Bidaide  I. urtea // 5. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 1a - Hamaboskaria

Aire-segurtasuna

Hegaz egitea polita da baina...


Gai honetaz informazino gehiago gura izan ezkero, hona hemen web interesgarri batzuk (danak ingelesez):

www.boeing.com
www.airbus.com
www.airsafetyonline.com
www.airsafe.com

Testua eta argazkiak:
Zigor Aldama.

Norberak hegaz egiteari sekulako bildurra edo errespetua badeutso, alperrekoa izango da hegazkina garraiobiderik seguruena dala esatea. Dana dala, baieztapen hori ukatzerik ez dago, eta hegazkin ezbeharren irudiak benetan gogorrak izaten badira be, aire-garraioa eraginkorrena, azkarrena, erosoena eta seguruena da. Erreportaje honetan, gaur egun aire-segurtasunaren gaia zelan dagoan eta aerolinea eta hegazkin mueta fidagarrienak zeintzuk diran aztertuko dogu.

Aerolineak

Segurtasuna beste guztiaren aurretik ipinten badogu eta ahal danik eta segurtasun handienagaz hegaz egin gura badogu, segurtasun eta fidagarritasun maila onargarriak dituan konpainia aukeratzea izango da onena. Edozelan be, abiazinoaren arloan hegazkin modeloa eta zerbitzuan daroan denporea ez eze, hegazkinen mantenimentua be gogoan hartzeko kontua da. Horregaitik, logikoa da herrialde aurreratuetako aerolinea (Europa eta Ipar Amerika) desbardinetan kontrolak zorrotzagoak eta zehatzagoak izango dirala pentsetea eta, beraz, segurtasunaren gaia be era egokian tratauko dabela. Hori guztia aintzat hartuta, Lufthansa, Swiss, Austrian Airlines edo British Airways lako konpainiek segurtasun maila egokia eskaintzen dabe, teorian bai behintzat. Iberia konpainiaren kasuan, segurtasun maila ona eskaini arren, gorago aitatutako konpainiek baino arazo gehiago izan ditu eta, dinogun lez, aurrekoakaz konparau ezkero, aldea nabarmena da.

Aerolinea seguruena eta duda barik zerbitzurik onena emoten dauena Singapore Airlines da, Singapurreko nazino-aerolinea.

Kasurik gehienetan, bidaiariek segurtasuna eta erosotasuna eskatzen dabez eta Europako eta Ameriketako konpainiek segurtasuna bermatu arren (teorian jakina), turista kategorian behintzat zerbitzua nahikoa eskasa dala esan behar dot.

Beste alde batetik, garapen bidean dagozan herrialdeetako hegazkin konpainietan, segurtasunaren gaiari ez deutsie jaramon larregirik egiten. Latinoamerikan, berbarako, Varig eta Lan Chile konpainiak kenduta, ganerakoek egoera ekonomiko eskasa bizi dabe eta, horren ondorioz, hegazkinak zahar-zaharrak dira eta mentenimentua bera be kili-kolokoa. South African Airways kenduta, Afrikako aerolineak dira segurtasun maila txarreneko konpainiak, eta ahal dala, Afrikako hegazkin konpainiarik ez erabiltea izango da onena.

Azken urteotan, arlo guztietan azaleratzen ikusi dogun kontinentean, hau da, Asian, gauzak onerako aldatu dira eta oraindino egoerea lar ona ez bada be, Thai International, Japan Airlines, Singapore Airlines edo China Eastern lako konpainiak nahikoa fidagarriak dira; izan be, guztiek beteten dabez nazinoarteko kontrolak eta nahikoa hegazkin barriak dabez. Dana dala, konpainia txikiagoak be badagoz eta ez dira bape seguruak; Lao Aviation, Royal Air Cambodge edo Chang´an Airlines aerolineak baztertzea da nire gomendioa, besteak beste, konpainia horreek bigarren eskuko hegazkinak erosten dituelako eta, jakina, kasu askotan erabilteko baino gehiago, hegazkin horreek burdin-hondakin lez erabilteko dagozalako.

Hegazkin muetak

Aire-segurtasunean eragin zuzena dauen beste faktore bat hegazkin klasea izango litzateke. Boeing etxeak egindako txosten baten arabera, modelorik seguruenak Boeing 777, Airbus 340 eta Airbus 330 dira; hegazkin horreek ez dabe sekula istripurik izan. Boeing 747 edo 737 modelo beteranoak eta asko erabilitakoak dira, baina hegazkin mueta honeen kasuan, segurtasun mailak ez dira hain onak. Kasu honetan, hegazkinaren bertsinoa da kontuan hartu beharrekoa, ze bertsinoaren ezaugarriakaz hegazkinak zenbat urte dituan jakin geinke. Esaterako, –100, –200 eta –300 bertsinoak zaharrak dira, eta leitekeana da hegazkin batzuk 20 urtetik gorakoak izatea; –400 bertsinoak, ostera, (747 modeloaren kasuan) eta aurrerantzean (737 modeloaren kasuan) azken belaunaldiko hegazkinak dira, segurtasunari jagokonez, osogairik barrienak dituenak hain zuzen be.

Kontuak kontu, Europako Airbus etxea, kasu askotan Boeing baino hobea da, segurtasunaren arloan berbarako. A-300 eta A-310 modelo beteranoenak kenduta, Airbus guztien segurtasuna oso ona da.

McDonnell Douglas, Fokker edo ERJ hegazkin egileak be ezin doguz ahaztu; lehenengoaren kasuan, MD eta DC modelokoak ez dagoz seguruenen artean baina bai, ostera, Fokker 50/70/100 eta ERJko modelo guztiak.

Zelan jakin zelan eta nogaz egin behar dogun hegaz

Aerolinearen ganeko datu guztiak txartelean egoten dira, baina garraiolariaren izen osoa barik letra bik osotutako kodea baino ez da agertzen: IB Iberia da, BA British Airways, AF Air France eta SQ Singapore Airlines. Trankil egon gura izan ezkero, erreserbea egin dauen agenteari aerolinearen izena eta hegaldia aerolinea horrek egingo dauen ala ez egiaztatzeko eskatuko deutsagu, ze kasu batzuetan, konpartidutako kodeen akordio bati esker, txartelean konpainia bat agertu arren, erabiliko dogun hegazkina beste konpainia batekoa izan daitekelako.

Txartelean ez dogu inondik inora topauko hegazkin modeloaren ganeko informazinorik; hori jakiteko zuzenean itaundu beharko deutsagu agenteari. Batzuetan, hegaldi asko dagozanean, hegazkin modeloa aukeratzeko modua egoten da eta, jakina, norberak gura dauen aerolinea eta hegazkin modeloa aukeratzea gauza ona da.

Zerbitzuaren kalidadea eta segurtasuna

Sarritan ez baina jazo daiteke hegazkinean bertan izandako zerbitzuaren kalidadea bat ez etortea aerolinearen segurtasun maileagaz. Horrelakoetan, segurtasun mailearen alde egitea da gomendagarriena. Asiako aerolinea asko ospe edo entzute handikoak dira hegazkinean bertan emoten daben zerbitzuari jagokonez, baina segurtasun maila eskasekoak izaten dira. Horixe da Taiwan eta Txinako konpainia gehienen kasua, eta Garuda Indonesia eta Air Philippines konpainiak be multzo berean sartu geinkez. Gogoratu, ingurualde horretan urtarriletik hona lau istripu larri izan dirala.