Barriketan  III. urtea // 63. zenbakia

Carlos Torres (Assabil): 'Euskal Herrian Islama ez da periferikoa'

Gurean arraza eta eretxi aniztasuna gero eta zabalagoa dala jaubetuta, alkarbizitzarako eta alkar konpontzeko, alde guztien nortasunaren eta kulturearen errespetuan pausuak emoteko eta, oro har, Umma edo komunidade islamiarra bera sendotzeko eta bere osogaiak koordinetako eta komunidadearen ezaugarriak gizarteari ezagutarazoteko asmoagaz jaio zan orain urtebete Assabil, Euskal Herriko Zentro Soziokultural Islamiarra aurretiaz, Bilbaoko Talde Islamiarraren barruan makinatxu bat behar egin ostean.

Islamaren jarraitzaileak 1300 milioi baino gehiago dira eta horreetatik % 20 inguru dira arabiarrak. EAEn eta Nafarroan, barriz, 6000-10.000 bitartean dira, gehienak marokoarrak, argeliarrak eta Afrika Mendebaldekoak (Senegal, Guinea Bissau, Mali...).

1. Azken aldian, 11-S eta 11-Mko atentaduen ostean, batez be, Islamaren eta musulmanen kontrako jarrerea nagusitu da mendebaldean eta sarritan Islama terrorismoagaz lotzen da. Zelan bizi dozue hau guztia?

Atentadu horreek oso kaltegarriak izan dira guretzako, izan be, orduantxe hasi zan musulmanen ehiza eta Islamagaz lotutako guztiaren kriminalizazinoa. Argi itxi gura dot atentadu horreek Islamaren kontra joan dirala bete-betean. Zorionez edo zoritxarrez, Euskal Herrian zeozelako abantaila daukagu ze musulman izan aurretik, euskaldunak gara eta eukaldunok terrorista legez hartu izan gaitue. Jenteak beste inguru batzuetan baino errezago aitzen dau gure gaur egungo egoerea eta ondo dakie gitxi batzuk terrorista izan arren, danak ez dirala edo ez garala terrorista. Alde horretatik, Madrilen baino trankilago bizi gara, izan be, han dana etorri zan batera eta jentearen hasarrea sekulakoa izan zan, martiaren 11ko atentaduak, eskuin muturreko PPk boterea galtzea...; zoritxarrez, guztiaren errua musulmanei leporatu jake eta hori ez da bidezkoa. Egoereari bueltea emoteko gogor gabiz beharrean, jenteari Islamaren benetako mamina ezagutarazoteko eta komunikabideen manipulazino interesatuak argitzeko.

2. Zer da Islama eta zeintzuk dira Islamaren bost oinarriak?

Islama gizartearen mesederako da eta ez gizarteak hondatzeko. Islama berbearen esangurea Jaungoikoagazko bake egoerea da, bide espirituala. Islamaren bost oinarriak ondokoak dira: autormena edo shahada, hau da, Allah, Jaungoiko bakarra eta Muhammad Profeta dala autortzea. Bigarrena, errezua edo salat da; musulmanok errezuetarako bost tarte hartzen doguz egunean: eguna argitzean, eguerdian, arratsaldean, iluntzean eta gauean. Zalat hori garbiketa erritualaren ostean egiten da, qibla errespetatuz; qibla da Mecara begira jartea. Hirugarren oinarria zakat edo diruaren purifikazinoa da; bakotxak urtean zehar dituan irabazietatik % 2,5 emon behar deutse instituzino islamiarrei. Laugarrena, barriz, baraua, Ramadan sasoian hilabetez egin beharrekoa eguna argitzen danetik gauera bitartean. Tarte horretan, jatekoa, edatekoa, berba txarrak, irainak eta hartu-emon sexualak baztertu behar dira. Gogorra da baina oso inportantea komunidade nortasuna sendotzeko; Jihad edo ahalegin personala sekulakoa da. Bosgarren oinarria hadj edo Mecara erromesaldia da, bizitzan gitxienez baten egin beharrekoa.

3. Arabiarrak eta berebereak Penintsulan sartu, Tutera 800. urtean fundau eta Iruñeako erreinuaren sorreran esku hartu ostean, 1609an kanporatu ebezan moriskoak. Geroago, XX. mendeko 60ko hamarkadan hasi ziran marokiarrak eta argeliarrak Euskal Herrian sartzen. Dana dala, noiz hasi zinien talde edo komunidade legez antolatzen?

