Estadu espainiarrean be abstenzinoa txapeldun
Gurean, abertzaleak ez dira lar ondo ibili Estadu mailan. PSOE eta PP ahalegin bereziak egiten ibili dira bipartidismoa indartzeko, eta hori igarri egin da, Catalunyan eta Galizan batez be. Euskadin kontuan hartzeko igoerak izan dabez, baliobako botoen igoerea be handia izan da; gogoratu daigun orain bost urteko hauteskundeetan alderdiren bat gehiago egoala eta honen falteak balorazino guztiak distorsionau egiten dituala; ganera, eretxiemoile gitxik eukiten dau dau hori gogoan berba egiteko orduan.
IƱaki Atxutegi
Kazetariek ez dabe sekula hain errez euki Europako Parlamenturako hauteskundeen balorazinoa egiteko. Abstenzinoa jaun ta jaube izan da bagilaren 13ko botazinoetan.
Askok espero eben holako abstenzino handia Europako kontuak bape hur ez dagozalako, edo hori esaten da, behintzat. Ez nator bat eretxi horregaz, Europako instituzinoetan hartzen diran erabagiek gure eguneroko bizitzan eragin handia eta zuzena daukielako. Pentsau daigun Europatik etorri jakula Balio Erantsiaren ganeko Zergea, gure poltsikotan daukaguzan euroak edota merkatuan janarien etiketen ganeko araudia, besteak beste.
Onartu behar da Europako kontuek ez gaituela emozionetan. Sarri askotan esan izan da Estaduko politikoek berba eta ideia xinpleak erabilten dabezala, edozeinek aitzeko modukoak. Europako kontuak, ostera, ez dira bape errezak ulertzeko, uritarrak ez dau aitzen eta erabilten diran berbak. Gitxiago hor egiten dana. Europako batasunaren ideiagaz bat gatozenok badaukagu honen ganean zer pentsau.
Emoitzetara joanda, pronostikoek ez dabe huts egin. PSOEk irabazi ditu hauteskundeak. Beste estaduetan ez bezela, Madrileko Gobernuak ez dau zigorrik jaso. Alemanian, Frantzian eta Italian gobernuek zigor ederrak hartu dabez. Eta zigorrok ez dabe zerikusirik izan Europako kontuakaz, euren barruko politikeagaz baino.
Ez da harritzekoa izan PSOEren garaipena. Zapateroren Gobernuak ez dau oraindino huts egiteko denporarik izan. Halandabe, inkestek esaten ebena baino emoitza hobeak izan dabez popularrek. Jaime Mayor Orejak pozik egoteko motiboak daukaz. Zapaterok, ostera, ulertu beharko dau tropak Iraketik espainiaratzeko hartu eban agindua ez dala nahikoa izango lau urtetan zehar boterean irauteko.
IUkoek ez ebezan aurpegi onik jarri emoitzak ikusita, zartako galanta hartu eben eta. Bipartidismoa nagusitu da Estadu mailan eta eurak izan dira kaltetuenak. PP ala PSOE, ez dago besterik, antza. Borrell eta Mayorren arteko eztabaideak asko lagundu dau inpresino hori zabaltzeko orduan.