Euskaldunok munduan  III. urtea // 63. zenbakia

Uruguai (III): ahoa zabaldu eta bere magia ataraten dakien Herria


Matea

Matea da Uruguaiko pasinoa. Guaraniek edaten eben infusinoa da, eta Paraguain, Argentinan eta Urugain asko edaten dabe, baita Brasileko hegoaldean be. Zeremonia bat be badala esan geinke. Matea egiteko hau behar da: matea, ur beroa, tutu txiki bat eta edalontzi berezi bat. Berez basoa kalabazeagaz egindakoa da, baina gaur egun danetarik dago: metalezkoak, egurrezkoak, adarrezkoak, kristalezkoak...; basoa ia bete arte bota behar da matea, eta gero, gitxi-gitxika, ura. Nahiko mingotsa da, baina ohitu eta gero gustau egiten jatzu. Infusino hau ez da etxean bakarrik edaten, eta kalean be jente asko topauko dogu matea edaten. Narruzko boltsa bereziak daukiez eta han gordetan dabe matea, termoa, basoa eta tututxua. Uruguain leku danatan edaten dala esan geinke: autobusean, hondartzan, kotxean, parkean, beharlekuan...; uruguaitar batek esan deuskunez, altzetan danean egiten dauan lehengo gauzea matea preparau eta edatea da, eta hortik aurrera hasten dau eguna. Halan da be, bertakoek matea normalean lagun artean dagozanean edaten dabe. Holan ba, parkean trajez jantzitako gizonak eta andrak ikusi zeinkez matea edaten, baita hondartzan hankak uretan sartuta eta itsasoari begira dagozanean be. Gehiago esatearren, kotxean doazenean, semaforoaren argi gorria noiz biztuko dan itxaroten egoten dira, matea eskuetan daukien bitartean.

Familia osoa Itsaso Atlantikoko kostaldera joan gara, La Palomara. Ahizteak eta amak hondartzea gura dabe eta kostako herri trankil batera joan gara. Hondartzatik bi minutura dagoan etxe batean egon gara eta bizikletaz be ibili gara herrian, gure artean aspaldiko kontuen ganean berba eta berba.

Sasoi baten Brasileko mugen barruan egoan Uruguai, eta esan geinke lotureak gauza bereziak itxi ebazala berton. Berbarako, ezagun eta lagunakaz egotea sano inportantea da eurentzat. Buenos Airesen ezagutu genduan uruguaitar batek esan euskunez, bidean topetan dabezan lagun eta ezagunakaz berba egiteko astia eukiteko, ordubete lehenago urtetan dabe etxetik; hau da, hamarretan medikuarenean egon behar badabe eta hogei minutuko ibilalditxua badaukie haraino, bederatziak laurden gitxiagotan urtetan dabe. Pozik egoteko be astia hartzen dabe, eta irribarrea beti daukie prest.

Herrialde txikia da Uruguai (hiru bat miloi biztanle daukaz), eta, Argentinan moduan, hemen be tangoa egiten dabe jantzan. Euren berbakerearen doinua argentinarren antzekoa da, ganera. Montevideon oraindino baltzak dagoz, izan be, Argentinan danak hil ebezan baina berton ez. Hemen, Hegoamerikako beste herri askotan legez, diktadoreek denpora larregi emon eben agintean eta jente asko hil eben, Ameriketako Estadu Batuetako demokraziako agintarien babespean. Uruguai Mario Benedettiren eta Eduardo Galeanoren sorlekua be bada, eta eurak be erbestean bizi behar izan eben.

Hegoamerika berezia da: edozeinek egiarik handiena, poesiarik ederrena esango deutsu, euren ahoa zabaldu eta barruan daukien magia ataraten dabenean. Galeanok bere liburuetan ondo azaltzen dau bertokoen kualidade hori. Ganera, Benedettiren poesiak be ederrak dira: ‘Claro eran otros tiempos y Montevideo Era una capital linda provinciana Sin capital a la que referirse Y con ese trauma no hay terapia posible Eso deja huellas en las plazoletas. Siempre estabamos llenos de exiliados Ahora en cambio somos exiliados. Pero la diferencia no reside en la i’.

Iratxe Ormatza

Urugaira birritan joan gara. Lehenengoan, Ekaitz eta biok. Gero, ahiztea eta ama bisitan etorri jakuz, hamabost bat egun hemen egiteko. Ahizteak eta amak Euskal Herriko kontuak ekarri deuskuez eta ederra izan da barriro eurak ikustea, baita berezia be, etxetik urrun hainbeste denpora egon ostean. Astebetez Buenos Airesen egon gara eta uria bestelako begiakaz ikusi dogu, izan be, oraingoan turista moduan ibili gara. Buenos Airesetik Urugaira joan gara, Colonia de Sacramentora, hara joaten da-eta Buenos Airesetik urtetan dauan ferry-a. Oraingoan dirua ez da izan inportantea, eta bertan hiru egun emon doguz hondartzan, baita bertako Giza Ondare Historikoa barriro ederresten be.

Sacramenton etxe polit batean egon gara. Jaubeek hilebete bi lehenago edegi eben, euren alabeagaz batera Montevideo atzean itxi eta bizimodu barria hasi gura ebelako. Etxean ederto baten egon gara, eta ondo baino hobeto jan dogu. Gustora laurok be.