Aspaldiko kontua da. Euskal Herrian musulman gehienak etorkinak dira, musulman euskaldunak be asko izan arren eta hori kontuan hartzeko datua da analisiak egiteko. Kontua da ze, alkarte bat sortzea eta era antolatuan lan egitea ez dala bape erreza, ezta bertokoen artean be, jenteak normalean ez daualako ardura eta burukominik gura izaten. Musulmanen kasuan, etorkin gehienak maila apalekoak dira eta gehienak nekazaritza mundutik datoz. Hemengo bizimodua eurentzat oso desbardina da eta mobimentu asoziatiboetara biltzea gatx egiten jake; ganera, mentalidadea eta bizi-baldintzak ez dira oso aproposak horretarako; halan da be, Bilboko Talde Islamirrak lan handia egin dau eta mezkitea zabaldu genduanetik, arabierazko eskolak emoten doguz era antolatuan. 2002an, Assabil, Euskal Herriko Zentro Soziokultural Islamiarra abiarazo genduan mezkitearen jardueratik zeozelan bereizteko.

4. Europako Konstituzinoak estadu kide bateko naziotasuna daukana hartzen dau europartzat. Era horretara, etorkinen burukominak pilatu egiten dira: papelak, erregularizazinoa, giza eskubideak...

Bai. Musulmanen arazoa ez eze, ganerako etorkin guztiena be bada. Dana dala, beharrean hasita gagoz giza-uritartasunaren alde, daborduko ideia ez da Europako nazinotasuna lortzea, gizaki guztiak gara mundu honetakoak eta, beraz, giza-uritartasunaren eta lurralde konpartituaren kontzeptuak garatzea da kontua. Mundu globalizatuan bizi gara eta nazinotasun kontzeptuak aldatzen joan behar gara.

5. Assabil orain pare bat urte jaio zan baina lehendik be bazabize beharrean. Orain urte batzuetatik hona, zertan aldatu da zuon jarduna?

Lehen mezkitearen inguruan bideratzen genduzan ekimen guztiak baina gaur egun mezkitearen jarduerea eta Assabil alkartearena ondo bereiztuta dagoz. Kulturen arteko alkarrizketarako eta gure ardurak bideratzeko Assabil alkartea sortzea erabagi genduan egokiena zalakoan. Hori bai, helburuak bardin antzekoak dira, hau da, berton bizi diran musulmanen bizimodua erreztea, komunidade islamiarra sendotzea, Islama berbearen bidez ezagutarazotea eta kulturen arteko alkarrizketea sustatzea.


6. Islama ezagutarazoteko eta kulturen arteko konponbidea lortzeko bidean zelako ekintzak bideratzen ditu alkarteak urtean zehar?

Lehen esan deutsudan legez, kulturen arteko alkarrizketa prozesua bultzatzea eta gure mezua zabaltzea dira gure ardura nagusienetakoak eta, esangura horretan, mobimentu asoziatiboa suspertzen ahalegintzen gara, berbaldiak eta arabierazko eskolak antolatzen doguz eta komunikabideetan be parte hartzen dogu(alkarrizketak, artikuluak...). Kontuan hartu, Euskal Herriak zibilizazino islamiarraren eragin handia izan dauala, berton ez da periferikoa Islama, Groenlandian bai, ostera. Euskal-Al Andalus memoria historikoa onartzea nahitaezko pausua dala pentsetan dot.

Bestetik, mezkitearen eta gizartearen arteko zubi lana egiten dogula esango neuke, izan be, mundu desbardinak dira eta buztarketea da lortu gura doguna. Beste alde batetik, mendebaldea oro har Islama deformetan dago, irudi okerra emoten (Islama-fanatismoa, Islama-terrorismoa buztartuz) eta irudi hori garbitzeko be nahikoa lan egin behar izaten dogu. Azken buruan, iraultza teknologikoagaz bat eginda, webgune bat be Sareratu genduan gure barri munduratzeko.


7. 1985ean Bilbaon, Fika kalean zabaldutako Bader mezkitea eta Durango, Mungia, Gasteiz, Errenteria, Eibar, Ermua, Zumarraga, Iruñea, Tutera eta beste herri batzuetan errezuetarako aretoak dagoz. Fikan 500 musulman inguru batzen dira barikuero. Bagilaren 21etik 27ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Interkulturalidadaren Astearen barruan, Bader mezkitea ezagutzeko ateak zabalik jardunaldiak izango dira. Zein da asmoa?

