arma politikoa izan zan orduan presoen sakabanaketea. Baina azken urteotan ez dau emoten politika honek fruturik emon dauenik; kontrako efektua lortu dauala emoten dau.
Gaur egunean ezin da esan presoen sakabanaketa politikeak ETAren estrategia ahuldu egiten dauanik. Are gehiago, sakabanaketeak berebiziko ondorioa ekarri dau: zigorra presoetatik euren familietara pasau da. Gizarte moderno eta demokratikoetan presoak dira zigorra sufriduten dabenak. Baina nik ez dot esan eta ez dot pentsetan sakabanatze politikea demokratikoa eta aurrerakoia danik. Eta ez dot uste bape politika azkarra danik.
Politika horren ondorioz bisitari doazan familiek bidaia luzeak eta nekosoak egin behar izaten dabez euren senitartekoak ikusi ahal izateko. Bidaia horreek ez dira bape merkeak izaten ganera. Eta presoen senitartekoak diru faltan dagozanean, asmau daigun nork emoten deutseen behar daben diru hori eta noren menpean geratzen diran.