Zinea  III. urtea // 62. zenbakia

Umezurtzak erreskatetako lanetan


Beste batzuek, ostera, uste dabe herrialdeari zerbitzua emoteko ideiaren atzean zer edo zer gehiago dagoala. Alderdi demokratako kideek gogora ekarri dabe Arnold Schwarzenegger-ek ikasketei jarraitzearen aldeko antzeko kanpaina baten jardun ebala politikan sartu baino lehenago. Eta euren buruari itauntzen deutsie ia Bush familiagaz hain hartu-emon onak daukazan Willis errepublikarrak gauza bera egingo ete dauan hemetik gitxira.

Joseba Terreros

Zinean jadetsitako arrakastarik handienetariko baten, Seigarren Zentzuna filmean, Bruce Willis-ek aitaren zereginak beteteko jokera handia eukan psikologo baten papela antzeztu behar izan eban; antzezleak berak esandakoaren arabera, ez eban ahalegin handirik egin behar izan lan horretan murgiltzeko. Era berean, orain dala urte batzuk nazionalidade desbardinetako hainbat ume adoptetako asmoa azaldu eban, beragaz, Demi Moore orduko emazteagaz eta hiru alabakaz batera bizi izan eitezan. Askoz be lehenago, New Jersey-ko familia behargin baten kidea besterik ez zanean, amamaren lanaren gomutaz hazi eta hezi zan; izan be, amamak depresinoaren sasoian ume bat baino gehiago hartu eban kaletik, etxean hazteko.

Orain, 49 urte bete dauzala, berak hartuko dau lekukoa. Beste aktore batzuekaz batera, horreen artean Will Smith esaterako, Willis adopzinoak arintzeko kanpaina bat preparetan dabil. Helburua ondokoa da: sistema burokratiko korapilatsu bati amaierea emotea, AEBetako bikote batentzat ez daitela errezagoa izan Haitiko ume bat adoptetea auzokoa bertakoa baino.

Ez da kristalezko oihaneko heroea honetan sartzen dan lehenengo aldia. Igaz, telebistako hainbat iragarki egin ebazan Laura Bush AEBetako lehenengo damagaz batera, jenteari eskatuz herrialde osoan milioi erdi ume inguru guraso barriak topetako zain egozala pentsetako. Bush presidenteak adopzinoaren erregetzat be hartu dau jentaurreko ekitaldi baten baino gehiagotan. Ganera, orain dala pare bat aste Sunday Times egunkariari egindako adierazpen batzuetan ondoko hau adierazo eban: “orain dala urte batzuk topetan nabil neure herrialdeari zerbitzua emoteko modua. Momentu batzuetan Golkoko Gerrarako izena emotea be pentsau neban. Lagunek barre egin eta esan eustien zaharra nintzala holako kontuetan ibilteko, baina ordutik hona zerbitzua emoteko ideia hori buruan euki dot bueltaka”.