Yolanda Trabudua (Biziz Bizi): 'txirrindulariok be eskubide osoa dogu errepideetan ibilteko'
Biziz Bizi Alkartea 1994an jaio zan, besteak beste, gizartean bizikletea erabilteko ohiturea zabaltzeko eta kotxearen alternatiba legez bizikletea aldarrikatzeko.
'Alperkeria, askoren hondamendia' dakar esaera zaharrak eta kirola sufrimendutzat hartzen dabenak asko dirala kontuan hartuz, benetan gatxa izan da Biziz Bizi Alkartearen sensibilizazino ahalegina, hori bai, kirolerako ez eze, bizikletea garraiorako bide osasuntsua eta garbia dala aldarrikatu dau behin eta barriro.
Alkartearen jardunaren eta bizikletearen erabilerearen ganean gehiago jakin guran, Biziz Bizira jo dogu eta hona hemen Yolanda Trabuduak emon deskuzan azalpenak:
1. Aurten hamar urte bete ditu Biziz Bizi Alkarteak. Tarte horretan igarri dozue aldaketarik bizikletearen erabileran?
Hamar urte joan dira bai, konturatu barik. Bizikletearen erabilereari jagokonean, gaur egun lehen baino gehiago erabilten dala esango neuke baina halan da be, gitxi erabilten dala. Egia esan, azken 20 urteetako progresinoari begiratuta, kotxe edo ibilgailuen kantidadea asko gehitu da urietan. Bizikleta gehiago ikusten da urietan baina gero eta ibilgailu gehiago dagoanez, ez da horrenbeste igarten.
Kontua da ze jenteak seguridadea edo zeozelako babesa eskatzen dauala urietan bizikletea hartzeko; babes hori ezpiegiturek eskaintzen dabe, bidegorriek, aparkaleku bereziek eta enparauek eta, esangura horretan, azken urteotan zeozertxu hobetu dala esan daiteke. Dana dala, argi dago bidegorriak beharrezkoak izan arren, bide zati asko konpartidu egin behar doguzana ganerako ibilgailuakaz eta arazorik egon ez daiten ibilgailuetako gidariek onartu egin behar gaitue, geuk be eskubide osoa daukagulako errepideetan ibilteko. Uriak kotxeen erreinua dira eta zoritxarrez, gidari askok enbarazu edo traba legez ikusten gaitue errepidean.
2. Hasierako helburuak eta gaur egungoak zeozelan aldatu egin dira?
Bai, helburuak bardin antzekoak dira. Biziz Bizi Herri Txirrindularien Alkartea da eta helburu nagusia uri barruan bizikletearen erabilerea bultzatzea da, besteak beste, garraiobide hau trakzino fisiko nahiz mekanikoko garraiobide guztien buru dalako energia eraginkortasunari jagokonez. Esan beharrik be ez dago bizikletan oinez baino hiru edo lau aldiz arinago joan gaitekezala eta esfortzuaren herenagaz; horregaitik, bizikletea 7 km. baino gitxiagoko uri barruko ibilbideetarako aukerarik onena eta merkeena da.
Heburuen artean, sensibilizazino kanpainak, ikastaroak, erakusketak be antolatzen doguz eta zikloturismoa bultzatzeko, irteerak eta bestelakoak be egiten doguz urtean zehar.
Beste alde batetik, Gipuzkoako 'Kalapie' eta Gasteizeko 'Bizikleteroak' taldeakaz batera, Estadu mailako Conbici koordinadoran sartuta gagoz eta urtero antolatzen diran topaketatan be izaten gara. Igaz, geuri tokau jakun antolatzea eta Bizkaian zeharreko ostera ederra preparau genduan etapaka. Horrezaz gan, 'Oinpeko' argitalpena be ataraten dogu; urtean 3-4 ale izaten dira eta barriak, agenda, txirrindulari lagunek munduan zehar egindako bidaien ganeko esperientziak, Trafiko Lege barriaren gorabeherak eta jasoten doguz.
