Zein ete gehiago?
Bandoen arteko burrukak
Arrazoia ahaide nagusiek herriekaz eukiezan hartu-emonetan topau behar dogu. Herriek gero eta indar gehiago euken. Ahaide Nagusiek, ganera, euren ondare ekonomikoa lurretan sartuta eukien eta herrietatik ataraten ziran onurak gura ebezan. Baina horretarako ez eukien indar ekonomiko nahikorik. Indar ekonomikoa ugaldu guran, familien arteko batuketa eta hitzarmenak hasi ziran. Batez be alkarteak ezkontzeen bitartekoak izaten ziran, baina hau nahikoa ez bazan, beste sendi batzuen ondarea lortzeko, abereak, diruak eta abar, gerran hastea be ondo ikusi eben.
Kontuak kontu, herriek bizi eben garapenaren ondorioz, herrietako merkatarien indarra gero eta handiagoa zan. Indar hau XIV eta XV. mendeetan ugaldu eta sendotu zan, ganera. Orduan jauntxoen menpetik libre geratzeko monopolioak sortu ebezan, errezago eta merkeago lortzeko soloetatik etozen gauzak. Honek lurretik errentak ataraten ebezan jauntxoei min handia egin eutsien. Ganera, gero eta diru gehiago behar eta merkatariak eurak izango ziran jauntxoei dirua aurreratuko eutsienak, jauntxoak euren menpe jarriz.
Herrietako merkatariek egoereari eutsi eta bueltea emon eutsien, eta Gaztelako erregearen laguntzinoagaz Anaiartekoak edo Hermandadeak sortu eta indartu ebezan. 1399an Gonzalo Moro, erregearen ordezkariak, gaizkileak hartu ebazan torretxeak apurtzeko agindua emoten eutsien bere gizonei. Orduan burrukak ugaldu eta gogortu egin ziran. Baina alperrik.
1456an, euren amaierea hur egoala ikusita, bando bietako Ahaide Nagusiak batu eta Gipuzkoako zortzi herriren kontrako agiria sinatu eben. Baina daborduko beranduegi zan. Gaztelako Enrike IV. Erregeak zutunik geratzen ziran torretxeak apurtzeko agindua emon eta Ahaide Nagusiak Granada aldera erbesteratu ebezan.
1463. urtean Errege berberak Ahaideak herrietako aginte karguetatik kanpo itxi ebazan eta euren artean batzartzea be gero eta gatxago zan ordurarte jaun eta jaube ziran Ahaide Nagusientzat.
Jauntxokeriak, betidanik nahiko ahulak ziran Bizkaia eta Gipuzkoan bere azken momentua bizi izan ebazan. Merkatarien eta herrien aukerea etorren eta honeekaz batera Gaztelako erregearen indarraren sendotzea.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Bai, zein ete gehiago, horixe izan zan euskaldunak euren arteko aurrez aurrekoetako baten hasikerea. Galdera edo esaldi honeri erantzuna emoteko odol ugari isuri zan Euskal Herriko mendi eta landetan. Eta horregaz batera herria bera be pobretu egin zan.
Ahaide Nagusien gerrearen ganean idatziko dogu oraingo honetan eta Ahaide edo Bandoen arteko gatazkak izango doguz bebagai. Horretarako, XII. mendean kokatu behar dogu geure burua. Sasoi hareetan, egoera larria bizi eban gure herriak. Gauzak aldatzen hasita egozan, eta ordura arte diru iturria lurren etekinetan baegoan, ordutik aurrera merkataritzearen garapena zala eta, hauxe hasi zan bihurtzen diru iturri garrantzitsuena. Ordura arte lurrean oinarrituta egozan aberastasunak, baina gero eta bultzada handiagoa hartzen egozan uri eta herriak, batez be, erregeek bultzatuta. Beraz, herrien eta baserri inguruen arteko burrukak ugaldu egin ziran.
Bandoen arteko gudak XII eta XV. mendeen bitartean izan baziran be, XI. mendeko amaierarako bandoak nahiko egituratuta egozan. Baina zertzuk ziran bandoak? Azken batean, bandoak familiek osoturiko alkarte edo taldeak ziran, gehienetan senideen arteko loturakaz osoturiko taldeak. Holan ba, Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako jauntxo eta sendi gehienak, euren artean alkarte hitzarmenak eginda, talde bitan banandu ziran: Gebaratarrak alde batetik, gero ganboatarrak deiturikoak, eta Mendozatarrak beste alde batetik, gero oinaztarrak izango ziranak. Bando biak Arabako familietan euken sorrerea. Mendeak aurrera joan ahala horreek izango ziran taldeetako buruzagiak: Ganboatarren artean: Gebara eta Ganboatarrak Araban, Elgoibarko Olasotarrak, Beldatarrak Azkoitin, Oiartzungo Ugarte sendia eta Bizkaiko AbendaƱotarrak, nahiz eta azken honeek jatorriz arabarrak izan. Oinaztarren artean, Arabako Mendozakoak, Bizkaiko Butroi eta Muxikatarrak; Gipuzkoan Lazkaotarrak eta eurekaz bat egindako Amezketa, Oinaz, Ozaeta eta Loiolatarrak.
Esan dogun moduan, gudak asko luzatu baziran be, momenturik txarrena 1380tik 1460ra bitartean bizi izan zan. Burruken ondorioa beti zan bardina edo ia antzekoa: arerioaren torretxea apurtu, soloak erre, abereak hil edo ostu, eta batzutan ola eta burdinolak birrindu.
Zergaitiaren ganean zeozer jakin guran, Lope Gartzia de Salazar bandoetako historialaria eta bandoetako partaideak esaten dauanaren harian, burruken zergaitia nor ete zan gehiago jakiteko arduran egoan. Hau, beharbada holan izan leikela onartuta be, argi dago beste arrazoi batzuk be egongo zirala.