Badakit musulmana ez dan batentzat gatxa dala mezkitan sartzea baina mezkitaren ateak beti dagoz zabalik; esperientzia honegaz, bidea erreztu gura deutsegu interesa daben guztiei. Ateak zabalik jardunaldiak lehenengoz egingo dira Bader mezkitan eta asmoa euskal gizarteari gure barri emotea da, alkarrizketea maila desbardinetan bideratzea eta hartu-emon barriak sortzea. Komunikabideak, erakundeak eta, oro har, herritar guztiak konbidau doguz.

8. Errezuetarako leku ez eze, musulmanen topaleku be badira mezkitak. Gizarteratze prozesuan, aldaketarik igarri dozue azken urteotan?

Bai. Aldaketak alde askotan igarri dira; azken urteotan gero eta musulman gehiago hurreratzen da mezkitara, batez be, gizonak; emakumeei gehiago kostetan jake. Mezkitan, errezuetarako ez eze, kulturaz gozetako aukerea be badago, liburuak, arabiera eskolak...; mezkitea zentro kultural islamiartzat be hartzen da. Mezkitea zabalik dago musulman ez diranentzat be baina gure nortasuna eta berezitasunak be gorde behar doguz, gure espazioa behar dogu.

Jakina, Islamaren gizarteratze prozesua ez da erreza, erlijino ezezaguna dalako hemen baina nik uste dot pausuak emoten dagoala gure gizartea eta benetako onarpena gero eta hurrago dagoala.

9. Harresiak Apurtuz, Etorkinen Babeserako Euskal Herriko GKEen Korodinadoragaz, Eusko Jaurlaritzeagaz zein beste talde musulman batzuekaz hartu-emonik badaukazuez?

Bai. Eusko Jaurlaritzeagaz egon gara eta berba onak jaso doguz baina hortik aurrera gauzak geldi dagoz eta onarpen instituzionalik ez dagoala uste dot; kultura aniztasunaren alde berba politak entzun doguz baina berbetatik egintzetara pasetea falta da; sikeran, zeozertan hasi gara eta lehen kontaktu horreek positiboak izan dira. Kontuak kontu, alkarte legez pateran gagoz, lokalik be ez daukagu eta gure helburua ez da instalazino dotoreak eukitea, gure beharra egiteko oinarrizko baliabideak baino ez doguz eskatzen.

Harresiak Apurtuz Koordinadoreagaz oso ondo konpontzen gara eta ganerako talde islamiarrakaz, batez be, hartu-emon personalak daukaguz. Kontua da musulmanen mundua atomizauta dagoala Euskal Herrian eta oso gatxa da era koordinatuan behar egitea. Geldiro-geldiro gabiz pausuak emoten.


10. Kultura aniztasunak norberaren nortasun eta kultureari kalte egiten deutsola pentsetan dabenentzat ze mezu bialduko zeunke?

Kultura aniztasunak aberastasuna baino ez dakar; ganera, Coran liburuan argi adierazota dago: musulmanok kultura eta hizkuntza aniztasunaren alde egin behar dogu. Alkarregazko errespetua da giltza. Ahal dan neurrian, gure alkartean gauzak euskeraz eta erderaz antolatzen doguz, gure papelak euskeraz eta erderaz idazten doguz, webgunean euskeraz dagoz edukinak eta komunikabideetan be euskeraz parte hartzen dogu. Honegaz esan gura dot, Islama kultura eta hizkuntza aniztasunaren alde dagoala bete-betean. Euskal Herrian gagozanez, euskerea, frantzeza, gaztelania eta bertako kulturea onartzen doguz.

http://www.islambilbao.org

KARLOS (Assabileko komunikazino arduraduna): Laudiotarra. Abadeen ikastetxe baten urteak egin ostean eta etxean kristinautasuna bizi ostean, gaur egun bere emaztea dan marokiarraren eraginez, Islamera aldatu zan eta oso pozik dago.

SABBER: Bilbotarra. Agnostikoa zala, orain pare bat, hiru urte bizi-bidearen bilaketa prozesuan bete-betean egoala Islamagaz hartu-emonetan hasi eta gaur egun oso inplikauta dago (argazkietan ez dau agertu gura izan).

Koldo Isusi Zuazo