Sarean  III. urtea // 62. zenbakia

Teknologia barrietan oinarritutako hezkuntza-proiektua abiarazo dabe Microsoftek, Intelek, HPk eta Eusko Jaurlaritzeak


Koro Amas, ekimen honetan parte hartu dauan irakaslearen esanetan, deigarria da ikasleak ze arin egokitu diran sistema barrira. Roberto Suberbiola, ekimenaren arduradunaren ustez, orain arte jaramon gitxi egin jako Informatikeari hezkuntzan, eta, haren ustez, oso tresna baliogarria da.

Microsofteko arduradunek, barriz, arrakasta handiko esperientzia izan dala jakinarazo dabe, eta datozen hiru urteetan Estadu osoan holako 60 bat proiektu martxan ipinteko asmoa dabela.

Bizkaie!

2003-2004 ikasturtean, Asteasuko Pello Errota ikastetxeko 9 eta 12 urte bitarteko umeek ordenadore eroangarriak edo portatilak erabili dabez euren lanak egiteko. Bihar-etzi, eskolak eskuko ordenadoreen bidez emon eta hartzea lortu gura dabe proiektu horren bidez.

Asteasuko Pello Errota ikastetxe publikoan esperientzia pilotua martxan jarri dabe, teknologia barriak hezkuntzearen zerbitzuan jarteko. Informatikako hiru erraldoik Microsoftek, Hewlett Pakcardek eta Intelek Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz abiarazo dabe ekimena, eta esandako moduan, etorkizunean eskolak ordenadore horreek erabiliz emon eta hartzea lortu gura da. Horretarako, teknologia aurreratuena erabili dabe Pello Errota ikastetxeko lehen-heziketako laugarren mailako ikasleek, 2003-2004 ikasturte osoan. Ez dabe koadernorik, ezta arbelik be behar izan.

Ikasle bakotxak ordenadore eroangarria euki dau, eta bertan zuzenean idazteko aukerea euki dabe; jakina, danak, bai ikasleak bai irakasleak, sare lokal batera konektauta egon dira, eta aldi berean, Interneterako konekzinoa euki dabe.

HPk egindako Tablet PC ordenadoreak erabili dabez proiektu horretan parte hartu dabenek, Microsoften softwarea eta Intelen teknologia mobikorra aprobetxauta. Gauzak holan, ikasleen lan guztiak automatizau egin dabez eta azterketak eta testak be on line egin ahal izan dabez. Ganera, sistemeak ikasleen inguruko informazinoa eta klaseak jaso ditu, gero edozein momentutan eskura euki ahal izateko.