Txutxu-mutxuan  III. urtea // 63. zenbakia

Andrazkoen erotismoa eta plazerra

Plazerra sexu eskubideen zati bananduezina da eta ongizate fisiko, psikologiko, intelektual nahiz espiritualaren iturria


Plazerraren jokerak

Andrazkoen sexu erantzunaren arloan jokera orokor batzuk ezarri ahal izan ziran, guztiz unibersalak ez izanagaitik be. Adituek dinoe andrazkoen sexu erantzuna estu-estu lotzen jakela alderdi emozionalagaz zerikusia daukien gomuta, fantasia eta sensazinoei, bai eta ikumenari be. Gizonezkoen kasuan, ikusten diran irudiei lotuta dago.

Sentikorrak diran gorputz atalei jagokenez, titiburuak, klitoria, ezpanak eta gorputzearen alboak aitatzen dira, gune erogenoak andre batetik bestera aldatzen dirana jakin arren. Adituek be adierazoten izan dabe andrazkoek jarraikako estimulazinoari erantzuteko jokerea daukiela.

Andrazkoen kitzikapen tartea gizonezkoena baino luzeagoa dala frogatu zan; ganera, hasikerako desio fase bat behar dau, fantasietan eta bestearen gorpuztasunean oinarritzen dana.

Aldi berean, jakin ahal izan zan andrazkoak bizitza osoan aktiboak izan daitekezala sexualki. Edadeko andrazko askok koitorako berezko gaitasunari eusten deutsie, koitoa sarri pratiketan bada.

Orgasmoa

Andrazko askorentzat, plazerra hartzeko unerik gozagarriena da; beste batzuentzat muga lausoak daukazan egoerea. Dana dala, aditu guztiak bat datoz andrazkoen sexu kitzikapenaren prozesuaren amaierea dala esakeran.

Orgasmoaren motore nagusiak desioa, fantasiak eta andrazko bakotxak sexu estimuluak hartzeko gaitasuna dira. Batzuentzat plazer sensazino bat besterik ez da, beste batzuentzat, ostera, kontzientzia galtzeraginoko unea.

Osasuneko Mundu Erakundeko kidea dan Esther Corona Vargas-en esanetan, sexuaz gozetako gaitasuna adimen osasunaren zati bat da. Sexu jarduera ia guztiek plazerra lortzeko helburua daukie eta ez dagoz ugalketeari lotuta.

Begiluzea


Historiari men egin ezkero, emakumea plazer eta erotismoaren alderdian guztiz baztertua izan da, baina arlo honetan, oraindino eskuratzeko asko lotzen jakon arren, aurrerapausu esanguratsuak egin dira azken urteotan

XX. mendean aurrerapenik gehienak izan ziran. Sexologoek eta talde feministek agirian ipini eben andrazkoen anatomia pentsau baino askoz be nahasiagoa zala eta andreen gorputzean gehien bizitzen ziran atalak zehaztu ziran. Baina, seguru antzean gauzarik garrantzitsuena 60ko hamarkadan jazo zan sexu iraultzea gauzatu bitartean: antisorgailu artifizialen sorrerea.

Aurrerapen honek bidea ebagi eta, hari esker, sexu bizitzea eta ugalketea sinonimoak ez izatea jadetsi zan. Andrazkoek, gura ez ebezan haurdunaldietatik libre, sexu-plazerrera hurreratzeko modua euki eben.

Sexu-plazerra aituz

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Ernest Gräfenberg ginekologoak G puntuaren existentzia azaldu eban, baina urte batzuk geroago –talde feministek egindako ikerlanei esker- jakin ahal izan zan klitoria dala andrazkoak bizkortzeko gaitasunik handiena daukan sexu organoa.

Era berean, zehaztu zan ez dagoala orgasmo mueta bi, ezpada bat bakarra, klitoriaren estimulazinoan oinarritzen dana eta eragin baginala euki leikena; ganera, frogatu zan andrazkoak multiorgasmikoak izateko gauza dirala. Horrezaz aparte, onartu zan erotismoa desbardina dala andre bakotxaren kasuan eta garuna plazer iturri nagusia dala; izan be, azken organo hau da gorputz zein burutik datozen estimuluak prozesatzeaz arduratzen dana.

Autoerotismoa edo masturbazinoa sexu eskubide modura onartu eta sexologoen gomendiorik nagusiena izan zan, irudimen eta fantasiakaz batera, nork bere plazerra aitzeko.

Andrazkoen erantzun sexualen jokerea asko be asko William H. Master eta Virginia Jonson-en lanari esker ezagutu ahal izan ziran; horrek guztiak sexologiaren arloa irauli eben 70eko hamarkadan.