Bidaide  III. urtea // 62. zenbakia

Egipto (I)


Leku pobreetan eta baztertuetan egoerea oso bestelakoa da, izan be, ez dago ez seguridaderik, ezta bigilantziarik be. Cairoko auzo batzutan, kaosa eta desordena dira nagusi. Kaleak autoz beteta dagoz eta ez dogu semaforo bat bera be topauko. Halan da be, trafikoa nahiko arin dabil eta hasikera baten bertan ibiltea gatx egin arren, gero abentura bihurtzen da. Bertotik ez hain urrun, poliziak eta enpresa pribatuek jagondako bost izarretako hotelak dagoz, taldean datozen turistei itxaroten. Honeek dutxa beroa hartzeko gogoagaz datoz, baita ardao onagaz lagundutako afari ederra jan guran be, bertako biztanleek ardao ona zer dan be ez dakien bitartean.

Egipton, biztanle gehienak musulman moderatuak dira, eta Ameriketako Estadu Batuen aliatua dan herrialdeak bertako aberastasunik garrantzitsuenari eutsi gura deutso, turismoari hain zuzen be.

Globalizazinoak eta hegazkin konpainien arteko konpetentziak Egipto gune turistiko interesgarri bihurtu dabe. Bertara joateko, bi bidaia mueta dagoz: batetik, ‘tour’ legez ezagutzen dan antolatutako bidaia. Bestetik, barriz, bidaia librea. Prezio bajuek lehenengo bidaia muetearen arrakastea ekarri dabe, izan be, bost izarretako hotelean, astebete, 400 euro pagauta pasau daiteke eta jente asko animau da historiako zibilizazinorik interesgarriena bisitetan joateko.

Txikitan, nork ez dau egin ames ibilbide sekretuakaz eta tranpaz betetako laberintoetatik pasau ostean euren bitxiakaz lurperatutako faraoien sarkofagoak topeteagaz? Nork ez dau egin osteratxua, amesetan baino ez bada be, pelikuletan hainbatetan ikusi dogun mundu miresgarri honetara? Gaur egun, pelikula honetan ia edozeinek parte hartu leike. Baina kontu honek guztiak badauka bere alde negatiboa, izan be, lehenago esan dodan legez, hainbeste jentek amesa egi bihurtu gura izateak egoerea amesgaizto egitea dakar. Antolatutako bidaiak maratoi antza hartzen dabe, eta deskantsua ia ezinezkoa da. Nilo errekatik lujozko itsasontzietan nabegetea estresantea izan leiteke. Bidaiden beti kritikau doguz goitik behera antolatutako bidaiakaz, baina kasu honetan, bidaia independientea preparetea be gatxa da, ia ezinezkoa, antolatutakoak herrialdeko leku turistiko gehienak eskaintzen deutsuz, eta merkeago ganera. Holan ba, datorren alean Jesus A. Etxebarriari bidaia antolatuen ganean egindako alkarrizketea eskaeiniko deutsuegu, euren alde onak eta txarrak aztertuz. Ganera, Egiptoko monumentu historiko garrantzitsuenak zeintzuk diran be jakingo dogu.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Jesús Aldama / Ana Aldama / Teresa Virto

Herrialde gitxik eskaintzen dabe hainbeste irudi eta giro desbardin: desertua, piramideak, merkatuak, kameluak, gure zibilizazinoaren sorburua...; Egipto da, duda barik, inguru hareetako herrialderik erakargarriena, gehienbat turismoari jagokonez. Cairoko jentez betetako kaleak zein harezko mendiak ikusgarriak dira. Mundu osoan ezaguna dan Gizeh esfingea eta Abu Simbel-en eskultura itzela be ezin ahaztu, uriburuko historiaren museoagaz batera. Dana da berezia Egipton.

Gauza eder eta ikusgarri horreek danak, baina, lekua trankil ikusteko eta bertako jenteagaz egoteko doazen bidaiarientzat zoramena eta infernu bihurtzen dira. Edonora begiratu ezkero, turistaz betetako autobusak baino ez dagozala jaubetuko gara, munduko bazter guztietatik etorritakoak, goizean goizetik ganera. Honek bere parte onak eta txarrak daukaz. Alde batetik, bertako jentearentzat turismoa bizitzeko modu garrantzitsua da, hango lur eremurik gehienak antzuak dira-eta. Nilo errekearen inguruan dagozan lurrak baino ez dira probetxugarriak nekazaritzarako, eta ganerako % 80 antzua da. Beste alde batetik, turismoak egiptoarren identidade kulturala galtzea ekarri dau. Biztanleak turistei dirua eskatuz bizirauten ohitzen hasita dagoz, eta sasoi baten aurrerapen asko ekarri ebazan kulturatik harriak baino ez dira geratzen.

Umeak be egoten dira diru eske, argazki baten truke euro bat gura dabe, eta askotan, poliziak eurak be gauza bera egiten dabe. Artisautzeari kalidade txarreko souvenirren produkzino industrialak hartu deutso lekua, eta daborduko ez da geratzen ezer sasoi baten pelikuletan hainbat alditan ikusi doguzan irudi exotikoetatik.

Halan da be, oraindino badagoz arrazoiak Egiptora bisitan joateko. Arrazoiotako bat herrialde afrikarrean seguridade osoagaz ibilteko daukagun aukerea da, indarkeria giroari edo gobernuaren ekintzei bildurrik euki barik. Orain urte batzuk, integrista islamiar talde batek egindako atentadu terroristan, eliza ezagun batean egozan turista batzuk hil arren, gaur egun egoereak onera egin dau seguridadeari jagokonez. Turismoaren garrantziaz jaubetuta, Gobernuak leku garrantzitsuenetan neurri bereziak hartzea erabagi dau. Holan ba, askotan ikusi geinkez autobus turistikoak soldaduek babestuta. Seguridade indar bereziak jente gehien dabilen lekuetan eta puntu jakinetan egoten dira.