Zinea  III. urtea // 63. zenbakia

Second hand lions (MacCann-en sekretua)


Komiki ukutuko film honek ez dau ikuslea lar hunkituko, beharbada ez jako larregi gustauko, baina onartu beharra dago nahiko ondo nahastetan dauzala sano desbardinak diran hainbat osagai, berbarako surrealismoa, komedia, akzinoa eta, neurri txikiago baten, dramea be bai; ganera, famili hartu-emonen zurikeriaren gaia be jorratzen da eta, batez be, gure ibilbidearen zuztarra izango diran txikerretako gomuta atseginen gorabeherak.

Aktoreei jagokenez, Michael Caine eta Robert Duvall beteranoek naturaltasun eta profesionaltasunez jardun dabe, antzeztu behar daben personaien portaerak guztiz bereziak izan arren. Haley Joel Osment umearen beharra, beraz, ez da erreza izan, lan honetan munstro bigaz lehiatu behar izan dalako; areago, “Seigarren Zentzuna” edo “Adimen Artifiziala” pelikuletan hainbeste harritu ginduzan ume honen jardunak freskotasuna galdu dauala emoten dau, lan honetan nahiko era behartuan ikusi dogulako.

Nahiko film funtzionala da, ondo eginda dago eta, zer edo zer azpimarratzekotan, azken minutuak aitatu behar dira, umeak bizimodua aurrera atarateko erabagi sendoa hartu behar dauanean, hain zuzen be. Egokia etxeko gaztetxu edo ume txikiakaz batera ikusi ahal izateko, beste barik.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Tim McCanlies.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 111 minutu.
- Antzezleak: Michael Caine (Garth McCann), Robert Duvall (Hub McCann), Haley Joel Osment (Walter), Kyra Sedgwick (Mae), Nicky Katt (Stan), Emmanuelle Vaugier (Jasmine), Christian Kane (Hub gaztea), Kevin Michael Haberer (Garth gaztea), Josh Lucas (Walter heldua), Michael O'Neill (Ralph)...