Lope de Agirreren abenturak
Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
Hamaikatxu idatzi izan da Oñatiko seme honen ganean, eta sarri amorruz. Ez da gitxiagorako be 1512 eta 1514 bitartean jaio zan konkistatzailearen bizitzea apur bat aztertuta.
Esan dogu non eta noiz jaio zan, baina bere gazte denporeaz ezin dogu gauza gehiagoren barririk emon, ezer be ez dakigu eta. Bai, ostera, 25 urte ingurugaz Perun zala aberastuteko asmoz. Ameriketako herrialde haretara heldu zanean, gerra zibilak ziran nagusi eta, hasikeran dudan egon bazan be, azkenean, preso egoan erregeordearen aldeko jarrerea hartu eban, bere zoritxarrerako ze erregeordearen aldeko tropek huts egin eben euren asmoetan eta horren ondorioz Agirrek Nikaraguara alde egin behar izan eban.
Nikaraguan beste arma kontu batzuk egin ondoren, barriro bueltau zan Perura, han zaldi domatzaile ogibideari ekiteko. Bien bitartean indiar bategaz izandako hartu-emonen ondorioz, bere alaba kuttuna, Elvira, jaio zan.
Zaldi domatzaile lanak aberastasunik ez ekarrela ikusirik, Tucumanera joian espedizino baten sartu zan koadrilaburu. Espedizino hau abian jarri zanean, indarrean egozan 'Lege Barriak', eta horreen arabera ezin ziran indiarrak esklabu moduan erabili. Halan da be, kargarako animaliarik ez egoanez, Tucumanerako espedizinoa horniduteko ohikoa zan indiarrak bortxatuta erabiltea behar gogorrenetan. Espedizinoa ez zan edozelakoa, eta Peruko agintariek ezin eutsien zelan edo halan aurre egin bertakoak kontra jarri barik. Hori zala eta, Francisco Esquivel lizentziatuak egin ebana izan zan espedizino ia osoa urteten itxi harik eta azkenengo koadrilak bere bidea hartu arte. Azken koadrila hau ez zan besterik Loperena baino, eta indiarrak legeen kontra erabilteagaitik preso hartu eta zigortu egin eban. Zigorra honenbesteko isuna edo 200 latigokada hartzea zan. Lope Agirrek, dirurik ez ebanez, 200 latigokada hartu behar izan zituan, ez, ostera, zaldunaren protesta zaratatsurik barik eta lizentziatua ohartuarazo barik emongo eutsan zigorrak ordaina izango ebala.
Bai emon be Lopek erantzuna. Esquivelek bere burua arriskuan ikusita Cuzcotik Limara alde eban, handik 1.700 kilometrora. Lopek pentsau eban mendekua bete ezean ezin ebala inoren aurrean agertu zaldiz eta, beraz, kilometro horreek guztiak oinez egin zituan. Limara heldu eta batera Esquivelek alde egin eutsan Quitora, Limatik 2.000 kilometrora dagoan urira. Hara be oinez joan zan Lope, eta handik be barriro iges Limara lizentziatuak, han gordeago egongo zalakoan. Ordurako jakinaren ganean egon behar eban zenbaterainoko ekina zan oñatiarra, baina Peruko uriburuan babestuta egoalakoan edo igesean nekatuta egoalako bertan gelditu zan Esquivel. Liman heldu eutsan Agirrek siestan lotan zala eta bertan hil eban.
Funtzionario bat hiltea ez zan edozelango akatsa, eta iges oraingoan Lope Agirrek egin behar izan eban. Gauzak holan dirala, errebelino batzuetan sartu zan inongo lorpenik barik, harik eta erregearen parkamena lortu arte. Hau, beste matxinada bati esker etorri jakon, ze hain izan zan handia errebolta hau, erregeak beharra eta amnistia agindu eutsela Loperen moduan egozanei, koroaren alde jarten baziran behinik behin.
