Musikea  III. urtea // 62. zenbakia

Hutsa, metal industrialaren ordezkari euskalduna

Kudai taldearen lehen diskoa: Hutsa


Hasi-barriak diran talde danen antzera, lehenengo maketea grabau eben, disketxeei euren lana aurkezteko. Lehenengo pausuak oso gatxak dirala esan beharrik be ez dago eta gogor behar egin behar da disko bat merkatuan atarateko. Hori ondo dakie Kudai taldekoek, eta disketxeren baten eskaintzea euki arte metal musikea eta elementu elektronikoen buztarketan bete-betean egon dira sartuta. Azkenean, lortu dabe gura izan dabena, Oihuka zigiluaren eskutik.

Metalaren eta musika industrialaren arteko buztarketea da Kudairen oinarria, beti be melodia ahaztu barik, eta horretan garrantzia berezia dauka abeslariaren ahotsak. Kantu bakotxa gai baten ingurukoa da, eta batez be komunikabideek eragiten deutsen huts sentimendua islatu gura izan dabe euren lehenengo lanean, diskoaren izenburuan bertan igarri geinken legez.

Euren musika estiloa berba politakaz bat ez datorrela azpimarratu gura izan dau Kudaik. Taldearen nondik-norakoez gehiago jakiteko, euren zuzeneko kontzertu batera joatea besterik ez da geratzen, daborduko hasi dira eta, herri batetik bestera, metal musikearen eta ordenadorez sortutako erritmoen buztarketea zabaltzen.

Bizkaie!

Munduko musika talde askok hartzen dabe oinarritzat ‘metal industriala’ izenez ezagutzen dan musika klasea. Euskal Herrian, baina, oraindino talde gitxi dago gitarreari, baxuari eta bateriari ordenadorez programautako erritmoak batzen deutsiezanak. Estilo horretan hutsunea dagoala esan geinke, baina beti dago mundu barriak edegi gura dauazan talde euskaldunen bat, eta horreen artean Kudai topau dogu, Oihukaren eskutik Hutsa bere lehen diskoa aurkeztu dauan talde donostiarra.

Orain bi urte batu ziran Ekaitz baxu-jolea, Borja gitarristea, David abeslaria eta Tito bateria-jolea Donostialdean. Kantak preparetan denbora luzez beharrean ibili ostean, handik gitxira zuzenean joten hasi ziran, eta emon ebezan 15 kontzertuei esker, taldea ezaguna egin zan paraje hareetan, baita Gipuzkoako mugetatik kanpo be.

Bidean momentu txarrak bizi izan dabezala autortzen dabe taldeko kideak, izan be, ordenadorez sortutako erritmoak erabilteak eta horreek egokitzeak lan handia dakarrela dinoe. Hori dala eta, hasikeran arazoak euki ebezan ordenadoreakaz egindako erritmo barritzaileak zuzenean joteko. Arazoak arazo, baina, aurrerantz segiduteko indar nahikoa eukien Kudai taldekoek, eta ahaleginaren ondorio legez hartu geinke Hutsa, euren lehenengo diskoa.