Berbak saldu eta erosi
Hemen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (euskeraz, gaztelaniaz legez, IVAP esaten dana) maileguei buruz esaten dauana bere webgunean (parkatu dagiela bizkaierara itzultzea; bildur naz geure irakurle bizkaitar petoek ez ete eben arrotzegi sentiduko administrazinoko berbakerea):
“Kontzeptu barriak adierazoteko bide bat mailegutza da, beste hizkuntza bateko hitzak geureganatzea. Bide hau zilegi da eta betidanik erabili izan dogu euskeraz. Gure hizkuntza, landu bako arloetara ailegau danean, akaso, larregikerian jausi eta ezelako neurririk barik emon deutsegu sarbidea kanpoko berbei.
Arazo hau ez da euskerearena bakarrik. Zabalkunde handiko hizkuntzak be (frantsesa, gaztelania, alemana...) ingelesaren erasoaz jaubetu dira eta horreei aurre egiteko neurriak hartu dabez.
Geuk be, euskeraz erabilten dan berbarik egon ezkero, ez geunke mailegura edo kalkora jo behar. Hobestekoak dira, gure ustez, eskumako zutabekoak:
Aktibitate espezifikoa // Iharduera berezia
Autoritatea ofendatu // Agintariak iraindu
Debatea // Eztabaida
Delimitatu // Mugatu, zedarritu
Antikonstituzionala // Konstituzioaren aurkakoa
Ostera, eskumak be akatsak euki izan dauz beti. Igarten da hau webguneau aspaldian ez dabela gainbegiratu, edota egin dabenean “xuxen” zuzentzailea aplikau dabela, atentzino handirik imini barik: iharduera berezia dala ez daukat ezelako dudarik, jarduera dalako orain arauen artean arrunta dana. Edozelan be, ez dagiela pentsau inor ofendidu (ez ofendatu) guran nabilenik.
Zutabe horreetan jarrita dagozan berben ganean gauza gehiago esan leiteke, batez be egokitasunari jagokonez: argi ixten dan legez, “euskeraz erabilten dan berbarik egon ezkero, ez geunke mailegura edo kalkora jo behar”, baina ez da horren argi itxi non erabilten diran, edo nogaz. Izan be, mailegu batzuek euren esparrutxua topau dabe egungo euskal hiztunen komunidadean, hau da, edozein berbaren normalizazino prozesurako bete beharreko pausurik garrantzitsuena emon dabe. Orduan, lagunakaz auskalo ze gairen ganean banabil berbatan, zer esan beharko neuke, delimitau ala zedarritu? Deskuidau ezkero, ez dabe ez bata ez bestea aituko, baina gatxagoa da euskerazkoa.
Adibide politen bat edo beste emotearren, hiru kasu aitatuko dodaz (ezkerra berbearen kasu famatua jakintzat emongo dot):
wainala > wenala > wenara > enara (ainara)
Kim Mac Cone Irlandako irakasleak esplikau eustan legez, enara berbea gaelikotik datorrela pentsetako arrazoi asko da. Arrantzale euskaldunak kontaktuan egongo ziran Eireko arrantzaleakaz, eta konturatu barik, sarean berba barri bat sartu jakeen.
Atabala / (a)Talaia / Alkandora
Arabiera garbi-garbia dira hiru berba honeek, geure belarrietatik ezelako arazorik barik pasetan badira be.
Oreina > oriña > orignal
Frantsesez dakienentzat, jakin dagiela gure oreinaren eta Kanadako karibuaren arteko tamaina daukan animaliari “orignal” esaten jakola quebeceraz. Dudarik barik, geure arrantzaleek bidaia luzea egin eben.
Azken batean, gauza bat argi dago: hizkuntza batek, bizirauteko, beste hizkuntzen artean bizitzen jakin behar dau.
Xabier Paia
Munduan badagoz merkatuak eta merkatuak; batzuetan ganadua salerosten dau jenteak, beste batzuetan ortuko azak eta patatak, eta beste batzuetan hizkuntzak. Baina azken horreek sano merkatu txikiak dira, ugariak, baina txikiak; gehienetan saltzaile eta erosle bana baino ez da egoten. Erosten dan produktua be txikitxua izaten da; erosleak konturatu barik erosten dau askotan, eta beste batzutan bizitzeko ezinbestekoa jakolako erosten dau. Eta gero, etxera eroan eta bertoko danei erakusten deutse, eta beste danek be bana erosten dabe, eta euren etxeetara eroan, eta hangoei erakutsi...
Eta azkenean, berba barri bat sartzen da ohiko hizkuntzan. Egongo zan berbea erosi barik produziduteko aukerea, baina ekonomiako legea da ahalik eta biderik errezena erabiltea beti. Eta hizkuntza sano zuhurra da holakoetan. Magnate gitxi batzuek baino ez dabez hizkuntzearen lehengai-eratorleak erabilten produktu barrien analogoak fabriketako.