Umeak seme-alabatzat hartzeko desfileak
1999n, AEBetan, 46.000 ume baino gehiago adoptatuak izan ziran. Horreetariko % 70 baino gehiago 10 urte baino gitxiagokoak ziran. Adoptatuak izaten ez diran umeen kasuan, 18 urte betetean, gizartean sartu behar dira heldu independente legez, familia eta ezelako laguntza ekonomiko barik. Gobernuaren programak gorabehera, ume honeen inguruan egindako azterlanek errealidade gordina erakusten dabe. Txostenen arabera, % 55ek porrot egiten dabe goi ikasketetean, % 30ek adierazo eben ez daukiela etxerik edo astero aldatu behar izaten dabela bizitokia eta % 26k kartzelan amaitzen dabe. Nesken artean, % 40 inguru umedun lotzen dira gazte-gaztetan.
Begiluzea
Zapatu goizeko hamarrrak dira Tennssee-ko kanpoaldeko merkataritza zentro baten. Udabarriko moda desfileko ekitaldiari hemetik ordubetera ekingo jako eta 3 urtetik 16 urtera bitarteko berrogei ume inguruk kamerino modura atondutako gela bi beteten dabez. Mutikoak praka zabalak eta kirol jerseak jasten dabilz eta neskatilak, ostera, kolore distiratsuko prakak edo gonak eta tirantedun kamisetak. Jarraian, azken honeek ilaran parauko dira, aurpegia makiletako eta uleak orrazteko.
Gizarte Gaietarako Sailaren jagoletzearen pean
Gaurko desfilean, dana dala, ez da jantzirik erakutsiko. Salgai dagoan produktu bakarra umeak eurak dira. Neska-mutiko guztiak Gizarte Gaiterako Sailaren jagoletzearen pean dagoz eta desfileteari ekin deutsie Gap, Radio Shack edo Chicken Fil-A izeneko dendetarako bidean nor edo nor hunkitu eta guraso barri bihurtu daitezan.
Moda desfile hau adopzino zentro ofizial batek babesten dau eta adopzino jaialdien barruan dagoan ekitaldirik eztabaidagarrienetariko bat da. Iturri ofizialen arabera, egun honetako ekintzearen helbururik behinena da ahalik eta jenterik gehienak jakitea ume horreek guztiak adopzino baterako prest dagozana.
Era berean, guraso bihurtu gura daben personarik gehienek Adopzino Zentroak Interneten daukan web gunea bisitau eta zapatu honetako desfilera hurreratu dira Interneten ikusitako umeak zuzen-zuzenean zelakoak diran jakiteko.
Zentroak argibideak emoteko mahai bat preparau dau, ume bakotxaren ohar biografikoak eta argazkiak sartuta. Seme edo alabagaiak moda ibiltokitik igaro bitartean, senar-emazteek eretxiak alkarri ahopeka esan eta oharrak hartzen jardungo dabe. Horren ostean, guraso bihurtu leitekezan persona heldu honeek umeakaz nahastau eta apurtxu baten egingo dabe berba, nahiko modu behartu eta ezerosoan.
Adopzino jaialdiak
AEBetan ospatzen diran adpozino jaialdi honeek 20 urte inguru bete dabez, baina, 1997an prozesua arintzeko asmoz egindako adopzino lege barria indarrean sartu zanetik, asko be asko ugaldu dira. AEBetan, milioi erdi ume dagoz jagoletza erakundeen babespean, horreetariko gehienak justiziak aita-ama biologikoei kendu ostean. 1997ko legea onetsi aurretik, guraso biologikoei euren jokabidea artezteko aukerea emoten jaken. Gaur egun, ume batek 15 hilabete egiten badauz gizarte zerbitzuen ardurapean, modu automatikoan sartzen da adoptatua izateko umeen zerrendan.
Jaialdi horren kontrakoen argudioen artean ondoko hauxe daukagu: ekitaldi mueta honeek umeak umiliatzen dauz salgai bihurtuz eta, ganera, geroago desagertuko jakezan ilusinoak pizten deutseez, frustrazinoa handituz.
Adpozino zentro ofizialetako arduradunek, ostera, jarduera honeen baliogarritasunaren alde egiten dabe. Euren ustez, desfileak erakusleiho egokiak dira eta jenteak umeak ezagutzeko aukerea eukiten dau, deskripzino labur baten bitartez lortuko ez litzatekezan hartu-emonetarako bidea erreztuz.