Boccaccioren Dekameronea, euskeraz eta taula ganean
Aurten, esan dogun moduan, 1348ko Florentzian girotutako Boccaccioren Dekameronea preparau dabe. Sasoi haretan, Florentzia epidemiak jota egoan, eta Boccacciok giro ha jaso eban bere obrarik garrantzitsuenean. Orain, Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak testu hori moldatu eta dramaturgia librea egin dabe, Garbi Losada bera zuzendaria dala. Euskerazko bersinoa, barriz, Bego Losadak idatzi dau.
Heriotzea da lan horretako gai nagusia, baina umorearen alde egin dabe gaiari heltzeko. Garbi Losadaren berbetan esanda, “barrea heriotzearen kontrako antidoto legez erabili gura genduan aurrerantz egiteko ze, antzinako testua hartu dogun arren, jarrerea presente dago”. Hori lortzeko, izurritik iges egiteko gordeleku baten sartu diran bost gizonen istorioa da hau. Heriotzatik iges egiteko modu bakarra istorioak kontetea da, eta istorio horreek garatzen doazan bitartean personaiak be aurrerantz doaz, erotismoz betetako giro baten barruan. Ados Teatrokoek Dekameronea laneko ipuin erotikoetatik hamar testu aukeratu dabez (jatorrizko liburuak ehun ipuin inguru ditu), eta antzerki kutsua handitzeko, aktoreek (danak dira gizonezkoak) andren papela be egiten dabe: “Bost gizon dira, biluzik dagozan bost gizon; euren personaien bila dabilz, eta erropaz aldatuz joan ahala izakera desbardina hartzen dabe. Une batzuek eskultorikoak emoten dabe, eta Jose Ibarrolaren eszenografia eta koloreak sano aldakorrak dira. Eta hori, antzerki klasikoaren erreferentzia emoten daben giro pikareskoa eta faltsua mantentzeko asmoagaz”. Obra mitikoa eta antxinakoa izan arren, antzerki taldeko arduradunen arabera “gaurkotasun handikoa da eta hizkera moderno eta garaikidea erabilteko aukerea emoten dau”.
Halanda ze, aktoreek ipuinak kontauko deutsiez batak besteari, “heriotzeak hartu eta hil ez daitezan”. Ipuin erotikoak izango dira nagusi obra honetan, eta amodio lizunak, jelosiak, adulterioak edo adarrak agertuko dira han eta hemen, Javier Barandiaran, Josean Goikoetxea, Aitor Fernandino, Alvaro Garaialde eta Xabi San Sebastian aktoreen eskutik. Gaztelaniazko bersinoan, Aitor Fernandinoren lekua Jon Ezkurdiak beteko dau.
Arlo artistikoari jagokonez, Ados Teatrok ildo heterodoxoa segidu izan dau beti, umorea oinarri dauala, eta oraingoan be bide beretik doaz, obrearen leit-motiva barrea dalako, heriotzeari aurre egiteko. Lana Donostian aurkeztu ostean, garagarrilean barriro eroango dabe Gipuzkoako uriburura, Antzerki Feriara hatan be. Gero, Aragoiko jaialdietara joango dira, eta irailetik aurrera 17-18 saio lotuta daukiez daborduko, Eusko Jaurlaritzearen sare barruan.
Julen Gabiria
Orain dala hamar urte, Garbi Losadak eta bere nebeak, Koldok, Tanttaka konpainia zarratu eta hutsetik hastea erabagi eben, Ados Teatro deituko zan ibilbide barri baten sartuta. Harrezkero, Gipuzkoako talde horrek bederatzi ikuskizun emon ditu, eta euskal eszenearen erreferentzia nagusietako bat izatera heldu da. Euren azken produkzinoa, hamargarrena, oraintsu estreinau dabe: Boccaccioren Dekameronea.
1994an Robinson Crusoe taularatu eben, eta hasteko modurik onena izan zan, bizirik urten ebelako, eta ez da gitxi. 1996an Lamiak etorri zan, eta oraindino bizirik dagoan obrea da, laster Argentinan estreinauko da eta. 1998an, Desperrados lanak eurek pentsetan ebena baino harrera hobea euki eban, eta horreri esker Espainiara sartzeko aukerea be euki eben. 1999an, Elvira Lindok egile eskubideak emon eutsiezan, eta Manolito Laubegi eszenaratu eben, arraskata osoagaz. 2000n Gus eta Gas egin eben, euskerazko autorerik onenaren Max Saria lortu ebana eta umeen antzerkigintzan sartzeko ateak zabaldu eutsiezana. 2002an, aurrekoak baino ikusle gitxiagorengana heldu ziran Kokoroko lanagaz, eta urte berean John Wayneren laguna estreinau eben, saririk eta onespenik gehienak lortu dituen obrea. 2003an beste lan bi etorri ziran: Las mujeres de verdad tienen curvas, antzokiak leporaino beteten dituana; eta Sopa de ganso, kaleko ikuskizun jostalaria.