The day after tomorrow
Aspaldion ez dogu euki natur hondamendien ganeko pelikula bat ikusteko aukerarik eta, egia esan, “The day after tomorrow” filma aurkezteko egindako kanpaina handiaren ondorioz, bestelako produktu batez gozetako itxaropena geunkan. Hala eta guztiz be, era honetako beste film guztiek daukien egitura bera erabili dabe: personaiak aurkezteko eta mundua amenazetan dauan hondamendira hurreratzeko sarrera bat, hondamen eta suntsipeneko irudi ikaragarriak ikusteko erdiko zatia eta gizakiaren biziraupena frogetako azkenengo istorioa.
Bestalde, gidoia ez da apartekoa; gauzak holan, ikusten gabilzana azaltzeko alperreko hainbat esaldi, barregurarik bape emoten ez daben gag baldarrak eta errez-errez aurreikusi daitekezan pasarteak entzungo doguz.
Pasarte intimistek be ez daukie indar askorik, aktoreek alkarrizketak sinisgarritasun osoagaz antzezteko itzelezko ahaleginak egin dabezan arren. Ganera, gai politiko eta ekologikoak azalkeriaz jorratu eta sarritan demagogiarik merke eta sinpleena erabili da.
Ez da harritzekoa, beraz, film honetako gauzarik onena efektu bereziak izatea, batez be Los Angeles-en ikusi daitekezan tornadoak, New York-era ailegauko dan olatu erraldoia eta uri honen irudi ikaragarriak izotz eta edurrez ganezka dagoanean. Honetan bete-betean asmau dabela onartu beharra dago eta, hau guztia ikusita, aitu geinke zertan gastau daben 100 milioi dolarreko aurrekontua. Ez da pelikula bat osotzeko modurik orekatuena, baina filma efektuen azken lan honi esker aukeratzeko arrazoi nahiko egon leitekez.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Roland Emmerich.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 124 minutu.
- Antzezleak: Dennis Quaid (Jack Hall), Jake Gyllenhaal (Sam Hall), Ian Holm (Terry Rapson), Emmy Rossum (Laura), Sela Ward (Lucy Hall), Dash Mihok (Jason Evans), Jay O. Sanders (Frank Harris), Austin Nichols (J.D.), Arjay Smith (Brian Parks), Tamlyn Tomita (Janet Tokada)...
- Gidoia: Roland Emmerich eta Jeffrey Nachmanoff, Roland Emmerich-en istorio baten oinarrituta.