Zinea  III. urtea // 62. zenbakia

La puta y la ballena


Izenburu deigarri honen atzean, trama handizale eta transzendentea izan gura dauan film bat daukagu, sasoiak eta kontinenteak batzen dauzana, maitasuna, heriotzea eta norberaren askatasuna ardatz hartuta. Hogeita hamarreko hamarkadan Patagonian puta modura saldutako andra eder eta libertario baten eta bizienak mehatxatutako idazle erakargarri baten artean kasualidadetik harantzago doan paralelismoa atondu dabe.

Filmari tango ukutuko tragedia baten indarra emon gura izan deutsie, balearen agerpen metaforikoak orekatzen ez dauan loturea erabilita. Edozelan be, abiapuntua ona izanagaitik be, istorio biak buztartzeko egindako beharrak ez dauka ez sinisgarritasunik, ez indarrik.

Miguel Angel Solaren presentzia pelikuleak iraganera joteko egiten dauan bidaia sendotzen ahalegintzen da. Bien bitartean, Aitana Sanchez-Gijonek personaia oparo baizen aldakor eta nahasgarri baten arriskuak hartu behar dauz beregan. Erreferentzia bien pisua handia izan arren, loturen ahultasuna handiegia da. Ahaztutako kutxa batetik ataratako argazki eta gutunak gehiegitan erabilten izan diran baliabideak dira eta ez daukie puta eta balearen gurari eta helburuei eusteko behar adinako zuztarrik.

Filmaren makaltasun orokorrari aurpegi emonaz, Patagoniako irudi ikaragarriak agertuko jakuz. Munduaren azken txoko honek hain transzendental, sakon eta iraunkorra izan gura dauan pelikuleari eszenatoki ezin hobea emoten deutso. Ikuspegiak ikuspegi, ez dago kontakizunaren hariagaz bat egiteko erarik.

Joseb Terreros

- Zuzendaria: Luis Puenzo.
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.
- Iraupena: 120 minutu.
- Antzezleak: Aitana Sanchez-Gijon (Vera), Leonardo Sbaraglia (Emilio), Miguel Angel Sola (Suarez), Merce Llorens (Lola), Pep Munne (Jordi), Eduard Nuskiewicz (Ernesto), Belen Blanco (Matilde), Lydia Lamaison (Matilde zaharra), Nicolas Tognola (Pibe Pedro), Pompeyo Audivert (Lucho).
- Gidoia: Luis Puenzo, LucĂ­a Puenzo eta Angeles Gonzalez Sinde.