Basquepoetry.net
Basquepoetry webgunearen zuzendari literarioa Koldo Izagirre da. Bera arduratzen da poemen aukeraketaz, baita itzultzaileen koordinazinoaz be. Aurretik, poemen aukeraketa beharretan ibilitakoa da Izagirre. Holan ba, ez jako hain gatxa egin ekimen barria aurrera eroatea.
Idazle bakotxaren lau poema jasoten dira webgunean, baina badagoz, bai, salbuespenak. Izan be, klasikotzat joten diran egileen kasuetan, poema gehiago dagoz. Metodologia honeri esker, irakurleari euskal poesiaren panorama orokorra eskaintzen jako, eta bide batez euskal poesia munduan ezagutarazoten da.
Ekimenaren barritasunen artean, itzulpenak nabarmendu behar dira, eta gogoratu itzulpen danak jatorrizko testuan dagozala oinarrituta, hau da, euskerazko testuan.
Atxapunte
Susa argitaletxeak, Armiarma proiektua sendotu guran, XV. mendetik gaur arteko 200 euskal poetaren 1.100 poema eskaintzen ditu Basquepoetry webgune barrian, http://www.basquepoetry.net gunean hain zuzen be. Euskal poesiaren atari legez aurkeztu dabe, eta poemak jasoteaz ganera, honeen itzulpenak be eskaintzen deutsez bisitariari. Alemanierazkoak, inglesezkoak, katalanezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak dira itzulpenak eta oraingoz webgunean 100 bat poema itzulpen egon arren, arduradunen helburua gero eta gehiago sartzea da.