Musikea  III. urtea // 62. zenbakia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denporaldi barria


Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Tomas Garbizuri eskainitako euskal konpositoreen bildumako zortzigarren alea grabau dau

Abonu denboraldia, birak, kontzertu didaktikoak eta Miramoneko Eguerdiak amaitu ostean ekin deutsie grabazinoari Donostiako Orfeoia, Olatz Saitua, Esteban Elizondo eta Xavier de Maistre orkestreagaz batera.

Tomas Garbizuren katalogo zabaletik bost obra aukeratu dira, obra sinfonikoak protagonismoa hartzen dauan grabazino diskografiko barri honetarako. Obra guztiak lehen aldiz grabau dira eta horreetako bat erabateko estreinaldia da.

Tomas Aragüesen berrikusketea eta zuzenketea beharrezkoa izan dan grabazino honetan, Donostiako Orfeoia, Olatz Saitua sopranoa, Esteban Elizondo organistea eta Vienako Filarmonikako Xavier de Maistre harpa bakarlariak be parte hartu dabe. Orkestrako musika zuzendari Cristian Mandeal izan da, Claves disketxe suitzarraren eskutik udagoienean argitaratuko dan grabazino barri honetan.

Jesus Guridigaz hasi zan bildumearen zortzigarren alea da honakoa, eta oraingoz, Jose Mª Usandizaga, Jesus Aranbarri, Andres Isasi, Francisco Escudero, Pablo Sorozabal eta Aita Donostiaren obrak bildu dira.

Grabazioa amaitu ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken kontzertu bat eskainiko dau Gasteizko Principal Antzokian bagilaren 21ean, Arabako Bazkundearen 100. urteurrena dala eta. Ondoren, oporrak hasiko ditu 2004/2005 denporaldia hasi bitartean.

Bizkaie!

Urriaren 4an, Donostian hasiko dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2004-2005 denporaldia. Ordurako makinatxu bat proba egin beharko dabez bertako kideak jentaurrean aurkeztu beharreko piezakaz. Piezon artean berezitasun bat topau dogu aurten, izan be, entzuleen artean danetariko gustuak dagozala kontuan hartuta, lehen emonaldian gaur egun sortutako obrak nagusituko dira.

Gabriel Erkorekak Oceano obrea sortu dau EOSrentzat, eta beronegaz emongo deutse hasikerea denporaldiari; gero Hegoaldeko uriburuetan entzun ahal izango dogu Euskadiko Orklestra Sinfonikoa. Tartean, beste konpositore garaikide batzuen obrak be interpretauko dauz orkestreak, baina beti be konpositore klasikoak ahaztu barik. Danetara berrogeita lau obra joko dabez, euretariko 18 barriak.

Gure mugetatik kanpo be ibiliko da joten Euskadiko Orkestra Sinfonikoa datorren urtearen hasikeran batez be, Alemanian eta Britainia Handian berbarako. Ganera, zuzeneko kontzertuez gan, zortzigarren eta bederatzigarren diskoagaz be badabilz beharrean. Azken honetan, Donostiako Orfeoiak interpretauko ditu ahotsak. Bestalde, bakarlari lanetan, besteak beste, Marta Zabaleta piano-jolea ibiliko da Orkestreagaz batera. Zabaletak ganbera musikan talde ospetsuakaz jo dau orain arte, berbarako, Cuarteto Enescogaz eta Alternance-gaz.

Aldaketak aldaketa, orain arteko zuzendariak erabiliko ditu EOSak, izan be, Gilbert Varga eta Cristian Mandeale ibiliko dira gidaritza beharretan. Helburuen artean, urtez urte hobetzen joatea dago, eta horretarako, ehun emonaldi baino gehiagogaz gozetako aukerea eukiko dabe zaletuek. Datorren urteko bagilaren 3ra arte astia badago, behintzat!