3. Gaur egun, zelako alkartea da Biziz Bizi eta zelako filosofia darabil?
Gobernuz kanpoko eta irabazi nahirik bako alkartea da gurea, Herri Txirrindularien Alkartea. Pentsamentu, ideologia eta edade guztietako lagunak onartzen dogu gurean. Gaur egun, 40 bat bazkide gara eta buru-belarri beharrean ibilten garanak 10-12 inguru. Diru gitxigaz baina borondate eta ahalegin handiagaz bizi dan alkartea da; hori bai, Bilboko Udalaren diru-laguntzinoa jasoten dogu eta inoiz Eusko Jaurlaritzearen zein Gipuzkoako Aldundiaren laguntzinoa be jaso dogu, berbarako 'Bizikletan ibilteko gidaliburu praktikoa' argitaratu genduanean. Bizkaiko Aldundiari be luzatu geuntson proposamena baina ez euskuen onartu.
Filosofiari jagokonez, bizikletea garraiobide legez aldarrikatzen dogu eta oreka baten barruan bizitzearen alde egiten dogu eta uriak personen uriak eta ez automobilen uriak izatearen alde.
4. Bizikleta Eguna eta bizikletan ibilteko gida praktikoa lako ekimenak bideratu dozuez. Jenteak zelan erantzuten dau?
Nahikoa ondo. Aurtengo Bizikleta Egunean 300 bat lagun alkartu ginan eta pozik gagoz, aroak be lagundu euskun eta, jakina, aro onagaz jentea errezago animetan da. Dana dala, bizikletea eguraldi onagaz lotzeko jokerea dago eta klitxe hori apurtu egin gurako geunke, bizikletea edozein momentutan eta aroa edozein izanda erabili daitekelako.
Bizikletan ibilteko gida praktikoak be erantzun ona euki dau baita erakundeen partetik be. Ikastetxeetan be zabaldu da, programazinoaren barruan, zehar lerroetan 'Bide-edukazinoa' atalean hain zuzen be. Zentro Zibiko guztietan be banatu dira eta geuk antolatzen doguzan ekitaldietan be emon izan doguz.
5. Europan gurean baino askosaz gehiago erabilten da bizikletea. Zergaitik?
Bai, hemen baino askosaz gehiago erabilten dabe baina ez leku guztietan; Europan txirrindularien paradisua dira, besteak beste, Holanda eta Irlanda baina kontuan hartu behar da herrialde horreetan, errepide-plangintza nagusiak bizikleteari lekua emonda diseinetan dirala; maila horretara heltzeko asko falta jaku.
Horrezaz gan, kultura eta tradizino kontua be izan daiteke baina argi dago txirrindulariak bere burua arriskuan ikusten badau, gitxieneko azpiegiturarik ez badauka, bizikletearen aukerea baztertu egingo dauala. Gure gizartean ohikoa da bizikletea eta arriskua eta bizikletea eta kirola lotzea eta, era horretara, garraiobidetzat zelan hartuko dabe? Agintariek zeresan handia dabe horretan, ze plangintza nagusietan bizikletearen alde egitea be jarrera kulturala izan daiteke, ezta?
6. Europan jente asko doa beharlekura bizikletaz baina izerditan buzti-buzti eginda beharrean hastea ez da bape gustagarria. Euskal Herriko aroak eta orografiak be ez dabe asko laguntzen.
Eguraldiarena topiko hutsa da ze bizikletearen paradisuetan, Irlandan eta Holandan Euskal Herrian baino okerragoa izaten da urte osoan eta, halan da be, bizikletan dabiz hara eta hona. Izerdearena be aitatu dozu eta uste dot izerdi larregi bota beharrik ez dagoala bizikletan ibilteko, ze kontua ez da profesionalen antzera ahal dan arinen joatea. Ganera, giro sargoritsua dagoanean, oinez zoazela be izerdia botako dozu eta sarritan, ordu puntuetan batez be, garraiobide batzuetan be nahikoa izerdi bota behar izaten da. Norberaren kotxean, aire giroturik ez badaukazu be izertzan jarriko zara. Atxakia baino ez dira eguraldiaren eta orografiaren kontuak.
7. Urietan bizikletea erabili ahal izateko nahitaezkoa da gitxieneko azpiegiturea (aparkalekuak, bidegorriak...). Udaletako agintariekaz izan dozue hartu-emonik?