Matxinada hori amaitu ostean etorri zan Lope Agirre ospetsu bihurtuko eban espedizinoa. Espedizinoa ez zan besterik, amesetako Eldorado lurraldea topetea baino. Geroago, Agirrek berak idatzi ebanez, ez eban sinistuten urretza hareetan, baina bere handiguragaitik edo geldirik egoteko jaioa ez zalako parte hartu eban espedizinoan. 1560ko irailaren 26an urten eban espedizinoak, 500 espainolek, baltz batzuek, 600 indiarrek eta 30 zaldik osotuta. Bidea errekan zehar egitekoa zanez, guztia eroateko bergantin bi, 'chata' izeneko hiru ontzi, eta 200 baltsa eta kanoa atondu zituen. Horreen guztien nagusi, Pedro Urtsua nafarra. Tartean emakumeak be bajoiazan, Loperen alabea eta Urtsuaren emaztea, besteak beste.
Laster hasi zan espedizinoa okasinoak izaten. Hasarrea zan nagusi nekea eta ez besterik topetan ebelako eta ez, ostera, inongo aberastasunik. Lehenengo hil ebena Urtsua bera izan zan eta ondoren nafarraren lagunak. Danen buru Fernando de Guzman izentau eben eta Agirre haren bigarren. Matxinadearen biharamonean, 1561eko urtarrilaren 2an, matxinatuak euren buruak zuritzeko eskribauari euren arrazoiak azalduz idatzia egiteko esan eutsien, ondoren danak sinatu eien. Sinatu ondoren konturatu ziran Agirrek bere izenaren ondoan, kargua ipini beharrean, traidore berbea ipini ebala. Gogor hartu eben horregaitik, baina berak orduan azaldu eutsen erregearen kontra ekitea traizinoa egitea zala. Agirreren asmoa espedizino osoa erregearen kontra jartea zan, hori egitea azkena bazan be sasoi haretako konkistatzaileen artean; Agirrek ondo bete eban behar hori danei erakutsiz eskuetan eben odola zuritzerik ez egoala, eta onena erregeari iges egitea zala, ez ebelako parkamena lortzeko ezelako aukerarik.
Edozelan be, Agirre ez zan danen buru, bazituan-eta kontrakoak. Haren planak beteteko baina, kontrakook kendu egin behar aurretik, eta horri ekin eutson, harik eta Amazonasen behera itsasora heldu arte. Atlantikora urten ebenean, indiarrak lehorrean itxi eta asmoa Panamara heldu, han itsasontziak ostu eta Perura joatea zan bertan lurralde hareetaz jaubetzeko, seguru egoan-eta asko eta asko batuko jakozala bere alde eta erregearen kontra.
Baina Panamara heldu aurretik Margarita islara jo eban. Han ondo hartu eben espedizinoa, pentsau barik zeintzuk ziran euren asmoak. Konturatu ziranerako berandu zan. Lopek Margaritako agintariak preso hartu eta lapurretan egin eutsen. Arin enterau zan Venezuelan, Margaritatik ur, gerrako itsasontzi bat egoala eta haren bila bialdu eban talde bat, baina lapurretan egin beharrean Loperi traizinoa egitea otu jaken eta Agirreren barri emon koloniako agintariei.
Era horretara, amaitutzat emon eikezan oñatiarrak bere asmoak, baina bere burua hilda ikusten ebanez ez jakon besterik geratzen aurrera jotea baino. Lehenengo Venezuelara joan zan, pentsaurik handik oinez Perura joatea. Bidea luzeegia zan eta ganera erregearen soldaduak atzetik ebilkozan.
Gero eta lagun gitxiago eta arerio gehiago. Agirrek burua galduta ikusi ebanean jakin eban beragaz egin ezin ebena bere 16 urteko alabeagaz egingo ebela, hau da, bortxatu eta hil, mendekua hartzeko. Hori ezin ebanez inondik inora onartu, alabea hil egin eban, ondoren erregearen eskuetan haren burua ipinteko asmoagaz. Agirrek, batetik, bere alabearen ohorea gorde eta, bestetik, bere tropea, Loperen ustez esker txarrekoa, epaiketan salatu gura zituan. Dana dala, Agirreren soldaduak, ordurako euren burua zelan salbau pentsetan ebilzan. Holan ba, testigantzarik emon orduko bere soldaduak hil eben Lope Agirre, Barquisametoko herrian 1561eko urriaren 27an, haren amesetako erresuma barria sortu barik eta ezelako aberastasunik barik.