Jan-edanak  I. urtea // 5. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 1a - Hamaboskaria

Gadus morhua edo makailaoa

Koiperik bako eta proteinaz ganezka datorren arraina


BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.

Hasteko, eskuak ondo garbitu eta txanoa eta amantala jarriko doguz, suetean ezer behar badogu garbitasuna dalako. Jarraian, Euskal Herrian eta hemetik kanpo be oso ezaguna dan arraina preparetan hasiko gara, makailaoa hain zuzen be. Orain dala pare bat hamarkada atzera jota, makailaoa ez zan bape preziatua, baina gaur egun produktu hau oso garrantzitsua eta preziatua da euskal gastronomiaren kulturan; makailaoa kozinetako erak asko dira, baina ezagunenak ondokoak dira: makailaoa pil-pil erara, makailaoa Bizkaiko erara, makailaoa Club Ranero erara....

Esandako moduan, esperimentazinoaren bidea zabaldu eta jolasean hasi ezkero, makailaoa preparetako modu asko topauko doguz. Oraingoan, barriz, hain ezaguna ez dan errezeta bat landuko dogu:

Makailao tostadea, berakatz ogian frijidua

Osogaiak:

- Litro bat esne.
- 200 gr. gurin edo mantekila.
- Kipula bi.
- Piper berde bat.
- 500 gr. makailao punta.
- 100 gr. berakatz ogi birrindu.

Zelan egin:

Lapiko edo kazula txiki bi beharko doguz. Kazula baten gurina geldiro-geldiro berotzen eta beste kazula baten esnea berotzen jarriko doguz. Gurina guztiz urtu danean, kipula txikitua ganeratuko deutsagu eta bertan sueztitzen itxi, su txikian esan gura dot. Ondoren, piper berde txikitua jarriko dogu kipuleagaz batera, piperra kipulea baino arinago egiten dalako. Biak, piperra eta kipulea eginda dagozanean, makailao birrindua botako dogu kazulara eta egurrezko koilara bategaz gogoz irabiatuko dogu dana, ondo-ondo nahastau daiten. Hurrengo pausua esne beroa makailaoaren ganera apurka-apurka botatea izango da eta ondoren, irakiten itxiko dogu, baina kolarea bueltaka erabiliko dogu azpialdea erre ez daiten. Hori momentu aproposa da sortutako masea gatzez puntuan jarteko. Jarraian, makailao masea plaka batera atarako dogu lapikotik eta egun batetik bestera hotzituten itxi behar da. Biharamunean, ondo hotzitutako makailao tostadea gura dogun neurriko karratutan ebagi. Berakatz ogi birrindutik pasauko doguz tostada karratu guztiak. Bien bitartean, zartagin bat oliba-orioagaz surtan berotzen jarriko dogu, eta behin olioa bero-bero dagoanean, makailao tostadak bertan frijiduko doguz geldiro-geldiro bueltak emonaz. Oriotatik atara eta jateko prest egongo dira, jateko gogoa eta ardao ona baino ez doguz beharko ondoren. On egin deizuela janak eta txarrik ez edanak.