Bai, lehen be esan deutsut, gitxieneko azpiegiturak behar-beharrezkoak dirana baina intermodalidadearen alde be egin behar da, izan be, bizikletea ganerako garraiobideen osogarri izan daiteke; bizikletea metroan, trenean edo autobusetan sartzen ixtea gauza handia da.
Bestalde, agintariakaz daukaguzan hartu-emonen harian, Bilboko Udalagaz ondo konpontzen gara eta diru-laguntzinoa be jasoten dogu. Ganerakoan, ekimen zehatzetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa be jaso dogu inoiz.
8. Harritzekoa izan arren, badagoz bizikletan ibilten ez dakitenak, gehienak edadekoak. Bizikletearen erabilerea gehienbat gazteen artean suspertzea da asmoa?
Gazteen artean bakarrik ez. Gure asmoa bizikletearen erabilerea suspertzea da baina oro har. Nagusiek be zergaitik ez dira bizikletan ibiliko, ganera ezin hobeto jatorke osasunerako. Erabilerea suspertzeagaz batera, bizikleteagaz behar dan moduan ibilten edo zirkuletan ikasteari be aparteko garrantzia emoten deutsagu ze bizikletan ibilten ez dakitenak ikastaroetan bizikletearen manejua arin hartu arren, gatxagoa izaten da errepidean errespetuz jokatzea eta bide nagusietan kotxe, kamioi eta autobusen artean ibiltea.
9. Ohitura eta edukazino falteagaitik, akaso, motordun ibilgailuek 'jan, zapaldu' egiten dabez bizikletak. Egoera horreri aurre egiteko Critical Mass edo Masa Kritikoa sortu zan Californian 1992an.
Batasunak indarra dakar, jakina eta horixe pentsau eben Masa Kritikoaren sortzaileek, izan be, trafikoaren egoerea ikusita, txirrindulari talde batek egindako protesta ekitaldia ohitura bihurtu zan gero, trafikoan eragin handia euki ebalako. Jakina, errepideetan gidariek desbardin ikusten dabez txirrindulari bakarra edo txirrindulari taldea. Talde osoa 'jatea edo zapaltzea' gatxagoa da. Hori bai, taldea alkartzea da asmoa jenteari erakusteko hor gagozala eta eskubidea daukagula bideetan ibilteko baina errespetuz jokatzea da oinarria eta inori kalterik ez egitea ze guk ez daukagu ezer kotxeen kontra.
10. Euskal txirrindulari profesionalak 70etik gora dira aurten, zaletasun handia dago eta aurten be makinatxu bat hurreratuko dira Frantziako Tourreko pirineotako etapatara. Eguneroko joan-etorrietarako, barriz, gurago dogu kotxea edo garraio publikoa.
Kontraesana emoten dau baina jenteak antza kirol modura hartzen dau bizikletearena eta ez garraiobide moduan. Antxinako haizkolariak ez ziran kirolariak, egurra txikitzea eguneroko zereginetako bat zalako baina gaur egun kirol modalidadetzat hartzen dogu. Bizikletearen kasuan, modernidadeak jan egin dau bizikletea garraiobidetzat hartzeko jarrerea. Modernidadeak abantailak eta desabantailak dakarz eta horreri eusten deutsagu baina batzuetan ikusten dogu abantaila, desbantaila bihurtu dala; beraz, atzera egiten be jakin behar da eta orekea bilatzen, gu horren bila gabiz.
11. Zuk zeuk erabilten dozu bizikletea beharrera joateko?
Bilbon bizi arren, Gernikan behar egiten dot eta joan-etorrian 65 kilometro inguru dira; bizikletan egingo baneuz, akaso profesionala izango nintzateke. Ez, kotxez edo trenez joaten naz beharrera baina erosketak egiteko eta Bilbo barruko gestinoetarako bizikletea erabilten dot.
12. Datozen egunetarako ekitaldirik preparau dozue?
Bai. Bagilaren 20an, 'Txiki Tour' preparau dogu, 5 kilometroko uri barruko ibilalditxua txikientzat zein nagusientzat. Urtekerea eguerdiko 12:00etan izango da Bilboko Udaletxearen aurrean. Egun berean, Arriaga Plazan 'Bicitrueke' egingo dogu, bizikleteagaz lotutako gauzen azokea.
http://www.bizizbizi.org
http://www.masacritica.info
Koldo Isusi Zuazo