Bizkaierea badabil txapelketan
Gaia: “Zuek biok ama-semeak zarie. Zu, Urtzi, semea zara. Zuen ama Oihanak, etxeko beharrakaz kokoteraino, greba egitea erabagi dau. Gaur da bere lehenengo greba eguna.”
Urtzi
Egin beharko dogu
orain berriketan,
ama ikusten zaitut
aspaldi penetan,
lasai hasi geintekez
hementxe berbetan:
bale arropa lohiak
itxizuz hor bertan,
baina noz bazkaltzen da
gure etxe honetan?
Oihana
Benetan zabiz pozik
txistuka kantuan,
baina ibili zaitez
zu orain tentuan
eta fijatu amak
dauen talentuan,
gaur gu hasiko gara
bazkari kontuan,
zuek prestatu eta
horko momentuan.
Urtzi
Zuretik bazkaltzeko
daukagu ohitura,
baina greba hastea
zure kalentura.
Umetan ikastea
ez zenduan gura
eta orain jadanik
oso berandu da:
pizzaren numeroa
al dozu eskura?
Oihana
Pizzarena aitatu
dozula indartsu,
orain eukiko dozu
hamaika arazu.
Lanaren lanaz kexa
beti lez zatoz zu,
etxean egitean
hainbeste esfortzu,
benetan lana zer dan
ikusiko dozu.
Urtzi
Ez dogu bazkalduko
hemen azkenean,
zer eingo dogu aita
gaur datorrenean?
Ez neuke egon gura
bere aldamenean,
eta ez naz hasiko
ezelan lanean,
edo bakarrik aita
be hasten danean.
Oihana
Holako egoeran
ez egonik inoz,
noski ez dozu hartu
zuk horrenbeste poz.
Zagoz zure aitaren
erantzunan asmoz;
etxea bete leike
kakaz eta trastoz,
aitak lan egitea
itxoiten bazagoz.
Ohartxo bat gure irakurle bertsozaleei: udan zehar bertsotan atal hau bertsoakaz freskau gura geunke. Ibilten gara honi eta hari eskatzen, baina inork eskatu barik gogoa daukanari be lekua egin gura deutsagu. Nonork bizkaieraz jarritako bertsoak badaukaz gordeta, ala beren beregi jartera animetan bada, Bizkaie aldizkarira bialtzea baino ez dauka eta ahaleginduko gara zuen bertsoak sareratzen. Bialdu zure bertsoak ondoko helbidera: bizkaie@bizkaie.biz
Iñaki Aurrekoetxea
Lehenago be ekarri doguz bat-bateko bertsoak gure atalera. Berrogeita hamalaugarren (54) zenbakian Deunoro Sarduik 1962ko finalean botatakoak jarri genduzan eta orduan plazan kantetan zan bizkaierearen lekukotza emon euskun. Euskerea bera normalizau barik egoan sasoian kantatuak harek, berrogei urteko saltoa emon daigun, euskara batuak bidea egin dauan sasoira, eta mendebaldeko euskalkiaren korpusa arautze bidean dagoenera.
Egia esan, adibide larregi be ez dogu topauko plazetan. Txapelketen erreferentzia hartuta, badira urte batzuk zenbaitek bizkaierearen aukerea hartu dauena, eta 2002ko Bizkaiko Txapelketako finaleko bertsoak aztertu al izan genduzan atal honetan, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Iratxe Ibarrarenak. Ez dabil beste gazte asko gehiago bide horretan. Baina Eskualdeetako Txapelketetan, eskualde bitan sikeran, Bilboaldean eta Arratian batez be, bizkaierea entzutea normal normal egin da. Oraingoan, maiatzean Basaurin jokatu zan Bilboaldeko finaleko saio bat dakargu. Azken buruz burukoan Oihana Bartrak eta Urtzi Urrutikoetxeak hamarreko txikian kantau eben ofizioa da. Oihanak jantzi eban txapela azkenean, eta gogoratu behar dogu berak eroan ebala bizkaiera onenaren saria azkenengo BBK sariketan. Urtzik be natural kantetan dau bizkaieraz, ofizio honetan erakusten dauan moduan. Bilbotar gazte biak Bizkaiko Txapelketarako sailkatuta dagozala ikusita, eurenetik gehiago entzuteko erea izango dogu udagoienean. Goazen ba oraintsu kantautakoakaz.